Saskia merkatzeko ahalegina

Saskia merkatzeko ahalegina

Ibai Maruri Bilbao

Sartu aurretik, argi dauka zertara doan: “Arraina behar dut; ea zer ekarri duten. Antxoa merke badago, ale batzuk erosiko ditut. Fruta atzo eroan nuen, eta datorren astera arte badut etxean”. Maria Pilar del Pino Bilboko Zazpikaleetan bizi da, eta sarri joaten da Erriberako merkatura. “Niretzat bakarrik kozinatu behar dudanez, ez dut aparteko gutiziarik erosten. Aspaldi hil zitzaidan senarra, eta alargun pentsioarekin ezin dut gastu handiegirik egin”. Ahalegintzen da eskaintzak aprobetxatzen, baina ez dute asko baldintzatzen. Joan den hiletik, eguaztenetan, Erriberako 30 postutan produktu bat merkatzen dute. Batez beste, %20 jaisten dute prezioa. “Komeni bazait, aprobetxatzen dut. Baina beti ez dute izaten nik gura dudana”. Del Pinok gutxi inprobisatzen du erosketak egitera doanean.

Janire Sanarriagak arrandegia du merkatuko goiko solairuan. “Zapo beltza aukera dut gaurkoan: 9,90 euroan ipini dugu; 14,80 euroan izan dugu”. Goizean erabakitzen du zer merkatuko duen: “Mercabilbaon ikusten ditugu prezioak: zer eros dezakegun guk merkeago, hura aukeratzen dugu eskaintzeko”. Normalean ere egiten dituzte horrelakoak Erriberako merkatuan, baina Asteazkenetako Saskia programarekin kontsumitzaileei bermatu gura diete eguaztenero zer edo zer merkeago topatuko dutela. “Supermerkatuak aspaldi hasi zituzten inflazioari eta prezio garestiei aurre egiteko kanpainak. Hori ikusita bururatu zitzaigun kanpaina hau”, azaldu du Iñaki Herrerak. Beheko solairuan duen fruta eta barazki postuan, bainak ipini ditu merkatuta: 2,98 euroan saltzen du kiloa, baina, eguaztenetan, 2,38 euro eskatzen ditu.

Eguaztenak aukeratu dituzte mugimendu gutxien izaten duten asteguna izaten delako. Merkatuaren egoeraz berba egiterakoan, saltzaileak ez datoz bat. Batzuek diote martxa onean dabilela merkatua, nahiz eta aitortu Aste Santu ostean beherakadatxoa izan dutela. Oro har, beti kostatzen zaie oporraldiak pasatutakoan berriro normaltasunera itzultzea. Beste batzuk, berriz, ezkorrago daude. Merkatuko negozio batzuk biltzen dituen elkartea dago, eta hango kide direnek ipini dute martxan Asteazkenetako Saskia. Elkarteko kide ez den saltzaile batekin ere egin du berba Bizkaiko Hitza-k; ez du izen-abizenik eman gura izan, ez duelako harreman onik elkarteko buruarekin. Kontatu du gero eta jende gutxiago joan ohi dela Erriberara. “Begiratu ingurura: hemen dabiltzanen ia erdiak oporretan etorri direnak dira. Horiek fruta erosiko dute, agian, baina kozinatzeko ezer gutxi, batez ere hoteletan ostatu hartzen dutenak dira eta”. Une hartan, azalpenak ematen zizkien gidariak lagunduta merkatua ezagutzen zebiltzan hogei bat laguneko hiru talde zeuden. Argazkiak egiten zizkieten postuei. “Hemendik aurrera, uda pasatu artean, horrelako asko ibiliko dira hemen”.

Basauriko Lourdes Fernandezek ere ezkor ikusten du etorkizuna. Astean bizpahiru egunetan etortzen da Bilbora, erosketak egitera. “Dena dago garesti, eta inflazioa asko nabaritzen da. Baina kalitatearen eta prezioaren arteko oreka ona topatzen dut hemen. Kalitate bera duten beste toki batzuetan baino merkexeago eros dezaket”. Merkatua “triste” topatu duela aitortu du. “Harategian zegoen ezagun bati esan diot: ‘Ikusi duzu zenbat dabiltzan begira, ezer erosi barik?’. Ez da gaurko kontua, edo azken hilabeteetakoa: aspalditik igartzen da”. Fernandezen arabera, “jende gazteak” dituen ordutegiak eta merkatukoak ez dira bateragarriak. Merkatuan erosten dabiltzan gehienak pentsiodunak dira.

prezio

Javier Hernandoren iritziz, ordutegia ez da arazo bakarra. “Bikote gazte batek, haur bat edo bi baditu, ezin ditu hemen egin erosketak. Garestiegia da”. Duela urtebete alargundu zen Hernando, eta, kontatu duenez, pentsio “duina” du, “ondo bizitzeko lain”. Seme-alabei ere berak egiten dizkie erosketak: “Nahikoa gastu dute hipoteka ordaintzen eta biloben beharrei aurre egiten”. Harakinak aholkatu dio haragi xerra erosteko, merkatuta daukalako. “Astero etortzen naiz, eguaztenez edo eguenez, baina ez nuen kanpainaren berri. Aukera ona iruditu, eta aprobetxatu dut”.

