Zeanuriko erreketako uraren indarra

Zeanuriko erreketako uraren indarra

Ibai Maruri Bilbao

Landa inguruko industria errotak eta burdinolak izan dira, nagusiki. Bizkaiko haran guztietan, ibaiak halakoz beteta egon dira. Leku batzuetan besteetan baino hobeto kontserbatu dituzte. Zeanurin, berbarako, XIX. mendearen bukaeran sei burdinola eta hamazortzi errota zeuden, Ander Manterola abade eta etnografoak Industrias tradicionales en Zeanuri (Bizkaia). I. Molinos harineros argitalpenean jaso zuenez (Zeanuriko (Bizkaia) industria tradizionalak. I. Irin errotak). Bi jarduera horiek indarra galdu zuten, eta haien ugazabek nekazaritzan topatu zuten ogibidea. Ondorioz, burdinoletako batzuk errota bihurtu zituzten. XX. mendean iritsi zen erroten krisia. 1979an, hiruk bakarrik ehotzen zuten; bik, etxerako. Gaur egun, gehienak bertan behera utzita daude, baina beste batzuk, zaharberrituta. Urtero, maiatzeko lehen domekan, Joko Alai elkarteak antolatuta, Zeanuriko erroten ibilbidea egiten dute. Etzi izango da XVI. aldia. Hamazortzi kilometroko ibilbidean, bederatzi errotaren ondotik igaroko dira, eta hirutan sartu-irtena egingo dute, zelan funtzionatzen duten ikusteko.

Bisitatuko duten lehena Errotabarrikoa da, ibilbidearen hasieran. Otzerinmendiko kofradian dago. 1785ean eraiki zuten. Zeanuriko berriena da. Lehenago, ibaiaren beste aldean zegoen. Hiru harri ditu. 2015ean zaharberritu zuten. Presa eta antapara konporta baten bidez daude lotuta, eta ez kaltze baten bitartez. Zeanuriko gainontzeko errotetan ez bezala, Errotabarrin errotapetik kaltze bat ateratzen da, urak errekara bideratzeko. 1975eko apirilean utzi zion lan egiteari.

Zeanuriko errotak

Zazpigarren kilometroan dago Ibargutxiko errota, Ipin?aburuko kofradian. XIX. mendean burdinola izan zen. Gaur egun harri bi baditu ere, hiru harrirekin egin zuen lan bere garaian. Hirugarren harri horrek 1950 aldera utzi zion lan egiteari. 1945ean, errotaren azpiko aldean turbina eta sorgailu bat baliatuz, argindarra ekoizten hasi ziren, eta 1978ra arte Altzua, Ipin?aburu eta Undurragako baserri batzuetara saltzen zuten elektrizitatea.

Guztiz zaharberrituta dago, eta oraindik, noizean behin, etxerako garia edo artoa ehotzen dute jabeek; horrez gain, sorgailuaren bitartez, etxerako argindarra ekoizten dute. Azken errotari profesionala Gabriel Larrazabal izan zen. Hura hil ondoren, urte batzuez, Satur semeak mantendu zuen errota martxan. 2019an, Pedro Elexpek erosi zuen errota, eta, gaur egun, hura da jabea.

Pujanari omenaldia

Azken kilometroan topatuko dute Olabarriko errota, Ibarguen kofradian. Hiru harri ditu. Jatorriz burdinola izan zen, eta Zeanuriko nagusiak ziren Arriola familiaren jabetzakoa. Gaur egun, pujanatarrena da. Aurretik, Manterola familiak ustiatu zuen, harik eta 1898an, Isidro Pujana, errentari moduan, errotaren kargu egin zen arte. XX. mendearen erdialdean, Benigno Pujanak —Isidroren semeak— erosi egin zien errota arriolatarrei. Benigno errotari lanetan ibili zen, 1995ean hil zen arte. Aitaren heriotzaren ondoren, Fermin semeak zaharberritu zuen.

Iaz hil zen Fermin Pujana, eta ibilaldi hauek antolatzen hasi zirenetik beti parte hartu izan du azalpenak ematen eta errotari lana erakusten. Horregatik, etzi omenaldia egingo diote.

Zeanuriko errotak