Correoseko lanpostu huts guztiak bete daitezela eskatu dute

Correoseko lanpostu huts guztiak bete daitezela eskatu dute

Mikel Garcia Martikorena

Posta zerbitzu publikoko langileek pairatzen dituzten lan baldintza “eskasak” salatu dituzte. Sindikatuek diotenez, Correoseko lantaldea ez da nahikoa, eta enpresa publikoak ez ditu lan karga kudeatzeko beharrezkoak diren kontratazioak egiten. Hori dela eta, postariek egin behar dute soberako lan hori, beren eguneroko beharrari gehituz. Lanpostu huts guztiak betetzeko eskatu diote enpresari. ESK sindikatuaren arabera, horrek “estresagatik eta antsietateagatik” hartutako laneko bajak areagotu ditu. Horiek horrela, ESK, LAB, UGT, CCOO eta CSIF sindikatuek protestetara deitu zuten abenduan, eta bere horretan jarraitzen dute.

Gatazka lehenagotik datorrela dioten arren, abenduan hasi ziren kontzentrazioak antolatzen ostiralero Bilboko Urkixo kalean dagoen Bizkaiko Correoseko bulego nagusian. Hori nahikoa ez zela ikusita, sindikatuak herrialdeko beste eskualde batzuetara ere mugitu dira langileak mobilizatzeko asmoz. Aste Santutik hainbat herritan mobilizatu dira. Asteon, esaterako, lau udalerritan antolatu dituzte kontzentrazioak: Ondarroan, Portugaleten, Barakaldon eta Santurtzin.

Dena den, elkarretaratzeak “laster” amaitu beharko dituztela salatu du Isabel Castro ESK sindikatuko posta arduradunak: “Hauteskunde kanpainan gutxienezko zerbitzuak ia %100ean jarriko dituzte, eta gure protestak zaildu egingo dira”. Hauteskunde garaiko lan karga “estresagarria da oso”, haren esanetan, eta “elkarretaratzeek estres hori handitu dezakete”. Halere, ESK-ko sindikalistak ziurtatu du Urkixo kalean ostiralero elkartzen jarraituko dutela kanpaina garaian.

Edurne Pinilla LABeko posta arduradunak iragarri duenez, datozen astelehenean, asteartean eta asteazkenean lau orduko lanuztea egingo dute Gernika-Lumon. Bi sindikatuetako arduradunek diotenez, kontzentrazio eta lanuzteen erantzuna “ia %100ekoa” izaten ari da.

Lanpostuak bete gabe

Pinillak dio egoerak ez diela soilik langileei kalterik egiten: “Posta zerbitzu unibertsala ez dago bermatuta, langileak falta direlako Bizkaiko hainbat lekutan. Astelehenetik ostiralera, egunero igaro beharko ginateke postontzi guztietatik, eta hori ezinezkoa da egungo langile kopuruarekin”. Pinillak salatu duenez, Correosen aburuz ez zaio zerbitzuari kalterik egiten, legez gutunak emateko lau eguneko epea dagoelako. LABeko arduradunak dio horrek postariaren “estresa handitu” egiten duela.

ESKren datuen arabera, Correosek Bizkaian 1.100 lanpostu inguru ditu zerbitzua eskaini ahal izateko. Baina, bi sindikatuek azpimarratu dutenez, arazoa ez da lanpostu kopurua txikiegia dela, baizik eta lanpostu horiek ez daudela beteta. LABen arabera, egungo plantilla osoaren “%50 baino gutxiago” ari da lanean. Horren atzean dago Correosek “erretiroak edo bajak” ez dituela betetzen, LABeko arduradunaren ustez. Pinillak esan du azkenaldian funtzionarioak erretiroa hartzen dabiltzala; hortaz, plantilla “une oro” murrizten ari da. Datorren asteburuan oposizioak egingo diren arren, Pinillak ez du argi lan karga arintzeko balioko duen ala ez: “Hirurehun lanpostu eskaini dituzte Bizkaian, baina horiek ez dira urrira arte lanean hasiko”.

Lan kargarik handiena

Pinillak adierazi du lanpostu horiek ez dutela ezinbestean karga guztia kenduko. Are gehiago, lan karga handiena duten garaira ez lirateke helduko, orain izango baitute lan handiko garaia: “Gaur egun dugun karga ez da egiteko modukoa dagoen postari kopuruarekin. Errenta kanpaina betean gaude, eta hauteskundeak datoz. Alderdi politikoen komunikazioa banatu beharko da, eta posta bidezko bozez arduratu”. Horri eguneroko lana gehitu behar zaio.

Herri batzuetan besteetan baino arazo handiagoak izango dituzte. ESK-ko arduradunak dio Ondarroan, esaterako, zazpi lanpostu daudela, baina soilik lau postarik egiten dutela lan: “[Herrian] Oinez egiten den banaketan, hiru lagun egon beharrean bakarra dago, eta lanaldi murriztuan, gainera”.