Hamarkada bat elikagai artean

Hamarkada bat elikagai artean

M. Garcia Martikorena

Santurtziko Las Viñas kaleko 24. zenbakiak bizilagun askorentzat ezinbestekoa den laguntza mota bat dauka. Kale itsuaren amaieran dago Bizkaiko Elikagai Bankuak Santurtzin dituen lau biltegietako bat, herriko handiena eta bizilagun gehieni elikagaiak banatzen dizkiena. Atea igarotzen, eskuinera eta ezkerrera daude garbantzu kutxak, maionesa poteak, esne brikak edota galleta paketeak, multzokatuta hamaika paletetan. Garai ona da bertara sartzeko; izan ere, bankuak gaur zortzi antolatutako udaberriko bilketari eta Europako Batasunak itsasontziz ekarritako dohaintzei esker, elikagai erreserbak goraino dituzte. Hamabost bat lagunek egiten dute bertan lan boluntario bezala. Elikagai kargamentua heltzen denean, kamioietatik atera, biltegian antolatu eta hilean behin bertaratzen diren santurtziarrei oinarrizko saskia banatzeaz arduratzen dira. Etengabe aritu dira lan hori egiten hamarkada betez. Izan ere, Santurtziko Elikagai Bankuak aurten hamar urte bete ditu. Andoni Goiarzu Santurtziko Las Viñas kaleko bankuko presidentearen arabera, “lan iraunkorrean” dago gakoa hamar urte irauteko.

Egoera hobean ospatu nahiko lukete bertako boluntarioek urtebetetzea. Goiarzuk dio azkeneko urteak “latzak” izan direla. “Koronabirusak, Ukrainako gerrak eta ondorengo krisiak” Santurtzin “gogor” jo duela esan du. Datuek arrazoia ematen diote: pandemia hasi aurretik berrehun familia inguru laguntzen zitutzen; egun, berriz, 474 dira. Aurtengo maiatzean Santurtziko erdiguneari zerbitzu eskaintzen dion bankuak 1.281 laguni ematen die jatekoa.

Horietatik 34 lagun, 0 eta 2 urte arteko umeak dira, eta 261, 2 eta 12 urte bitartekoak. Tomas Fernandez bankuko boluntarioak dio Santurtzin bizi duten egoera “kezkagarria” dela: “Batetik, hilero jende gehiago dator laguntza eske. Bestetik, geroz eta elikagai gutxiago daude”. Hilero jasotzen dituzten elikagaien kiloak behera doaz; eta, oraingoz, laguntza eske azaldu den inor esku hutsik joan ez den arren, saskia murriztera behartuta ikusi dira.

Hamar urteko aldea

Oinarrizko saskian elikagai gutxiago sartzea Bizkaiko Elikagai Bankuetan orokorturiko joera da, elikagai gutxiago datozelako, bai prezioek gora egin dutelako, bai eta Europako Batasunak eskainitako laguntza txikiagoa delako ere. Are gehiago, Fernandezek baieztatu duenez, gauzak aldatu ezean datorren urtean, EBk ez du elikagai gehiagorik bidaliko. Dena dela, ez da Santurtziko bankuaren historian egoerarik “okerrena”. Goiarzuk gogoan du hasieran soilik “bizpahiru litro esne” eman ahal zituztela hilero; “hori kontuan izanda hasieran 110 familia” zituztela.

Hamar urte hauetan laguntza beharrean dauden familiak eta horiei ematen zaien elikagai kopurua ez da Santurtziko bankuan aldatu den bakarra. Bankuko presidentearen arabera, laguntza eske doazenen soslaia aldatu egin da: “Hasieran gehiengoa migratzaileak ziren, eta jaiotzez santurtziarrak zirenak %5 izango ziren. Gaur egun, kopurua parekatu egin da”.

Duela hamar urte baino behar handiagoa dagoela uste du Fernandezek. Boluntarioaren iritziz, egungo soldatak “txiki” geratu dira bizitzaren prezioaren igoerarekin alderatuta.