Mikel Garcia Martikorena
Arte eszenikoek aste osoa daramate Barakaldoko Bagatza auzoko kaleak betetzen. Astelehenetik, Bagatza antzerki jaialdiaren zortzigarren aldia egiten dabiltza han. Atzo arte, herriko eskola eta institutuentzako ekinaldiak antolatu dira, baina, gaur eta bihar, herritar guztiei zabalduko dizkiete jaialdiko ekintzak. Zirku tailerrak, parkour erakusketak, txotxongilo emanaldiak eta miniatura antzerkiak izango dira, besteak beste, gaurko eta biharko egitaraua osatuko duten ekintzak. Mikel Pikaza Malas Compañias kultur elkarteko kideak dio “kaleak okupatzeko gogotsu” daudela.
Malas Compañias elkartea da jaialdia antolatzeaz arduratzen diren kideetako bat. Baina Pikazak azpimarratu duenaren arabera, jaialdiaren ezaugarri “berezietako” bat da antolakuntza hainbat talderen elkarlanaren ondorioa dela: “Barakaldoko Udaleko Kultura Sailaren, Zirkodomo elkartearen, Malas Compañiasen eta beste hainbat eragileren arteko lanaren emaitza da jaialdia”. Elkarlanak modua ematen die urtero askotariko proposamenak ekartzeko.
Zortzi aldien artean “ezberdintasun handiak” egon direla dio Pikazak: “Hasieran, ekitaldi askoz xumeagoa zen. Auzoko dantza taldearen aretoa eta auzoko merkatua antzoki bihurtzen genituen”. Baina 2019an sortutako Zirkodomoari esker, gauzak aldatu egin ziren. Are gehiago, Zirkodomoko ikasleek biharko antolatu duten zirku ikuskizuna jaialdiko “harribitxia” da, Pikazaren ustez. 19:15 aldera egingo dute.
Zirku kabaret moduko ikuskizuna izango da, eta Zirkodomo eskolako ikasleak izango dira protagonistak. Pikazak azaldu duenez, ikasturte osoan prestatutakoa erakusteko abagunea da haientzat. Zirkuetan bezala, aurkezle batek gidatuko du ikuskizuna oholtzan, hamaika protagonista agertuz doazen heinean. Horiek “askotariko” emanaldiak egingo dituzte; trapezioa eta oihalak erabiliz orekan ibiltzea, esaterako.
Baliabideak areagotuz
Ikuskizuna kalean izango den arren, Zirkodomoak bere gune propioa du Bagatzan. Eta ez da edozein leku, gainera; Euskal Herriko lehen zirku karpa iraunkorra da eskolaren egoitza. Pikazak dioenez, egun 5 eta 40 urte bitarteko berrehun ikasle inguru ditu zirku eskolak. Talde eta dinamika ezberdinetan banatuta daude.
Pikazaren ustez, karpa iraunkorra ezarri eta zirku eskola sortu izana jauzi kualitatibo bat izan da jaialdiarentzat: “Urtez urte jaialdia garatzeko aukera izan dugu baliabide gehiago ditugulako. Karpak aukera horiek handituko ditu”. Jaialdiak aste osoa irauten du, eta, astelehenetik ostegunera, karpan egiten dituzte eskolekin antolatzen dituzten ekintzak. Dena den, ekintza horiek ez dituzte jaialdiko astean bakarrik egiten; Pikazak azpimarratu duenez, urte osoan hainbat ekintza egiten dituzte eskolekin.
Izan ere, Zirkodomoarekin jaialdirako aukerak aldatu diren bezala, helburua ere aldatu egin da. “Jaialdiarekin hasi ginenean, gure helburua zen arte eszenikoak Bagatzara hurbiltzea. Oso auzo jendetsua garen arren, eskaintza kultural oso eskasa izan dugu urte luzez. Horregatik, arte eszenikoekin lotutako bestelako agenda bat sortu nahi genuen”, dio Pikazak. Egun, baina, agenda zehaztuz joan den heinean, eta Bagatzako eskaintza kulturala jaialdiari esker ezarriz joan denean, beste helburu bat du buruan Pikazak: hezkuntza eta arte eszenikoak lotzea, “eskola eta institutuekin lan egonkorra eginez”.
Ekiteko tartea
Nahi duten denek aukera izango dute zirkuaren ingurukoak probatu eta ikasteko. Gaur, 17:00etatik aurrera, Zirkodomo eskolak zirku tailer bat egingo du. Haur, gazte eta ez hain gazteek hainbat zirku diziplina ikasiko dituzte hartan. Tailerra lau txokotan banatuta egongo da: malabarrak egiteko gunea; kable, pilota eta monozikloekin oreka jokoak egiteko gunea; akrobazietarako gunea; eta oihala eta trapezioa.
Hori ez da izango bertaratutakoak zirku jardueretan aritzeko tarte bakarra. Bihar, 17:00etatik aurrera, Alba Salazarrek parkour erakustaldia emango du. Pikazaren aburuz, “benetan izugarria” da. Horren ostean, parkour tailerra egongo da. Salazarrek hasiberrientzako lehenengo pausoak irakatsiko ditu. Pikazak dio aurtengo jaialdian parkourra sartzea erabaki dutela “adierazpen berri eta askotarikoak” plazaratzen saiatzen direlako.