Hautatuak izateko ahalegina

Hautatuak izateko ahalegina

Ibai Maruri Bilbao

Gauerdian bukatuko da udal eta foru hauteskundeetako kanpaina. Etzi hautatuko dira Bizkaiko 112 udalbatzak osatuko dituzten 1.244 udal hautetsiak, Batzar Nagusietako 51 batzarkideak eta Urduñako Larruzabalgo Batzako zazpi kideak. Guztira, 900.393 bizkaitar daude deituta botoa ematera. Egunotan, datozen lau urteetarako proposamenak azaltzen ibili dira hautagaiak.

EAJ, oro har, ahalegindu da azpimarratzen “etorkizunerako proiektuak dituen bakarra” dela. Besteak beste, Elixabete Etxanobe ahaldungai nagusiak berbatu du Bizkaibus eta zaintza sistema indartuko dituela; gainera, iragarri du uda ondoren hasiko direla pausoak ematen Guggenheim museoa Busturialdera hedatzeko.

EH Bilduko ahaldungai nagusi Iker Casovak konpromisoa hartu du pentsioak 1.080 euroraino osatzeko. Arlo ekonomikoan, proposatu du Bizkaia-Ibaizabal izeneko parke teknologikoan biltzea Burtzeña, Zorrotza muturra eta Zorrotzaurre.

Teresa Laespada ahaldungai nagusi sozialista ahalegindu da EAJtik aldentzen, eta diputaziotik sozialistek egindakoak goraipatzen. Esaterako, jeltzaleei leporatu die Espainiako Etxebizitza Legea kritikatu izana, eskumenak zapaltzen dituelakoan, baina, ostera, garraio publikoan egin diren merkatzeak Espainiako Gobernuak ere ordain ditzala eskatzea. Etxebizitza politika zerga politika bidez egin behar dela azpimarratu du.

Elkarrekin Podemos koalizioak zerbitzu publikoen defentsa lehenetsi du kanpainan. Eneritz Madariaga ahaldungai nagusiak konpromisoa hartu du zaintza politika publikoen erdigunean jartzeko. Zerga politika berritu behar dela ohartarazi du.

PPk esan du EAJk eta PSE-EEk hitzeman baina bete ez dituztenak bultzatuko dituela: Bilboko metroaren 4. linea, Errekaldeko zubibidea eraitsi… Gizarte zerbitzuetan indar egin nahi duela esan du Raquel Gonzalez ahaldungai nagusiak.

HAUTESKUNDEAK

Udal hautetsi gehiago

Batzar Nagusien osaketa betikoa da: hamabost batzarkide hautatuko dituzte bilbotarrek, hamahiruna Enkarterriko eta Busturia-Uribeko barrutietakoek, eta hamar Durango-Arratia barrutikoek. Udal hautetsiak, ostera, duela lau urte baino zortzi gehiago dira. Izan ere, biztanleriaren arabera, hainbeste hautetsi dagozkio udal bakoitzari, eta aldaketak egon dira azken lau urteetan. Arakaldoko, Gizaburuagako eta Ubideko udalek bosna dituzte, ez direlako 250 biztanleko mugara ailegatzen. Bilbo dago beste muturrean, 29 hautetsirekin. Bost udalerritan hautetsi bi gehiago hautatuko dituzte: Ereñon —zazpi izango dituzte—, Arrankudiagan —bederatzi—, Jataben —bederatzi—, Markina-Xemeinen —hamahiru— eta Urdulizen —hamahiru—. Izurtzak, ostera, udal hautetsi bi galduko ditu, eta bost izango ditu aurrerantzean.

Larruzabalgo Batzak eta Urduñako hiriak osatzen dute Urduñako udalerria. Bizkaian geratzen diren kontzeju bakarrak dira Larruzabalgoak: Lendoñobeiti, Lengoñogoiti, Belandia eta Mendeika herriek osatzen dute. 2021ean onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek arautzen dituen foru araua. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak apirilean deitu zuen Larruzabalgo Batzako hauteskundeetara estreinakoz, eta etzi egingo dira. Bederatzi kidek osatzen dute Larruzabalgo Batza: presidenteak eta lau herrietako bakoitzak dituen bi ordezkariak.

Bizkaian, Bermeok eta Karrantzak ere eusten diete auzo alkateei. Bermeon, aurten berrituko dituzte, baina ez orain. Agirre, Almika, Arane, Artika, Arronategi, Demiku, Mañu, San Andres eta San Migel auzoetan dituzte. Harresien barruko hiribilduaren eta inguruetako baserri auzoen arteko lotura lana egiten zuten; baita gaur egun ere. Hautatzaile izateko, auzoko baserrietan erroldatuta egon behar da, eta hautatua izateko ere bai: erroldatuek erroldatuen artean hautatu dezakete alkatea. Boluntariorik ez badago, euren artean adosten dute.

Elkarrekin Podemos

Hauteskunderik gabe

Karrantzan, auzo batzuek ere badituzte oraindik auzo alkateak. Karrantza Zabala plataforma ahalegindu zen indarra ematen 2013an alkatetzara iritsi zirenean; udal gobernuaren buru dira ordutik. Baina gero eta pisu txikiagoa dute. Bermeon baino modu informalagoan egiten da hautaketa. Ez dute egiten hauteskunderik, eta ez dago agintaldirik ere. Batzuek urteak egiten dituzte karguan; beste batzuek kargua hartu eta urtebetera uzten dute.

Datuak

Errolda. 900.393 herritar.
Udalerriak. 112.
Udal hautetsiak. 1.244.
Batzarkideak. 51.