Aurrez aurreko errenta aitorpena eskualde guztietan egin ahalko da

Aurrez aurreko errenta aitorpena eskualde guztietan egin ahalko da

Ibai Maruri Bilbao

Astelehenean hasiko da Bizkaian 2022ko errenta aitorpenaren kanpaina, eta ekainaren 30era arte iraungo du. Duela bi urteko anabasaren ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak iazko ereduari eustea erabaki du. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza foru diputatuak azpimarratu duenez, erabiltzaileek 8,5 puntuko nota ipini zioten zerbitzuari. Beraz, aurten ere, hiru bide egongo dira aitorpena egiteko: Internetez, telefonoz (94-6083000) eta aurrez aurre, bulegoetan. Markina-Xemeingo eta Igorreko Gertu bulego berriei esker, oraingoan herrialdeko eskualde guztietan egongo da aukera hori. Bizkaia.eus/renta webgunean eta kanpainaren sakelakorako aplikazioan astelehenean bertan egongo da eskura Ogasunak egindako zirriborroa.

Guztira, hamabi bulego dira; Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Bermeon, Bilbon, Gernika-Lumon, Getxon, Mungian, Durangon eta Portugaleten daude besteak. Aurrez ordua hartu beharko da Internetez edo telefonoz, eta orduan esango diete zergadunei zer agiri eroan behar dituzten bulegora. Iñaki Alonso Ogasuneko foru zuzendariak adierazi duenez, osotara 350 pertsona ibiliko dira kanpainari dagozkion zereginetan: 250 telefonozko aitorpenak egiten eta ehun aurrez aurreko arreta eskaintzen.

Astelehenean bertan bidaliko ditu 800.000 aitorpen zirriborro inguru zergadunen etxeetara. Ogasunak uste du 623.000 aitorpen inguru aurkeztuko direla. Horietatik, 411.000 zergadunaren aldekoak izango dira, eta buruko, batez beste, 1.190 euro itzuliko ditu Ogasunak. Gainontzeko 212.000 aitorpenen kasuan, zergadunak, batez beste, 1.808 euro ordaindu beharko dizkio Ogasunari. Beraz, Ogasunak 489 milioi ordaindu beharko ditu guztira, eta 383,2 milioi jasoko ditu. Ogasunak uste du zergadunek ia 684 milioi euroko gizarte kenkariak aplikatuko dituztela beren aitorpenetan; aurreko kanpainan baino hogei milioi gehiago dira.

Aitorpena aurkeztu behar dutenak iazko pertsona berak izango dira; horretarako baldintzetan ez dago aldaketarik. Baina PFEZaren arautegian egin dituzte. Besteak beste, likidazio oinarri orokorrari aplikatu beharreko tarifa %5,5 deflatatu dute, krisiari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz. Aldi berean, %5,5 igo dituzte tributazioa batera egiteagatik aplikatzen den murrizketa, kuotaren gutxitzea eta kenkari pertsonalak. Mikroenpresetan, enpresa txikietan edo ertainetan inbertitzea sustatzeko kenkaria %10etik %25era igo dute. %35eko murrizketa ezarri dute enpresa berritzaileetan egiten diren inbertsioetarako eta silver economy delakoari lotutako enpresetan egiten direnetarako.

taula

Autonomoak eta forfaita

Zerga kontrolerako Batuz sisteman euren borondatez sartutako langile autonomoek murrizketa aplikatu ahal izango diote jarduera ekonomikoen etekin garbiari PFEZaren aitorpenean. Betebeharrak betetzen hasitako egunaren araberakoa izango da murrizketa. 2022ko urtarrilaren 1ean hasitakoek %15eko murrizketa aplikatu ahalko dute. Bere horretan mantentzen da 2022an Batuz sistemara egokitzeko egindako gastuengatik aplikatu daitekeen kenkaria: gastuen %30ekoa da.

Energiaren krisiari aurre egiteko neurriei dagokienez, %10etik %15era igo dute jardueraren diru sarreren eta amortizazioen, narriaduraren ondoriozko galeren eta justifikatzen zail diren gastuen arteko diferentziari aplikatu ahal zaion murrizketa orokorra —forfait delakoa—. Nekazaritzako eta abeltzaintzako jardueretan eta salgaien errepideko garraioan %70ekoa izango da.

Kuotaren aparteko gutxitze bat ere sartu dute: berrehun euroko murrizketa aplikatu ahal izango dute 30.000 eurotik beherako zerga oinarri orokorra daukaten zergadunek. 30.000 eta 35.000 euro bitarteko zerga oinarri orokorra daukaten zergadunentzat, txikiagoa izango da.