Ibai Maruri Bilbao
Enkartazioak Bizirik hautagaitza aurkeztuko dute bihar Avellanedako batzar etxean (Sopuerta), 12:00etan egingo duten ekitaldian. Maiatzeko foru hauteskundeetara aurkeztuko da, Enkarterriko hauteskunde barrutian. Balmasedako CIL Tokiko Hautagaitza Independenteak eta Abantoko AZI talde independenteak erregistratu dute Balmasedako Hauteskunde Batzordean. Hala ere, Ricardo Santamaria hautagaitzako lantaldeko koordinatzailearen esanetan, “eskualdeko gainontzeko talde independenteen babesa” ere badute. Egunotan ibili dira zerrenda osatzen.
Aurkezpenerako aukeratu duten tokiak esangura berezia du: garai bateko Enkarterriko Batzar Nagusien egoitza da; egun, Bizkaiko Batzar Nagusiak han biltzen dira urtean behin. Eguna ere berezia da: urteroko Pobeña 1890 jaia egingo dute bihar Muskizen, Trueba dokumentazio zentroak bultzatuta: industrializazio aurreko landa inguruko meatzaritza eta 1874ko Somorrostroko bataila antzeztuko dituzte. “Ekitaldi garrantzitsua da eskualdearen nortasuna eta historia gogoratzeko. Guretzat mugarria izan zen gudu hura: foruak galdu ziren, Batzar Nagusiak ere bai…”. Trueba zentroko zuzendaria ere bada Santamaria, eta haiek antolatutako jardunaldi batzuetan erne da hautagaitza. Martxoan, Sopuertan egin zuten Ikusgarritasuna Enkartazioentzat izeneko kanpainako jardunaldietako bat. “Enkartazioen pobretzeaz hitz egin genuen; zergatik gertatu den. Hainbat arlotako eragileak bildu ziren, eta batzuek hautagaitza bat sortzeko beharra aipatu zuten”.
Enkarterri Bizkaiko eskualderik “atzeratuena” da, Santamariaren esanetan: “Txapeldunak gara inork agertu nahi ez duen zerrendetan: langabeziarenean, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenenean…”. “Utzikeria” leporatu dio diputazioari: “Hainbat proiektu bultzatu nahi izan dituzte, baina ez dute aurrera egin: Karrantzako minda planta, Gueñesko industrialdea…”. Egoera horrek “ezinegona” sortzen du, baina orain arte ez dute asmatu hori bideratzen.
Batasun historikoa
Enkarterri historikoaren batasuna —Villaverde Turtzioz izan ezik— aitortzen den aldi bakarra dira foru hauteskundeak. “Asmatutako hiru eskualdetan zatituta gauzkate. Izena ere lapurtu digute”. Izan ere, Santamariak Enkartazioak deitzen dio eskualde historikoari: “Existitzen ez diren Enkarterri horren, Meatzaldearen eta Ezkerraldearen batura” da. Haren ustez, “sasieskualdeak asmatzea” Bilbo “aberasteko eta indartzeko” egin da. Santamariaren arabera, frankismoa hasi zen, XX. mendeko anexioekin. Gero, haren esanetan, udalez gaindiko erakundeak sortzeko Gernikako Estatutuak ematen dien aukera aprobetxatu dute erakunde demokratikoek, “mankomunitateen bitartez zatiketa horrekin jarraitzeko”. “Bilbo hiri txikia da; Somorrostroko bailarako biztanleak behar ditu ia milioi bat biztanleko metropolia izateko”.
Santamariaren iritziz, Enkarterri Bilboren “trastelekua” da. “Utzita” daude, “zerbitzu barik”. Feveren trenaren auzia ipini du adibide. Hiriburuan eta inguruetan nahi ez dituzten azpiegiturak ere haienera eroateko asmoa dagoela txarretsi du. Esaterako, Mercabilbao, Basauritik Ortuellara. Dioenez, kartzela ere Karrantzara eroan gura duten zurrumurrua dago. Eskualdean ipini gura dizkieten parke eolikoak ere salatu ditu, “mendiak kendu” nahi dizkietelako: “Enkartazioetako lurraren %80 baino gehiago komunalak dira, nahiz eta kudeaketa diputazioari utzi diogun. Zerbait esan beharko dugu, ezta?”.
Batzarkide bat lortzeko esperantza dute koaliziokoek. Oinarrizko programa adostuta dute: “Lehenengo, eskualdearen defentsa: erakundeak, historia, kultura eta ohiturak. Bigarrenik, eskualdearen ona bilatzea, garapen sozioekonomikoaren eta oinarri komunen gainean eraikita. Gure oinarriak dira erakunde arteko kooperazioa, justizia soziala eta gure inguru kulturalarekiko errespetua”. Ordezkaririk lortu ezean ere, beharrean segitzeko konpromisoa dute. Santamariak uste du soilik hauteskundeetako eztabaidan Enkarterri sartzea bera garaipen handia litzatekeela.