Egokia iruditu zaio Hernandori, baina ez du uste bezeroentzako konponbidea denik. “Larri dabilenak igarri ere ez du egingo”, esan du. Virginia Camposek ere ideia ona dela uste du, baina ez besterik: “Bezeroak erakartzeko amua da. Agian, funtzionatuko die, ez dakit”. Uste du produktu bakarra merkatzea ez dela nahiko. “Ikusi ditut oilarrak merkatuta arrandegian, baina txikiegiak iruditu zaizkit, eta ez ditut hartu. Oilasko izterrak ere ikusi ditut, baina gaur ez nituen nahi. Behar dudan zerbait ipiniko balute, erosiko nituzke, noski, baina komeni bazait eta produktu ona bada”.

Prezioen gorabeherak

Saltzaile batzuek ukatu egin dute prezio garestiak dituztela. Herrerak ez du uste inflazioa askorik igartzen denik haienean. “Barazkietan eta frutetan gehiago eragiten du sasoiak”. Haren esanetan, haien sektoreak iazko uztailean jo zuen goia prezioei dagokienez. Arrandegietan ere itsasoaren egoerak gehiago eragiten duela esan du Carlos Azabalek; beheko solairuan du arrandegia. “Ez nuke esango prezio garestiak ditugunik; gurea sektore gorabeheratsua izaten da”. Hark astero aldatzen du Asteazkenetako Saskian ipiniko duen produktua. “Gaur, oilar txikiak aukeratu ditut. Ahalegintzen gara jendeak gehiago kontsumitzen duena ipintzen merkatuta. Berdela, barbarina eta itsaskabra izan ditugun asteetan, oso ondo saldu dugu”.

Herrerak astero ditu bainak merkatuta. Izan ere, lehen astean produktu hori aukeratu zuen, eta arrakasta handia izan zuen. Bigarrenean, kuiatxoak merkatu zituen. “Denak etorri zitzaizkidan baina eske. Beraz, astero produktu bera merkatzen dut”. Oro har, asko saltzen den barazkia da, Herraren arabera.

Hark kontatu duenez, jendeak galdetzen die zein duten eskaintza berezia. Gehienbat ohiko erosleak izaten direla esan du; ez dute nabaritu kanpaina honengatik bezero berri asko etorri zaienik. Herrerak hasieran ikusi zituen aurpegi berriak postuan: “Hasi aurreko barikuan, arratsaldez, hainbat jende etorri zen ikustera eta zer egingo genuen galdetzera”. Azaldu duenez, baina bila joan ez den jendeak menua aldatzea erabaki du, merkatuta topatu dituelako.

Erriberako merkatua

Lehen solairuko beste barazki postu batean —kanpainarekin bat egin arren, saltzaileak ez du izen-abizenik eman nahi izan—, erosketak bukatu berri dituen bezeroak kazetariak galdetu dionean izan du Asteazkenetako Saskiaren berri. A-4 tamainako kartel batek iragartzen dio zerbak zirela asteko produktua. Antzeko kartela dute parte hartzen ari diren saltoki guztietan. “Ikusten duzu?”, bota du saltzaileak, barrutik, bezeroaren ezagutza falta nabarmendu guran. Sare sozialetan iragartzen du astero zer merkatu duen, baina erosleek ez dute jakiten. Bezero gehiago etorri zaizkion galdetzean, sakon hartu du arnasa, begiak gorantz jaso ditu, besoak zabaldu, eta ez du erantzun.

Elkarteko kide ez den saltzaile haren arabera, kanpainak hainbat huts ditu. Batetik, ez du merkatu osoak parte hartzen. “Batasuna falta zaigu, baina elkartetik ez dute sustatzen; kontrakoa”. Bestetik, haren ustetan, ez da egoki ezagutarazi: “Prentsan eman duzue honen berri. Baina, zure lana gutxiesteko asmorik gabe, nork irakurtzen ditu egunkariak? Adinekoek. Baina, merkatuak aurrera egitea nahi badugu, guk bezero gazteak behar ditugu. Merkatuak astindu eder bat behar du; bestela, hamarkada bat barru, hau hilda egongo da”. Bilboko Udalaren konpromisoaren falta ere sumatzen du.