“Mundua azkar aldatzen ari da, prestatu gabe hartu gaitu, eta urduri jarri gara”

“Mundua azkar aldatzen ari da, prestatu gabe hartu gaitu, eta urduri jarri gara”

Ibai Maruri Bilbao

1885ean sortu zen Bilboko Mediku Zientzien Akademia; Bilboko Sendalarintz Jakindia zuen orduan euskal izena. 128 urteotan lehen aldiz andre bat da erakundearen burua: joan den astean, Agurtzane Ortizek (Getxo, 1964) hartu zion Ricardo Francori lekukoa presidentetzan. Besteak beste, Neurozientzietan doktore eta psikiatra da Ortiz. Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle da, eta han hartu du Bizkaiko Hitza.

Ricardo Franco medikua da, Barne medikuntzan espezialista, larrialdietako burua izandakoa ospitalean. Zu, ostera, buruko osasunaren arlokoa zara. Orain arte akademiako idazkari nagusia izan zara, eta, agian, pausoa naturala izan da. Baina buru osasuna ikusgarritasuna hartzen ari den seinale ere bada zu presidente izendatu izana?

Lehengo batean ere antzeko zerbait esan zidaten, baina nik ez dut pentsatzen horri lotuta dagoenik hainbeste. Lehen emakumea izan naiz idazkari nagusi karguan, eta hortik aurrera emakumeok presentzia handiagoa izan dugu akademian. Estatistiketan ere gehiago gara. Euskalduna naiz, emakumea… Buru osasunagatik? Nik uste dut momentua izan dela.

Fakultatean, osasun zentroetan eta ospitaleetan, behintzat, andreok gehiengoa zarete. Gutxiago ardura postuetan?

Gaur egun, osasun zientzietan emakumeak bi herenetik gora gara. Zuzendaritza postuetara heltzea beste kontu bat da. Kostatzen da. Gizonei baino gehiago kostatzen zaigu, baldintzak eta baliabideak berdinak izan arren.

Zer da Bilboko Mediku Zientzien Akademia?

Haren antzeko erakundeen artean zaharrenetakoa da [Espainiako] Estatu osoan. Akademiaren helburuak hainbat dira. Batetik, osasun zientzietako profesionalen etengabeko prestakuntza. Bestetik, osasun esparruko elkarteko zientzialarien arteko lotura egitea. Baita dibulgazio lana ere. Azkenik, biztanleriaren osasun hezkuntzan parte izatea. Osasuna sustatzea, azken batean.

Zein dira akademiak dauzkan erronkak gaur egun?

Osasuna sustatzen jarraitzea da nagusia. Bilbotarrak eta bizkaitarrak izan ditugu gure akademiaren onuradun nagusiak; lan soziosanitarioa egiten dugu, betiere, talde diziplina anitz batekin. Honek esan gura du akademia ez dugula bakarrik medikuok osatzen. Kide dira, era berean, albaitariak, farmazialariak, odontologoak, biologoak… Osasungintzan lan egiten dugun profesional guztiek dugu parte izateko aukera.

COVID-19aren pandemiak eta klima aldaketak erakutsi dute osasuna ez dela bakarrik medikuen eta erizainen kontua, beste zientzia batzuek ere parte hartzen dutela. Badago espezialitateen arteko elkarlanik?

Akademiakook hori sustatzen dugu, bereziki. Guk antolatzen ditugun jardueretan nagusiak dira, eta lehenesten ditugunak, diziplinen artekoak direnak. Albaitariak, biologoak, psikiatrak, zirujauak, ekonomialariak… Denon arteko elkarlana ezinbestekoa da. Osasunaren ekonomiari buruzko berbaldia dugu laster. Lankidetza horretatik ezagutza berriak eta garrantzitsuak sortzen dira.

Zelan ikusten duzu osasungintza publikoa?

Ikusten dut kolpatuta. Osasungintza —baina esango nuke mundua ere, oro har— kolpatuta dago. Askok esaten dute pandemiaren ondorio dela. Baina ez, kontrakoa dela uste dut: pandemia egoeraren erakusgarri bat izan da. Mundua aldatzen ari da. Beti aldatzen da, hori argi dago, baina orain oso azkar aldatzen ari da, eta hainbat faktore daude kontuan hartu beharrekoak: klima aldaketa, adimen artifiziala, teknologiaren protagonismo itzela… Gizartea horretarako prest ez zegoela harrapatu gaitu. Suteak pizten dira, eta itzaltzen ditugu ahal dugun moduan, baina ez dugu proiektu bat. Gelditu egin beharko ginateke, etorkizunerako bide sendo batzuk pentsatzeko. Aldaketek prestatu barik harrapatu gaituzte, eta urduritu egin gara, beldurtu… Ondorioz, buruko gaixotasunak ugaritu dira.

