Arraun Eskola sortu dute Bilbon, adimen desgaitasuna dutenentzat

Arraun Eskola sortu dute Bilbon, adimen desgaitasuna dutenentzat

Olatz Silva Rodrigo

XX. mendearekin alderatuta, Bilboko itsasadarraren irudia goitik behera aldatu da. Joan den mendean, itsasadar ondoko bazterrak ontziolaz eta industriaz beteta zeuden. Ezinezkoa zen Bilboko uretan zein inguruetan jendea kirolean edota jolasean ikustea. Egun, ordea, irudi hori ohikoa da: aisialdirako gune bihurtu da itsasadarra. Izan ere, arraun taldeak ikus daitezke, alde batetik bestera, entrenatzen. Gainera, baliteke aurki traineru gehiago ikustea. Izan ere, Bizkaiko Arraun Federazioak eta BBK fundazioak Arraun Eskola Inklusiboa abiarazi dute: adimen desgaitasuna dutenentzako arraun eskola.

“Helburua da inklusioa bultzatzea”, azaldu du Edriga Aranburu Bizkaiko Arraun Federazioko presidenteak. Era berean, uste du aukera ona izango dela arrauna “orain arte egon den esparruetatik kanpo zabaltzeko, beste esparru edo sektore batzuetara”. Arraun Eskola Inklusiboarena ez da ideia berria: “Bilboko Arraunlari Beteranoak taldeak, BBK fundazioarekin egindako hitzarmen baten bitartez, arraun inklusiboa sortu zuen orain dela urte batzuk”. Hain zuzen ere, iazko otsailaren 19an lehenengo traineru inklusiboak parte hartu zuen Oriaren jaitsieran, Gipuzkoan. Ontzi hori klubeko hamar arraunlari beteranok eta Down Sindromea fundazioko lau lagunek osatu zuten. Orain, ikusita jarduerak “dimentsio handia” lor dezakeela, federazioari eskaini diote proiektu berria koordinatzea.

Oraindik saioak zehazten ari badira ere, asmoa da egitasmoa da maiatzaren amaieran hastea, lehenengo lagunekin. “Uztailean eta abuztuan geldialdia egingo dugu; irailean itzuliko gara, eta saioak ematen jarraituko dugu”. BBK fundazioak hainbat elkarterekin ditu hitzarmenak. Hori dela eta, hark koordinatuko ditu parte hartzaileen zerrendak. “Oraingoz, horrela egingo dugu. Aurrerago proiektuak pisua hartzen baldin badu eta norbaitek zuzenean guregana jotzen badu, guk bideratuko dugu dagokion lekura, arraun egin dezan”.

Saioak, lehorrean eta uretan

Proiektuaren ernamuina Arraunlari Beteranoak taldea izanda, hartako kideak izango dira ikastaroak emango dituztenak. “Orain arte proiektuan parte hartu duten monitoreek jarraituko dute eskolak ematen”. Parte hartzaileek prestakuntza jasoko dute Bilboko Euskalduna jauregiaren esparruan berariaz sortutako instalazioetan. “Lehenengo, lehorrean egingo dituzte saioak”, zehaztu du Aranburuk. Saio horietan, arraunaren nondik norakoak ikasiko dituzte: “Zer den, nondik datorren eta nola funtzionatzen duen”. Horrez gain, ergometroarekin praktikak egingo dituzte, “tramankulu horretan nola egiten den ikasteko”. Eta, ondoren, arraunaren teknika ezagutzeko, “erretenean” arraun egingo dute. “Behin arraunean egiten pixka bat ikasten dutenean, itsasadarrera aterako gara”. Traineru batean uretara salto egitea da asmoa.

Arraun Eskola Inklusiboa

Aranbururen arabera, proiektuak hainbat onura izan ditzake. “Parte hartzaileek ikusiko dute gizarte inklusibo bateko kide direla”. Horrez gain, kirola egingo dute. “Arraun egitea erabakitzen dutenek, arrauna pixka bat gustatzen zaielako erabakiko dute hori; aurreko proiektuan parte hartu dutenek esan digutenez, askotan entrenamenduak laburrak egiten zaizkie, eta gehiago nahi izaten dute”. Ondorioak etorkizunean neurtu beharko baldin dituzten arren, Aranburuk uste du emaitzak “onak” izango direla “guztientzat”.

Bizkaiko Arraun Federazioko presidentearen esanetan, “epe luzerako” proiektu bat da. “Gure asmoa da proiektuarekin hainbat urtean jarraitzea”. Dena den, ikusi beharko dute “noraino heltzen” den eta zer-nolako “prestasuna” duten. Printzipioz, arraun elkarteek ez dute egitasmoaren “egunerokoan” parte hartuko. Hala ere, Aranburuk ez du baztertu etorkizunean hori aldatzea: “Orain Bilbon jarriko dugu arreta, baina ikusten baldin badugu Bizkaira hedatu daitekeela, aztertu beharko dugu beste klub batzuekin lan egiteko aukera ere”.

Apirileko aurkezpena

Joan den apirilaren 22an aurkeztu zuten egitasmoa jendaurrean, eta Aranburuk aurreikusi baino “jende gehiago” bildu zen Euskalduna jauregiaren esparruan. “Proiektua ez da berria, baina bai haren dimentsioa. Jendeak egindako harrera txalogarria da”. Hainbat arraun elkarte agertu ziren, baita askotariko kiroletan aritzen den jendea ere: errugbikoak, pilotariak eta Athleticeko jokalari ohi batzuk. Are gehiago, Euskaldunara azaldu ziren lagunek arraun egiteko aukera eduki zuten.

“Osagai guztiak ditugu traineru hau porturaino eramateko”, adierazi zuen aurkezpenean Bizkaiko federazioko presidenteak. “Ziur nago hau gure estropadarik onenetakoa izango dela. Eta, gainera, gure traineruak integrazioaren bandera astinduko duela luzaroan”.