Euskal Herriko txistulari gazterik onena hautatuko dute bihar Bilbon

Euskal Herriko txistulari gazterik onena hautatuko dute bihar Bilbon

Ibai Maruri Bilbao

Hainbat urtez, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak txistulari gazteen txapelketa antolatu izan du Hernanin (Gipuzkoa). Utzi zuten, eta beste leku baten bila hasi ziren. Bihar, Euskal Herriko Txistulari Gazteen Txapelketaren lehen aldia jokatuko da Bilboko BBK aretoan. Elkarteak berak eta Bilbo Musikak antolatu dute. 16 urtetik beherako hogei neska-mutilek eman dute izena.

Donostiatik, Mutiloatik (Gipuzkoa), Iruñetik, Iruritatik, Orkoiendik (Nafarroa), Zornotzatik, Durangotik, Ispastertik eta Bilbotik bertatik iritsiko dira lehiakideak. 11:00etan hasiko da txapelketa: lehenengo, 12 urtetik beherako 11 txistulariak lehiatuko dira, eta, ondoren, 12 eta 16 urte arteko bederatzi lehiakideen txanda izango da.

Bilboko Udal Txistulari Bandako zuzendari Gorka Zabaletak gertutik kasu egin izan dio Hernaniko txapelketari: “Lehiaketa antolatu den hamalau urteetan txistulari belaunaldi asko pasatu dira handik”. Iruditzen zaio halako txapelketak aukera polita direla txistulari gazteek motibazio bat izan dezaten, ikasteko eta publikoaren aurrean jotzeko. Belaunaldi aldaketa bermatuta dagoela iruditzen zaio.

Txistuaren egoerarekiko baikorra da. Donostian eta Iruñean goi mailako ikasketak egin daitezke, eta, urtero, maila oneko txistulariak irteten dira. “Mailari dagokionez, txistuaren historiako egoerarik onena gaur egungoa da”. Musika eskoletan, ostera, ezberdin jokatzen dute herriaren arabera. Tokian tokiko tradizioak asko eragiten du, Zabalaren arabera. Bilbon, oro har, egoera ona dela iruditzen zaio. Musika eskolan irakasle bi daude, eta ikasleak “dezente” direla esan du. Gainera, bera buru den Udal Txistulari Banda ere “osasuntsu” dago.

Hamabostean behin, Bilboko Euskalduna jauregian kontzertuak eskaintzen dituzte, eta ia gehienetan aretoa bete egiten dela nabarmendu du. “Saiatzen gara gauza ezberdinak egiten. Adibidez, jo izan dugu zirkuarekin, edo jotzen ibili garen bitartean marrazkiak egin dituzte. Musika konpositore berriak ere bultzatu ditugu”. Hala ere, txistua historikoki kaleko musika tresna izan da, eta Bilboko Udal Txistulari Bandatik presentzia hori bermatzen dute. Esaterako, barikuetan kalejira egiten dute Zazpikaleetan. Eta ahalegintzen dira hiriburua osatzen duten barruti guztietara joaten, haietan egiten dituzten jaiak eta ospakizunak girotzeko. Zabaletak aitortu du garai batean presentzia handiagoa zutela kalean, baina oraindik ere mantentzen dela, nolabait.

Asteroko Zazpikaleetako saio horietan entzule, batez ere, turistak izaten dituzte; kontatu duenez, txaloka hartzen dituzte. Aste Santuan, Basque Fest jaialdiaren barruan, Guggenheim museoaren inguruan izan zuten kalejira, eta “oso arrakastatsua” izan zen: “Gure nortasunaren parte den zerbait ikusten dute, eta harritzen dira, baina gustatzen zaie”.

Tradizioa eta berrikuntza

Bizkaiko hainbat herritan hasi dira kalejirak berreskuratzen. Lan hori tokian tokiko txistulari taldeek egin behar dutela dio Zabalak. Eta egiten dutela iruditzen zaio. Gero eta gehiago kontzertuak eta txistulari alardeak antolatzen direla azpimarratu du.

Zabalaren ustez, txistuak arlo bietan jarraitu beharko du etorkizunean, iraun nahi badu: tradizioari eusten kalean eta bide berriak urratzen. “Ez dakit bide horiek norantz joko duten. Hor dago musika esperimentala. Txisturako ere idazten dute konpositore askok”. Txistulari elkarteak urtero lehiaketa bat antolatzen du, eta mundu osotik iristen dira obrak. Aldi berean, ohartarazi du txistuak ezin diola tresna herrikoi bat izateari utzi: “Hori galduz gero, dena galduko du”.