Demokrazia parte-hartzailea

Igande honetan bozkatzera deituta gaude, demokraziaren jaia ospatuko da eta. Baina, askoren ustez, lau urtean behin bozkatzea ez da nahikoa. Etengabeko ebaluazio-sistema izan beharko luke, eta hauteskunde programek nahitaez bete beharreko kontratuak izan beharko lukete. Are gehiago, demokrazia parte hartzailearen aldeko apustua egin behar dugu, herritarren esku dauden gai publikoetan eragiteko eta erabakitzeko espazioak eta mekanismoak handituz, ordezkarien berezko jardueratik harago. Azken finean, herritarrak dira, hurbiltasunagatik, auzoetan dauden beharrak eta gabeziak antzemaneko aukerarik onena. Zoritxarrez, haien ekarpenak oso gutxitan jasotzen dira “partaidetza-prozesu” deituriko baten bitartez egindako azken proiektuetan. Horrek jendea erretzen du, eta, ondorioz, gero eta gehiago kostatzen zaio horrelako ekimenetan parte hartzea.

Hauteskundeekin gauza antzekoa gertatzen ari da. Alderdiek eta erakundeek bozkatzera joatera animatzen gaituzte hautetsontzietako emaitzak bakarrik herritarren parte hartzeak legitimatzen baititu. Baina herritarrok gero eta nekatuago gaude bozkatu ostean boterera heltzean hauteskunde promesak ez betetzeaz. Honi gaur egungo kanpainen formatu estatubatuarra (zirku askorekin eta eduki gutxirekin). Hauteskunde kultura eskasa gehituz gero, abstentzio handia ziurtatuta dago.

Azken urteetan, herritarren eragin politikoa mugatzen joan da parte hartzeko dituzten tresnak murriztu direlako. Adibidez, osoko bilkuretan, herri-txandan parte hartzeko oztopo burokratikoak gero eta handiagoak dira eta barruti-kontseiluetan arauzko oztopoak ugaritu dira. Egoera honi buelta emateko, Bilboko Parte Hartzearen Araudia pluraltasuna eta berdintasuna bermatuko duen erabakitze prozesu baten bidez eguneratu beharko litzateke, orain indarrean dagoena 1989koa da eta. Distritu kontseiluetan eta eragile sozial eta auzo elkarteek parte hartzen duten lantaldeetan, araudiak eragile hauen beharretara egokitu beharko dira, errespetuan oinarritutako espazioak bermatuz, zeinetan ordezkaritza plurala den eta hartutako erabakiak lotesleak izango diren. Elkarbizitza hobetzeko sortutako Hiri Segurtasun Tailerrak beraien helburua betetzeko, polizia hurbilarekin batera, eragile sozial eta auzo mugimenduaren elkarlana bermatuko den espazio moduan berrantolatu beharko dira. Osasungintzari dagokionez, auzoetan dauden beharrak detektatzeko eta osasun zentroetan zerbitzuen funtzionamenduaren inguruko diagnosia egiteko, instituzioetako ordezkariak, Osakidetzako lehen arretako langileen ordezkariak, auzo elkarteak, eragile sozialak eta erabiltzaileen ordezkariek osatutako lantalde bat osatu beharko litzateke.

Baina proiektu hauek aurrera eramaten direla ziurtatzeko herritarrak kalean egon beharko dira. Herritarrek herriko bizitza politikoan eragiteko duten beste metodo bat mobilizazioak dira. Gaur egun inoiz baino garrantzitsuagoa da presio soziala egitea kaleetan eta komunikabideetan, herritarren ahotsa entzun eta kontuan har dadin, hiriko proiektuetan ekarpenak egin nahi ditugulako. Beraz, lan asko dago egiteko jendearen parte hartzea bermatzeko hauteskundeak pasatu ostean.