Amaia Igartua Aristondo
Ilunago ageri da uhartea, eta marrazki zuri-beltzean nabarmentzen dira murrua, gaineko pare bat etxe eta arbola sorta bat. Inguruan, argiago pintatuta dago itsasadarra, lausoago ertzetako eraikin bakanak, eta trazu azkarrekin irudikatu dira inguruko mendien tontorrak. Bilboko La Peña auzoko San Kristobal uhartea da, XIX. mendearen bigarren erdialdean, gutxi-asko. “Uhartea ezabatu egin zen 1983ko uholdeen ondoren, itsasadarra kanalizatu eta gero”, azaldu du Javier Barrio Marro Enkarterriko Museoko zuzendariak. Baina George Alexander Dick ingeniariaren marrazkietan, oraindik hor jarraitzen du irlak, eta orduko hartako tokietan eta moduan daude Bizkaiko beste hainbat bazter, baita Gipuzkoako zenbait ere, Dicken arkatzak izoztuta. Irudiok —29 guztira— Enkarterriko Museoan ikusi ahalko dira lehen aldiz, Sopuertan, 2024ko urtarrilera arte.
Alemaniakoa zen George Alexander Dick (1837, Offenbach am Main, Alemania – 1903, Londres), baina sarri ibili zen jaioterritik kanpo. Luzaz, Euskal Herrian. Bizkaian bizitzen hasi baino lehen, bidaia batzuk egin zituen bertara eta Gipuzkoara. Barriok erakusketaren katalogoan kontatzen duenez, uste dute lehen bisita 1860an egin zuela, data hori agertzen baita Gipuzkoako San Nartziso eta Aia mendiguneen marrazkietan. Hurrengo urtean itzuli egin zen, beharbada behin betiko erabakitzeko ea Ibarra familiaren Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen lantegi sortu berrian lanean hasiko zen edo ez. Ostera hartan, Gipuzkoatik igaro zen berriz ere —Errenteria, Hernani, Tolosa eta Pasaia irudikatu zituen—, eta Barakaldo eta inguruak ere ezagutu zituen.
1962ko irailean, jada beharrean zegoen Nuestra Señora del Carmenen —Bizkaiko Labe Garaien aitzindaria izan zen lantegia—; laborategiko burua zen, eta lau urtez jardun zuen. Tarte horretan, marrazki mordo bat taxutu zituen; kasu baterako, Getxoko Andra Mari eliza, Algortako arrantzaleen auzoa —eta, harekin batera, baita Ereaga hondartza eta Galea eta Begoña lurmuturrak ere—; eta Bilbo, hainbat alditan irudikatua, hala Pagasarri mendiaren magaletik, nola Deustutik. Zehazki, Gipuzkoako paisaien bederatzi irudi bildu dituzte erakusketan, eta Bizkaiko hogei.
Katalogoan, Barriok xehatu egiten du Dicken estiloa. “Marrazkiak ez dira bereziki landuak, baizik eta burura etorri ahala eginak, lapitzez eta bidaia koaderno txikietan marraztuak, beti tokian bertan egindakoak”. Museoko zuzendariaren hitzetan, Dickek marrazki zorrotzagoak ere egiten zituen, detailez josiagoak —batik bat, teknikoak—, eta etxe batzuk ere hala irudikatu zituen; baina, normalean, paisaia orokorrak islatzen zituen bere marrazkietan, “eta horietan garrantzitsuena da ingurunearen ikuspegi global egokia ematea eta ez hura osatzen duen elementu bakoitzaren elementu bakoitzaren ikuspegi fidagarria lortzea”.
Barrioren arabera, Dicken interes profesionalaren eta turistikoaren isla dira marrazkiak: arrazoia plazera edo beharra izan, berdin-berdin jasotzen baitzuen paisaia. “Halere, ematen du koadernoetan bien arteko nahasketa bat dagoela, Gipuzkoako eta Bizkaiko kasuetan agerikoa denez”.
Ondare kartografikoa
Oro har, lanok landa mundura lerratutako paisaiak agertzen dituzte, hiriak beranduago haziko eta hedatuko baitziren. Eta, era berean, garai hartakoa da San Kristobal uhartearen soslaia, baita dagoeneko erabat aldatuta edo desagertuta dauden beste zenbait kokalekurena ere; esaterako, Getxoko Areeta auzoko marrazkian Esazerrota haize errota ikus daiteke; beste irudi batek Barakaldoko Lutxana auzoko Erdi Aroko dorreak agertzen ditu lehen planoan, eta Santurtzi eta Portugalete arteko kostaldeko etxe batzuk eraitsi gabe daude oraindik. Nuestra Señora del Carmen lantegia ere irudikatu zuen hainbatetan.