Horregatik dago antsietate eta depresio kasu gehiago? Ala ez dago esaten den beste?

Egon badago, e? Hori egia da. Baina, era berean, gertatzen da gizakiok egiten dugun eskaera medikoa handiagoa dela. Gero eta gehiago zaintzen dugu geure burua. Edozein gaitz daukagunean, medikuarenera joateko aukera dugu, eta aukera hori erabiltzen dugu. Kontsultak beteago daude, eskaera handiagoa delako.

Norbaitek ezinegona sentitzen badu, laguntza profesionala eskatzea ona da, ezta?

Oso ona da. Ikusten ari gara, eta ez dakigu pandemiaren ondorio den, gero eta gehiago zaintzen dugula geure burua. Osasun zerbitzuek, udalek eta beste hainbat erakundek sustatzen dute osasuna: kirola egin, harremanak izan, elkar zaindu… Gero eta gehiago zaintzen dugu geure burua, eta hori oso ona da. Beste kontu bat da edozergatik joatea kontsultara; hori ere gertatzen da.

Gehiago joaten bada, ezinegon hori egon dagoelako da. Zergatik dago lehen baino gehiago?

Antsietate eta depresio kasu gehiago dago, ez garelako gelditzen pentsatzera zer gertatzen zaigun. Oso azkar gabiltza.

Beraz, egungo bizimoduak, sozioekonomiak, gizarteak… eragina dute igoera horretan?

Bai, noski.

Esan ohi da gaur egun jendeak ez dakiela frustrazioa, etsipena, haserrea, tristura, nekea edota ardura kudeatzen, onartzen, harekin bizitzen… Zer deritzozu?

Egia da frustrazioa, beldurrak, minak, gaitzak gutxiago jasaten ditugula. Hori ikusten da arreta medikoen eskaeretan. Lehen gehiago aguantatzen zuten.

Pandemiak izan du eraginik?

Askok esaten dute pandemiaren ondorioa dela, baina pandemia gaur egungo bizitzaren erakusgarri bat baino ez da izan. Pandemiak erakutsi digu gizakiok zaurgarriak garela. Orain arte pentsatu dugu ahalguztidunak garela, munduaren jabe garela eta kudeatu dezakegula nahi dugun moduan. Baina hori ez da horrela.

Zuek, profesionalok, zer ikasi duzue azken hiru urteotan?

Asko ikasi dugu: osasun publikoaren garrantzia, prebentzioarena, osasunaren promozioaren garrantzia… Aurretik bagenekien, baina orain argi ikusi dugu.

Zer harreman dago neurozientziaren eta psikiatriaren artean?

Psikiatriaren oinarriak neurologian daude, nerbio sistemaren funtzionamenduan.

Zer da buruko osasuna izatea?

Norbere burua ezagutzea, norbere emozioen alfabetatzea, norbere zainketan parte hartzea… Ez bakarrik gaixotasunik ez izatea. OMEk esaten du osasuna dela ez bakarrik gaixotasunik ez izatea, baizik eta ongizate fisikoa, psikikoa eta gizarte mailakoa izatea. Inportantea da ondo sentitzea bizi zaren ingurunean.

Buruko eritasunek badute oinarri fisikorik?

Askotan egon daiteke oinarri fisiko bat. Gaitz fisikoek ondorio psikologikoak izan ditzakete. Pertsona batek gaixotasun fisiko bat duenean, triste senti daiteke; antsietatea izan dezake, beldurtuta senti daiteke.

Gaur egun bakardadea gaixotasun bihurtu da?

Ez da gaixotasun bat. Bakarrik egon nahi dugunean, bakardadea oso positiboa da. Beste gauza bat da gaur egungo bizimoduan bakarrik senti gaitezkeela, laguntza barik, eta hori ez da batere ona: buruko osasunean ondorio larriak izan ditzake.

Batzuetan beharrezkoa ere bada bakardadea. Isiltasuna ere bai?

