“Bonbardaketaz hitz egiteko eta jakiteko gogoa dago”

“Bonbardaketaz hitz egiteko eta jakiteko gogoa dago”

Zihara Jainaga Larrinaga

Apirilaren 26a iristen den aldiro, Gernika-Lumok hartzen du protagonismoa. Hala ere, Gernikari eraso egiteaz gain, 1937. urteko egun hartan Condor Legioak Munitibarri eta inguruari ere eraso zien airez. Hain zuzen, aire eraso horren inguruko kronika kontatzen duen liburua argitaratu du Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak: Munitibar 1937/04/26. Aire eraso baten kronika. Herritarrekin egindako elkarrizketak eta jasotako testigantzak baliatu dituzte jazotakoaren kontakizuna osatzeko. Joan den domekan aurkeztu zuten. Patxi Ibarzabal (Etxebarria, 1982) Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteko kide eta liburuaren koordinatzaileak dioenez, liburua osatzeko prozesua bera oso aberatsa izan da, baina baita zaila ere, katebegi asko dituelako. “Egin beharreko zerbait zen, bizi izan zutenei kontatzeak on egin dielako eta hurrengoentzat baliagarri delako”.

Gernika-Lumon egindako erasoaren hasiera izan zen Munitibarkoa.

Munitibarko aire erasoa baino egun batzuk lehenago, apirilaren 24ko iluntzean, Elgetako [Gipuzkoa] Intxorta mendiko zirrikitu batetik faxistak sartzen hasi ziren. Orduan, frontea apurtutzat eman zen, eta, domino efektuarekin, baita Eibar [Gipuzkoa] eta ia Kalamuara artekoa ere. Apirilaren 24tik aurrera, apurtutako fronteetako miliziano, gudari eta zibilak ihesean zihoazela aprobetxatuta, apirilaren 26ko goizean komunikazio bide bati eraso zioten. Ordurako, Elorrio, Durango eta Eibar txikituta zeuden. Azkena, apirilaren 25eko arratsaldean.

Zergatik aukeratu zuten faxistek Munitibar?

Faxistek sekula ez zuten arrazoirik izan. Militarki egindako operazio bat izan zen. Eibarko frontea apurtu, eta, era berean, Bizkaia barneko komunikazioa etenda, nolabaiteko tranpa jarri eta min eman nahi zuten. Batetik, gudari eta errepublikanoak kaltetzeko eta ahultzeko min morala; eta, bestetik, estrategikoki, bide bat moztu nahi zuten, herritarrak noraezean uzteko.

Aire erasoa izan zen. Nola gauzatu zen?

Batez ere, bi hegazkin mota erabili zituzten: Junkers 52 eta Heinkel 51. Lehenak, aire erasotzaile handiak ziren, zortzi metro luzekoak eta bonba handiak botatzen zituztenak. Bigarrenak txikiagoak ziren, arinagoak; horien estrategia maniobrak egitea zen: bueltak eman bitartean, mugitzen ari zen jende guztia metrailatzen zuten.

Zer ondorio utzi zituen?

Oso goiz hasi zen erasoa, eta, eguerdira arteko tartean, hegalaldi bat baino gehiago egin zituzten. Bereziki, etxeak, elizak eta kaleak suntsitu zituzten: herrigunea. Eraikinez gain, kalte pertsonalak ere izan ziren. Hogei hildako eta 25 zauritu inguru zenbatu ditugu. Horien artean herritarrak, gudariak, milizianoak eta iheslariak zeuden. Oso zaila da zenbat ziren zehaztea, aire eraso hartan ez baitziren denak erregistratu. Asko ebakuatu egin zituzten Gernika-Lumora edota Bilbora, eta han erregistratu zituztela uste da. Baina zenbakiak ez dira garrantzitsuena; Munitibar bezalako herri txiki baterako bost ere asko dira. Desagertutako 12 urteko neska bat ere badago biktimen artean. Ez zen beste ezer jakin hartaz, baina haren ahizpetako baten lekukotza jaso ahal izan dugu.

Hain zuzen, gertakari haren xehetasunak jasotzen dituzue Munitibar 1937/04/26. Aire eraso baten kronika liburuan. Nola osatu duzue liburua?

Gakoa testigantzak izan dira, herritarrekin egin ditugun elkarrizketak. Hainbat datu eta informazio jaso ditugu horietatik. Liburua hainbat kapitulutan banatua dago, eta aire erasoaren aurreko egunetako testuingurua, eta frontean eta bestelako tokietan zeuden munitibartarren bizipenak dira nagusi. Bestetik, apirilaren 25ean herrian mugimendu batzuk nabaritu zituztela kontatu ohi dute, eta, horregatik, ordutik aurrerako kontaketa kronologikoa jasotzen da liburuan, bezperan eta egunean bertan bakoitza zegoen tokietan, etxeetan edota frontean, zer gertatu zen zehaztuta. Kronika zabala da. Ahalegindu gara gutxi gorabehera ordukako kontaketa egiten. Azkenik, eranskinak gehitu ditugu: frontean egon ziren herritarren zerrenda, hildako eta zaurituen deskribapenak, hobiratzeak…

Memoria berreskuratzea da Ahaztuen Oroimena 1936 elkartearen xedea. Zer ekarpen egiten du liburu honek?

Egiari egiten dio ekarpen handi bat, baita transmisioari ere. Munitibarko testigantzek bizi eta gordetakoa dokumentatu, jaso eta balioa emateko ekarpena egiten du. Pasatu zena agertzen die hurrengo belaunaldiei, eta erreparazio keinu bat ere bada haiek bizi izandakoari eta eskubide urraketei. Biktima horiek ez dute izan inon jasota dagoen errekonozimendurik, eta horretan laguntzen du liburuak.

Erreparazio lanak eta memoria berreskuratzeak askotan topo egiten dute belaunaldien arteko isilunearekin. Nolabait, kostatu egiten da. Prozesuan halakorik nabaritu duzue?

Alde horretatik, hitz egiteko eta jakiteko gogoa dagoela ikusi dugu. Aukera eman zaienean, denek ireki digute atea gertatutakoa kontatzeko. Era berean, ikusi dutenean frogak bildu eta kontrastatu ditugula, lasaitu handia hartu dute, uste baitzuten laurogei urtean isilean gordeta izan dutena inork ez zuela sinetsiko.