Zuhaitzen bilduma zabal bat

Zuhaitzen bilduma zabal bat

Olatz Silva Rodrigo

Latinez hitz bat etum-ekin amaitzen bada, hitz horri buruzko bilduma bati egiten dio erreferentzia; hori da arboretuma: zuhaitzen bilduma”. EHUko Bizkaiko Campusaren eremuan, Leioa eta Erandio artean Arboretum bat dago, eta Javier Loidi da horren zuzendari zientifikoa. Hain zuzen, Medikuntza, eta Zientzia eta Teknologia fakultateen atzeko partean dago, eta Lertutxe urtegia da haren muga. Izan ere, Arboretumak unibertsitatea Leioa eta Erandio udalerriekin lotzen du. Nahiz eta unibertsitatearen alboan egon, ikasleentzat ez ezik, “herritar guztientzat” ere zabalik dago parkea.

2008ko azaroaren 4an inauguratu zuten Arboteruma, eta ordutik hainbat zuhaitz mota landatu dituzte: “Urtero landatzen ditugu zuhaitzak”. Loidik ez daki zehatz-mehatz zenbat zuhaitz mota dauden bertan: “Ez dakit hirurehun zuhaitz motara helduko garen”. Berriki, 30 mota berri landatu dituzte. Bilduma botanikoa jatorri geografikoaren arabera dago banatuta. Eremu autoktonoan Euskal Herriko espezieak daude. “Bilduma mediterraneoa dago, baita Hego Hemisferiokoa, Ipar Amerikakoa eta Asiako bilduma ere”. Hamahiru hektareako eremua dauka Arboterumak; eta sei hektareakoa urtegiak. “Hala ere, urtegia ez da Arboretumaren parte”.

Loidiren ustez, Arboretumak hainbat helburu betetzen ditu. Besteak beste, ikasketarako balio du. Unibertsitateko hainbat gradutako ikasleek aukera dute bertara joan eta zuhaitzen, harrien zein paisaiaren behaketa egiteko. “Ikerketarako gune moduan erabiltzen da jada”. Esaterako, Zoologia ikasgaiko kideek intsektuak iker ditzakete: “Begiratu dezakete tximeletek non biziraun dezaketen gehiago: belarra moztutako tokietan edo moztu gabeko guneetan”. Beste ikasle batzuek urtegiko ura hartzen dute frogak egiteko. Ikasleez aparte, herritarrek ere gunea ezagutu dezaten, bisita gidatuak antolatzen dituzte noizean behin.

Balio hezitzaileaz gain, balio ludikoa ere badu, Loidiren esanetan. “Herritarrak txakurrarekin paseoak ematera biltzen dira, ibiltzera edo eguzkia hartzera”. Nahi izatekotan, korrika egin daiteke. Hala ere, hark esan du jende askok ez duela bertan korrikarik egiten, “aldapak baitaude”.

Arboretuma

“Oroitzapenezko” bilduma Zientzia eta Teknologia Fakultatearen eta Arte Ederren Fakultatearen artean dago. EHUko Honoris Causa titulua jasotzen duten pertsonentzako gunea da; unibertsitateak ematen duen ohorezko titulua da hori. “Urtero honoris causa doktore izendatzen dituzte pertsona bat edo bi; zuhaitz bat aukeratu eta gune horretan landatzen dute”. Loidiren arabera, “bitxia” eta “originala” da tokia.

Anfiteatro bat du

Arboretumak beste hainbat toki ditu bisitatzeko: hala nola anfiteatroa. Eremuaren ibarraz baliatu ziren hura sortzeko. Seiehun pertsona sartzen dira eserita eta beste horrenbeste pertsona zutik, bazterreko bideetan eta goiko aldean.

Euskarazko ikasketak omentzeko, Euskararen espirala dago. 2010ean ospakizun bat egin zuten, EHUn ikasketak euskaraz ematen hasi zirela 30 urte bete zirelako. 1979-1980 ikasturtean, Zientzia eta Teknologia Fakultateak lehen maila osoa euskaraz eskaini zuen Biologia, Geologia eta Kimikako ikasketetan. Ikasturte horren eta 1984-85 ikasturteen bitartean, ikasketak euskaraz hasi zituzten fakultate horretako irakasleek eta ikasleek zuhaitzak landatu zituzten Arboretumean; espiral horretan, hain justu.

“Euren gorpua ikerketa zientifikorako eman duten pertsonen errautsak gordetzeko tokia ere badago: Bizitzaren basoa“. Altuera handiko metalezko hogei zuhaitzez osatutako monumentua da, eta Lertutxe urtegiaren ondoan dago.”Nik ez dut horrelakorik beste inon ikusi”.