Horiek horrela, Dicken sorkuntza lanak badira ondare artistikoa, baina badute, horrez gain, garrantzi historikoa ere, Bizkaiko Batzar Nagusiko lehendakari Ana Otaduik nabarmendu zuenez mostraren aurkezpenean, martxoan, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan. “Euskal kartografiaren ondare garrantzitsua da, gure lurraldean argazkilaritza ez zegoelako oso zabalduta XIX. mendearen erdialdean, eta ez dagoelako leku horietako irudirik”. Horrenbestez, marrazkioi esker jakin da nolakoak ziren lurraldeko txoko batzuk garai hartan.
Dena dela, are oparoagoa izan zen Dicken ekoizpena. “Antza denez, marrazki koaderno txikiak eraman ohi zituen aldean beti, eta arkatzez ohar teknikoak idazten zituen —industria arlokoak, ingeniaritzakoak, komertzialak, lanekoak eta abar—, zirriborroak eta apunteak egiten zituen makina eta prozesu industrialei buruz, eta irudiz jasotzen zituen bisitatzen zituen lekuak”, Barriok katalogoan azaltzen duenez. Gaur egun, lau marrazki koaderno topatu dituzte, eta askotariko lekuak agertzen dira: besteak beste, Espainia, Frantzia, Alemania, Suitza, Kuba eta Argentina.
Ehun urtez ezkutuan
Dickek 1866an utzi zuen Euskal Herria, baina ez zen Alemaniara itzuli; Parisera jo zuen. Laster, 1870ean, Frantziaren eta Prusiaren arteko gerra piztu zen, eta Dick, Alemaniakoa zenez, “persona non grata deklaratu zuten, eta ospa egin behar izan zuen”, Dicken birloba Nicholas Brayk adierazi zuenez aurkezpenean. Erresuma Batura joan zen, eta metalgintza arloko enpresa bat sortu zuen han: aleazioak ikertu zituen, eta bat asmatu zuen, erabilera industrial eta militarrerako baliatu zena. Enpresak Delta zuen izena.
Bray umea zela, artean bazegoen Delta enpresa —aspaldi itxi zuten, nolanahi ere—. Ezagutzen zuen Delta, noski, baina ez zuen bere birraitonaren bestelako bidaien berririk. “Txikitan, ez nekien ezer Bizkaiari buruz”. Bere emazte Josette Acostaren eskutik ezagutu zuen Euskal Herria —emakumearen ama Euskal Herrikoa baitzen—, gaztea zela, baina orduko hartan ere ez zekien lotura zegoenik lurralde horien eta birraitonaren artean. Harik eta bere amaren lehengusu batek senideak batu zituen arte, Dicken bizitzaren inguruko aurkezpen bat egiteko, orain dela 25 urte inguru. “Hark bazuen Dicken marrazkien berri, eta horien argazki batzuk erakutsi zizkigun”.
Brayk tokiok identifikatu zituen, bisitatuak baitzituen sarritan. “Baina amaren lehengusua diskretua zen, eta handik gutxira hil egin zen; hor eten zen gaia”. Bray Euskal Herrian bizi da aspalditik, eta jada gutxi joaten da Ingalaterrara. 2019an hara bidaiatzeko abagunea eduki zuen, birraitona hil zen etxera, eta ganbaran hainbat kutxa topatu zituzten Acostak eta biek; marrazkien koadernoak zeuden gordeta haietan. “Familiako beste kideek ez zekiten irudi horiek hor zeudenik. Marrazkiei argazkiak atera nizkien, eta, Joseba Agirreazkuenagaren bitartez [EHUko Historia Garaikideko katedraduna da], museoarekin jarri nintzen harremanetan”.
Euskal Herriarekin lotutako 29 marrazkiok topatu dituzte orain arte, mostran erakusten diren horiek, ez besterik. Baina ikusita Dickek zenbat urte igaro zituen berton, uste dute litekeela dela gehiago ere aurkitzea. “Baina irudi batzuetan ez denez agertzen zein den tokia, leku horiek ezagutzen dituen norbaitek joan beharko luke irudiak identifikatzera”, esan du Barriok.