Suhiltzaileak sutan daude

Suhiltzaileak sutan daude

Mikel Garcia Martikorena

Bilboko suhiltzaileen kolektiboak salatu du “engainatuta” sentitzen dela; Bilboko Udalak engainatu duela, zehatzago esanda. Bere lanean eragiten duten egoera “kaskarrak” iazko azken hilabeteetan plazaratu zituen kolektiboak, azaroan, hamaika aldarrikapen ekitaldi antolatuta. Suhiltzaileen eskakizunak udalak zenbait zerbitzu deuseztatu izanarekin du lotura; batez ere, azken udal anbulantzia kendu izanarekin. Zerbitzuok deuseztatzeak beste lan batzuk ekarri dizkietela diote suhiltzaileek; erizaintza, esaterako. Suhiltzaileengan erori direla salatzen zuten, haiek baitira larrialdietara heltzen diren aurrenak.

Hainbat protesta antolatu ondoren, udala eta suhiltzaileak akordio batera heldu ziren: udalak konpromisoa hartu zuen Bilboko suhiltzaileek planteatutako arazoei irtenbidea emateko. Bilboko suhiltzaile Mikel Diazek dio akordioa bi aldeen “borondate onean” zegoela oinarrituta, “xehetasunik gabekoa” baitzen.

Suhiltzaileek udalaren “hitz politei” balioa eman, eta protestak alde batera utzi zituzten. Sei hilabete inguru igaro dira ordutik, eta egoerak “berdin” jarraitzen duela azaldu du Diazek: “Aurrerapauso batzuk eman dira, baina ez dira nahikoak”. Suhiltzaileek salatu dutenez, ez dute “taxuzko” erantzunik jaso udalaren aldetik. Are gehiago, haien ustez, “udalak lortu nahi zuen bakarra zen udal hauteskundeetara deitu aurretik denbora irabaztea”.

Zerbitzu falta

Diazek, baina, ez du uste arazoa azaroko negoziaketa soilik denik. Bilboko suhiltzailearen aburuz, hira urte luzez pairatzen ari den arazo bat da: “Zerbitzu publikoen desagerraraztea”. Bilboko suhiltzaileen kasuan, esaterako, udal anbulantzien zerbitzua da haien kexu eta eskarietatik gehien nabarmentzen dutena. Bilboko Udalak joan den urteko urtarrilaren 15ean erabaki zuen azken anbulantzia alde batera uztea, eta, hala, hasieran bi anbulantzia zituen zerbitzu bat kendu egin zuen. Arazoaren ardatza anbulantzietan dagoela uste du Diazek: “Gure protesten muina anbulantzia bi galdu izana da. Bilbokoa bezalako udal batek anbulantzia biren zerbitzua kentzea oso larria da; lotsagarria iruditzen zaigu”.

Udal zerbitzua desagertu izanak Osakidetzako anbulantziak erabiltzera behartzen ditu Bilboko suhiltzaileak; baina haien lankarga handiena larrialdietatik dator. Hortaz, askotan, biktimak momentuan bertan artatu behar izaten dituzte, eta, kolektiboak salatu duenaren arabera, “Osakidetzaren anbulantziak falta direla edo atzerapenarekin datozela” izaten dituzte larrialdiak maiz.

Gauzak horrela, suhiltzaileak erizaintza lanak egitera behartuta egoten dira, baina Diazek argi utzi nahi izan du ez dutela horretarako prestakuntzarik jaso: “Biktimak gure erantzukizuna dira heltzen aurrenak garelako. Saiatzen gara ahalik eta hoberen egiten, baina ez gara erizainak eta askotan ez dakigu nola jardun”. Horregatik, formakuntza berezia eskatu dute suhiltzaileek, eta “nolabaitekoa” jasotzen ari direla baieztatzen duten arren, Diazek esan du ez dela “nahikoa”.

Bestelako eskariak

Erizaintzarekin lotutakoa ez da suhiltzaileek iaz eskatutako formakuntza bakarra; suizidio kasuetan nola jardun jakiteko irizpideak eta formakuntza eskatu zituzten. Gaur egun, ikasten ari dira, baina, Mikel Diazen ustez, ez da erabakirik egokiena: “Gure onena emango dugu, baina gu ez gara psikologoak”.

Horrelako zerbitzuak profesionalek egitea da komenigarriena, haren ustez. Formakuntzez gain, bestelako eskaerak egin dituzte; Deustun parke berri bat eraikitzeko proiektua azkartzea eta barne araudi bat ezartzea, besteren artean.