Sorpresa gutxi espero dira

Sorpresa gutxi espero dira

Ibai Maruri Bilbao

Gauerdian abiatu da maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetako kanpaina. Bizkaiko Batzar Nagusietako 51 batzarkideetatik ahalik eta gehien lortzen saiatuko dira, datozen lau urteetan Bizkaiko ahaldun nagusi izango den gizona edo emakumea izendatu ahal izateko. Ez da sorpresa handirik espero. Inkesten arabera, erraz irabaziko du Elixabete Etxanobe hautagai jeltzaleak. Batzuen arabera, duela lau urteko emaitza berak lortuko ditu EAJk; beste batzuen arabera, beste bat irabazi eta gehiengo osoa eskuratu dezake lehen aldiz. 25 batzarkide ditu orain. Inkestak betez gero, ordezkari bat gora edo behera, Etxanobek ez luke arazorik izango Unai Rementeriari lekukoa hartzeko.

Rementeriaren eskutik heldu zen Bizkaiko Foru Aldundira, 2021eko martxoan. Administrazio Publikoko eta Harreman Instituzionaletako foru diputatua da ordutik. Bigarren mailan ibilitakoa zen, eta ez zen batere ezaguna bizkaitarrentzat. Hala ere, oso gertukoa du erakunde publikoetako kudeaketa lana. Durangoko Udalean funtzionario postua du. Otxandioko zinegotzia izan zen. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako sailburuaren bi sailetan jardun du. Besteak beste, Toki Erakundeei buruzko legea osatzeko prozesuan aritu zen. 2019an, Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako sailburuordetzaren ardura hartu zuen. 2020an, Segurtasun Sailera joan zen. Ahaldungai nagusia izango dela jakinarazi zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiak ahalegin berezia egin du Etxanobe ezagutarazteko: diputazioaren aurkezpen askotan hartu du parte, sarritan haietan landutako gaiak haren sailari ez zegozkion arren.

Hazkundea iragartzen diote inkestek EH Bilduri ere, eta jeltzaleei baino handiagoa, gainera; gora egingo luke bai boto portzentajean —ia hiru puntu—, bai batzarkide kopuruan. Orain arte izan dituen hamarrei beste bi edo hiru gehitzeko aukera izan dezake datorren legegintzaldian. Ahaldungai nagusia aldatu du koalizio independentistak: Iker Casanovak hartu dio lekukoa Bea Ilardiari. Gazte-gaztetatik datorkio ekintzailetza politikoa Casanovari, eta oso aktiboa izan da Ezkerraldeko borroketan —Barakaldokoa da—. Koalizioak Bilbon eta haren metropolian indarra hartu gura du, eta hautagaiak bertatik bertara ezagutzen du inguru hartako sozioekonomia. 2014tik legebiltzarkidea izan da.

f

Orain arteko zortzi batzarkideei eutsiko lieke PSE-EEk, inkesten arabera, baina baliteke boto portzentajean puntu bat behera egitea. Teresa Laespada da sozialisten ahaldungai nagusia. Ondo ezagutzen du Bizkaiko Foru Aldundia, foru diputatu izan baita EAJk eta PSE-EEk koalizioan gobernatu duten legegintzaldi bietan: Enplegu, Inklusio eta Berdintasun Sailaren ardura du 2015etik. Ahalegindu izan da bere ahotsari eusten; esaterako, joan den Azaroaren 25erako Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak kanpaina bakar eta bateratua adostu zuten arren, Laespadak berea egin zuen. Aurretik Deustuko Unibertsitatean ibilitakoa da, adikzio gaiak ikertzen.

