Olatz Silva Rodrigo
Badago industrializazioarekin lotuta dagoen azpiegitura nagusi bat: trena. Garraio horri esker, XIX. mendeko hainbat enpresak euren materialak mugitu ahal izan zituzten toki batetik bestera. Bizkaia ez zen salbuespen bat izan. Eta horren adibide da, hain zuzen, Muruetako teila fabrika. “Trena da enpresa horren jatorria”, azaldu du Txato Etxaniz Gernikazarra historia taldeko kideak. Hain justu, duela 130 urte sortu zuten Gernikatik Sukarrietara doan tren tartea. Eta, urtebete beranduago, 1894an, Muruetako teila fabrika sortu zuten Urdaibaiko biosfera erreserban, trenbidearen paraleloan. “Industrializazio garaiko lehenengo lantegia izan zen eskualdean”.
Trena hurbil izateaz gain, beste arrazoi batengatik ere sortu zuten bertan fabrika: adreiluak egiteko buztina zegoen. Ia 40 urtez egon zen martxan. La Estrella izan zen fabrikaren lehenengo izena. “Urduñan fabrika bat itxi zuten, eta handik material batzuk ekarri zituzten eraikina egiteko”. 1901era arte, adreiluak, teilak eta hodiak egin zituzten bertan. Urte horretatik 1919ra bitartean, eraikina beste enpresa baten esku egon zen, eta Aurrera izena izan zuen. Nahiz eta enpresak aldatu, haien jarduerak bere horretan mantendu zituzten. Izan ere, hirugarren enpresa batek ere bertan egin zuen lan: Muruetako Zeramika enpresak. Horiek ere, adreiluak, teilak eta hodiak egin zituzten. “1931n, tren istripu bat egon zen Okan; hori dela eta, materiala ezin izan zuten garraiatu, eta, automatikoki, lantegia itxi zuten”. Harrezkeroztik, inork ez zuen adreilurik egin han. Ez adreilurik, ez ezer. “Abandonatuta geratu zen”. 1990eko hamarkadan dena bota zuten, tximinia eta labea izan ezik.
Etxanizek azaldu duenez, fabrikak bulegoak zituen, baita langileentzako etxe bat ere. “Azken enpresak Kantabria eta Asturiasko [Espainia] hogei laguneko taldeak kontratatzen zituen, hona lanera etortzeko”. Muruetako langileak ere bazauden, baina gutxiago: “Bost edo zazpi”. Oro har, 25 kidek egiten zuten lan Muruetan. Horrez gain, makinentzako beste gune bat ere bazegoen, eta sortutako materiala sikatzeko beste toki bat ere bai. XXI. mendean birmoldatu zuten lantegia. “Gaur egun, tximinia eta Hoffman labe gorria ikus daitezke”. Gernikazarreko taldeko kideak nabarmendu du tximinia “arrunta” dela, baina labea berezia: “Europan Hoffman labe oso gutxi daude, lau edo bost”. Ontzitokiak ere eraiki dituzte han inguruan.
Materiala, hara eta hona
Buztinaz gain, langileek beste hornigai batzuk behar zituzten adreiluak sortzeko. Material hori itsasontziz ailegatzen zen Muruetara: “Adibidez, laberako ikatza edo egurra itsasontziz ailegatzen zen Portuondora; eta handik muruetara, gabarran”.
Muruetan sortutako adreiluak Bizkai osora zabaltzen zituzten, trenez. Materiala merke saltzen zuten, trenbidea eta fabrika enpresa “berak” kudeatzen zituelako: “Ez zituzten garraioaren zorrak ordaindu behar”.
Etxanizek gogoratu duenez, 1990eko hamarkadaren amaierara arte, jende gutxik ezagutzen zuen tokia. Orain, ordea, aisialdirako gune bihurtu da: “Gero eta jende gehiago doa bertara paseatzera, eguzkia hartzera, eta, itsasgora dagoenean, bainu bat hartzera”. Haren iritziz, positiboa da tokia ezagun egitea, baina azpimarratu du zaindu beharreko gunea dela. “Udan, batez ere, harritu egiten nau zenbat jende etortzen den. Oso toki ederra da Muruetako teila fabrika”.