Gazteentzako psikologoak Durangon

Gazteentzako psikologoak Durangon

Mikel Garcia Martikorena

“Buru osasunik ezean, ez dago osasunik”. Hitzokin defenditu du Durangoko lehen alkateorde Julian Riosek Durangoko Udalak aurkeztu berri duen egitasmoa. Durangoko 14 eta 35 urte bitarteko biztanleek artatze psikologikoa bost euroan izateko aukera izango dute laster, udalak martxan jarriko dituen bonuei esker. Guztira 2.222 bonu daude, eta gazte bakoitzak urtean hamar erabili ahalko ditu gehienez. Riosek dio haien helburua “arreta psikologikoa erraztu eta demokratizatzea” dela. Izan ere, Durangoko lehen alkateordearen ustez, gaur egun buru osasuna “pribilegio” bat da.

Egoera hori amaitzeko asmoz, elkarlanean ari da udala Bizkaiko Psikologia Elkargoarekin. Azken horren eginbeharra psikologoak eskaintzea da. Riosek dio elkargoari esker Durangon diharduten psikologo klinikoak ezagutzea lortu dutela: “Zero kilometroko psikologoak nahi genituen ekimenerako”. Izan ere, udalaren ideia merkataritza bonuen antzeko zerbait egitea da.

Gazteek bost euro ordaintzeak ez du esan nahi psikologoek soilik bost euro kobratuko dutenik. Udalaren eta elkargoaren arteko lankidetzaren emaitzetako bat da 50 euroko prezioa bermatzea. “Gazteek bost euro ordainduko dituzte, eta beste 45ak, udalak. 100.000 euroko aurrekontua dugu horretarako”, dio Riosek. Lehen alkateordeak gaineratu du sarearen parte den “edozein” psikologorengana joateko aukera izango dutela gazteek. Hau da, bonua erosterakoan ez zaie bat esleituko: “gustukoen” dutena aukeratuko dute.

Proiektua zabaldu duten arren, azken urratsak geratzen zaizkie egiteko: “Alde teknologikoa bukatzea geratzen zaigu”. Bonuak eskuratzeko, hiru bide nagusi egongo dira: webgunea, sakelakorako aplikazioa eta udal kutxa automatikoak. “Hiru bide horiek hautatu ditugu gazteek era eroso, malgu eta anonimoan lor ditzaten bonuak”, gaineratu du Riosek. Maiatzean martxan jartzea aurreikusi dute. Bonua lortzeko, bi baldintza bete behar dira. Alde batetik, 14 eta 35 urte bitartean izatea; eta, bestetik, Durangon erroldatua egotea. Hala ere, 14 eta 16 urte bitartekoek gurasoen edo tutore legalen baimena beharko dute.

Pribilegiotik harago

Arreta psikologikoaren “pribilegiotasuna” bukatzea, baina, ez da egitasmoaren arrazoi bakarra. Riosek azpimarratu du “herritarren behar” bati erantzuteko bultzatu dutela ekintza: “Antsietatearekin, depresioarekin, elikadura portaeren nahasmenduekin eta bestelako buru gaixotasunekin lotutako arazoak geroz eta gehiago nabaritzen ditugu gure bizilagunengan; batez ere, gazteen artean”. Riosek dio pandemiarekin halako kasuek “gora” egin dutela.

Proiektuaren alde egiteko erabakia datuetan oinarritu du: “Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gazteen %30 inguruk buru gaixotasunen bat pairatzen dute. Are gehiago, Osakidetzaren datuek diote Psikiatrian artatutako azken 25.000 pazienteen %40 adingabeak direla”. Datu horiek garrantzi handia dute Riosen ustez; izan ere, 14 eta 35 urte bitarteko 7.000 biztanle daude Durangon; hau da, biztanleen %23 dira.

Horregatik, neurria “premiazkotzat” dauka Riosek. Haren ustez, buru osasunaren ingurukoak gizartean eta politikan jorratzen diren arren, “ez da ezer egiten”: “Buru osasunaren inguruan hitz egiten da eta ikusarazten da, baina gero ez da ekintza zehatzik bultzatzen”. Alkateordeak dio gazteak “etorkizuna” direla eta haiengan “inbertitu behar dela”: “Ezin dugu beste alde batera begiratzen jarraitu”.

Osakidetzaren eskaintza

Riosek argi utzi nahi izan du herritarren buru osasuna ez dela beren eskumena baina badela beren “ardura”. Haren ustez, “garrantzitsua da oso” bizitzaren aldaketak “ahalik eta era normalenean” eramatea. Osakidetzak izan beharko luke, Riosen aburuz, horren erantzule. Hala ere, lehen alkateordeak azaldu duenez, gaur egungo kopuruekin “ezinezkoa” da hori egitea: “Osakidetzan soilik 131 psikologo daude, hau da, 5,7 psikologo 100.000 biztanleko. Europan 18koa da batezbestekoa”. Riosek salatu du Osakidetzak eskaintzen duen erantzuna ez dela “eraginkorrena”: “Psikiatrian edo lehen arretan jorratzen da”.