Ezinbestekoa da. Kutsadura akustikoa arazo bat da. Zenbat zarata dagoen… Hitz egin behar da, baita nahi ez denean ere… Adibidez, gaixorik gaudenean, isiltasuna oso inportantea da.

Baina kostatzen da isiltasunean egotea…

Hori da gaur egungo bizimoduaren beste ezaugarri bat: beti estimulatuta egon behar gara. Baina ez du horrela izan behar. Adibidez, gaixorik dagoen pertsona batentzat, gura badu lagunduta baina isiltasunean egotea, itzela da. Ikasi egin behar dugu isiltasunean egoten. Arazoa da ez dakigula estimulatu gabe egoten. Dinamika horretan sartuta gaude. Estimuluak behar ditugu, baina orekatuta: ez gehiegi, ez gutxiegi.

Jendeak gero eta okerrago egiten du lo, eta antsiolitikoak eta antidepresiboak hartzen ditu insomnioari aurre egiteko.

Estimulazioak badu zer esanik. Insomnioari begiratzean, faktore asko hartu beharko genituzke kontutan. Zelako ohiturak ditugu? Zer egiten dugu ohera joan baino lehen? Zenbaterainoko ardurak dauzkagu? Zelan kudeatzen ditugu?

Gero eta gehiago hitz egiten da buruak zenbateko eragina duen gaitz fisikoetan eta baita mina arintzeko orduan ere. Adibidez, gaixo kronikoekin lantzen da arlo hori? Zer egin daiteke, esaterako, min kronikoaren arloan?

Gaitz kronikoetan erabiltzen diren tratamenduak mota askotakoak izan daitezke. Horien artean psikologiak eta psikiatriak ere zer esan handia dute, oso baliagarriak gertatzen dira: terapia kognitiboak eta erlaxazioa, besteak beste.

Baina osasungintza publikotik hainbeste indar egiten al da arlo horretan?

Denbora behar da tratamendu horietarako, eta azaldu egin behar da. Kostu handia du, dirutan eta denboran.

Baliabideak ere falta dira?

Profesionalen falta dago, bai.

Zer dira zainketa aringarriak? Medikuok sarritan esaten duzue premiazkoa dela arautuko dituen lege bat. Zergatik?

Lantzen ari gara. Osakidetzak orain iragarri du zainketa aringarrien inguruko proiektu berria. Ikusten dugu osasun sistemek ere badutela interesa zainketa aringarrietan, bai pediatrikoan, bai nagusienean.

Zegatik sartzen dira zainketa aringarriak eutanasiaren inguruko eztabaidetan?

Ezberdinak dira. Zainketa aringarriak dira gaitz kronikoetan, sendaezinetan, gaixotasun endekagarrietan, osasun sistemak eta medikuntzak baliabideak ez dauzkanean eman daitezkeen zainketak. Pertsona laguntzen dute kronikotasunean bizitzen, eta bizi kalitatea hobetzen diote. Heriotzaren aurreko prestaketa zainketa aringarrien atal bat da; baina hori baino gehiago dira. Zainketa aringarriek heriotzarako prestatzen dute, baina ez dute sustatzen. Pazientearen eta haren familiaren zainketa dira osotasunean. Beste gauza bat da onartu den lege bat, zeinek baimentzen duen pertsona batek bere burua hiltzea.

Heriotzaren prestaketa garrantzitsua da?

Tabu bat da. Ez dugu heriotzaz berba egiten. Egia den gauza bakarra da denok hilko garela. Gehiago hitz egin beharko genuke, prestatuta egon, gizakiok dugun zaharkitze hori aurreikusi. Dolua egiten lagunduko liguke norbait galtzean.

Espiritualtasunak zainketa aringarrietan duen garrantziaz idatzi duzu akademiako aldizkariko artikulu zientifiko batean.

Ikasle batekin egindako gradu amaierako lan bat izan zen. Espiritualtasuna oso inportantea da. Askotan ahaztu egiten dugu pertsonok geurea dugula hori ere. Prestatu egin beharko ginateke jakinik pertsonok zer behar dugun bizitzako azken uneetan. Bizitza osoan bizi dugu espiritualtasunarekiko lotura hori. Nahiz eta gizakion parte dugun, askotan ez gara horretaz jabetzen, eta ez dugu horretaz hitz egiten.