Beherakada iragartzen diote Elkarrekin Podemosi inkesta guztiek: litekeena da bi-hiru batzarkide galtzea, azterlanaren arabera; gaur egun sei dauzka. 2019an bezala, Eneritz Madariaga da ahaldungai nagusia. 2017tik da batzarkidea. Gizarte Lanetako graduduna da, eta arlo horretan egin du lan politikara jauzi egin aurretik. Bere kezketan nabaritzen zaio: besteak beste, oso kritikoa izan da berdintasuna lortzeko, enplegua sustatzeko eta klima larrialdiari aurre egiteko diputazioak sustatu dituen politikekin. Zerga politika enpresa handien, inbertitzaileen eta putre funtsen mesedetan egin dela ere salatu izan du.

PP litzateke batzarkideak lortuko lituzkeen azken alderdia. Boto portzentajean behera egingo luke, eta oraingo biei eutsiko lieke edo bat galduko luke, inkesten arabera. Orekari eustea izango da Raquel Gonzalezen erronka nagusia: moderatuegi agertuz gero, Voxek erakar ditzake haren boto emaile batzuk; ostera, Voxen jarreretara gehiegi gerturatuta, EAJra edo PSE-EEra joan dakizkioke. Orain arteko adierazpenetan diskurtso gogorra erakutsi du.

Inkesten arabera, ez da beste talderik sartuko Batzar Nagusietara. Hala ere, beste bost hautagaitza saiatuko dira. Aipatutako bostez gain, Stop hautagaitza independentea ere foru hauteskundeetako lau barrutietan aurkeztuko da. Bilbon eta Busturia-Uriben Vox ere aurkeztuko da. Bilbon, Durango-Arratian eta Enkarterrin, Jarleku Zuriak. Durango-Arratia barrutian, Alderdi Humanista. Enkarterrin, Enkartazioak Bizirik.

Udaletan, jakin-mina

Bilboko Udalean, gehiengo osotik gertu geratuko litzateke EAJ, inkesten arabera, eta Juan Mari Aburtok jarraituko luke alkatetzan. EH Bilduk sozialistei kenduko lieke bigarren postua, zinegotzi bat irabazita: bosna lortuko lituzkete, baina EH Bilduk boto gehiago. Herri nagusiei dagokienez, inkesten arabera, Barakaldon, Getxon eta Basaurin ere jeltzaleek irabaziko lukete, eta Amaia del Campok, Amaia Agirrek eta Asier Iragorrik ez lukete arazorik gobernua osatzeko.

Jakin-mina pizten du, esaterako, Galdakaon zer gertatuko den. 2019an, EH Bilduk, Usansolo Herriak, Podemos-Equok eta Auzoak hautagaitza independenteak osatutako koalizioak lortu zuen gehiengoa inbestiduran. Harrezkero, Usansolok desanexioa lortu du, baina oraindik ez du lortu udala osatzea. Gainera, aurten, Bizkaia Bai hautagaitza independente berria ere aurkeztuko da herrian. Durangon ere aldaketa izan zen duela lau urte, eta han ere jakin-mina dago EH Bilduk eta Herriaren Eskubidea-Elkarrekin Podemos koalizioak osatutako gobernuak aginteari eutsi ahal izango dion.

Gernika-Lumon, Guztiontzako Herria hautagaitza sortu du Jose Maria Gorroñok. 2007tik da alkate. Orduan, EAren alkategaia zen, eta EAE-ANVrekin osatu zuen gobernua. 2011n, Bildurekin iritsi zen alkatetzara. 2015ean, Euzko Abertzaleak hautagaitza sortu, eta EAJrekin osatu zuen koalizioa; batera gobernatu dute orain arte. Bakarrik aurkeztu da orain, eta, gehiengo osorik gabe irabaziko balu, ikusteko dago EAJren edo EH Bilduren babesa bilatuko lukeen, eta zeinena lortuko lukeen; edo, irabazi ezean, zer jarrera hartuko duen.

Mendatan, Gizaburuagan eta Amoroton, hautagaitza bakarra aurkeztu da. Mendatan, EAJkoa da zerrenda bakarra. Beste bietan, herritarren artean osatzen dute beti herri zerrenda bat. Ekainaren 17an osatuko dira udalak, alkateak aukeratzeko.