Bizkargi, erromeriaren eta memoriaren gunea

Bizkargi, erromeriaren eta memoriaren gunea

Mikel Garcia Martikorena

Santikurtzek lurrin berezia dute Zornotza aldean. Santikurtz Eguna asteazkenean ospatu zuten, maiatzaren 3an, baina bestelako hainbat ekitaldi antolatu dituzte inguruko ekintzaileek. Ospakizun horietatik bat bereziki nabarmentzen da besteetatik: Bizkargi Eguna. Etzi ospatuko dute “milaka pertsonak”; Bizkargi gainera igo, eta musikarekin eta memoria historikoarekin lotutako ekintzak izango dituzte. Bizkargi Gogoratuz elkarteak antolatzen du urtero ospakizuna. Juanlu Artabe elkarteko presidenteak azaldu duenez, bi ardatz izaten dituzte aldiro: memoria historikoa eta erromeria.

Eguna 11:00etan hasiko dute, Soinu Txikie taldea giroa animatzen hasiko baita ordu horretan. 12:30 aldera memoria historikoarekin lotutako ekitaldiari ekingo diote: Patxi Jaka Bikendi Eusko Gudarozteko kideari omenaldia egingo diote. Euskal musika tresnek girotuko dute ingurua; adarrak, txalapartak, trikitiak eta albokak beren lekua izango dute. Haien soinuei segika dantzan arituko dira Larrabetzuko Bizkargi dantza taldeko kideak.

Ondoren, Etxanoko nagusiak txuzoa edo aginte makila lurrean sartuko du, urtero egiten den bezala. Artaberen ustez, “denboraren igaroaz harago” doan zerbait da; izan ere, duela “hainbat mende” ere egiten zuten. Aginte makila lurrean sartuz, Bizkargiren tontorreko nagusitasuna edo lehentasuna Etxanoko udalerri izandakoak zuela irudikatzen zen. Egungo antzezpena Pascual Uriartek egiten du, Etxanoko udalerriaren omenez sortutako elkartearen presidentea da eta.

Horren ostean, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Xabier Arriaga Txiplas bertsolariek saioa eskainiko dute. Hori bukatuta, 12:50 inguruan, Aiko taldeak egunaren bigarren ardatz nagusiari ekingo dio: erromeriari. Hori amaitu eta gutxira, 13:30ean, Eneko Larruzeak kantaldia eskainiko du, egunari amaiera emateko.

Mendeetako erromeria

Bizkargi Gogoratuz elkarteak hamabi urtez antolatu du Bizkargi Eguna, baina gain horretan erromeriak “betidanik” ospatu direla azaldu du elkarteko presidenteak: “Mendeak atzera joanez gero, tontorra erromeria lekua izan da. Gainean dagoen ermitaren berri 1376tik dago, eta mezarekin batera erromeria egoten zen”. Tontorra musikaz blaitzen hasi zireneko data zehatzik ez dagoen arren, Artabek argi du mendeak direla aurreneko aldiz antolatu zenetik.

Elkarteko presidenteak dio euren lorpenik esanguratsuena dela Bizkargi Wguna “egonkortu” izana. Esan du urtero 2.000-3.000 pertsona joaten direla Bizkargira. Are gehiago, haren arabera, “leku enblematiko bat” da inguruko bizilagun askorentzat: “Denbora pasatu arren, jendeak bertan bizitakoak gogoratzen ditu; Bizkargin gertatzen dena beti oroitzen da”.

Gudariei omenaldia

Bizkargiko tontorrean ez dira soilik trikiti hotsak entzun; balen hotsak tontorraren soinu bandaren parte izan ziren. 36ko gerraren leku izan zen Bizkargi. 1937ko maiatzaren 8an, indar frankistek gaina hartzeko agindua eman zuten, eta 11 egunez egon ziren eusko gudariak eta errepublikaren aldeko bestelako indarrak faxisten aurka borrokan. Artabek dio borroka “oso gogorrak” izan zirela bertan. 126 lagun hil ziren.

Gertakari hura ez ahazteko, urtero gerrarekin lotutako omenaldi bat antolatzen du Bizkargi Gogoratuz elkarteak. Aurtengo omendu Jaka Bikendi Bizkargiko batailaren parte izan zen, eta Bilboko burdinazko hesiaren defentsan hil zuten frankistek. Aranzadik haren gorpuzkiak topatu zituen Gamiz-Fikako indusketetan, 2019an.