“Gizartean oso azkar doa dena, baina horrek ez du zerikusirik nirekin”

“Gizartean oso azkar doa dena, baina horrek ez du zerikusirik nirekin”

Zihara Jainaga Larrinaga

Geografia eta Historia lizentziaduna, ehun ondarearen kontserbazio eta zaharberrikuntzan aditua, eta tradiziozko ehungintzako teknika ezberdinen ikertzailea da Soledad Santisteban (Bilbo, 1956). Berrogei urtez afizioa eta lanbidea uztartu ondoren, laster erretiratuko da lan mundutik, baina ez ehungintzaren mundu emozionaletik. Granadara (Espainia) egindako bidaia batean hasi zen dena. Ehungailu bat zuen gizon bat ikustera joan zen, eta, orduz geroztik, asko gozatzen du Bilbo erdialdean irteerarik gabeko kale bateko seigarren solairuan duen tailerrean. Kolorez, makinaz, ehungailuz, trapuz eta bestelakoz beterik du tailerra. Gehienbat ehungintzan aritu da, baina zaharberritzea oso garrantzitsua izan da haren bizitzan. Krisi garaian zaharberritzeak behera egin zuela dio, eta orduan irakaskuntzan eta sorkuntzan aritu zen gehiago. Asko gozatzen du egiten duenarekin, baina etekin ekonomikoa atera behar dionez, lana deitzen dio. “Hori da nire lanaren onenaren alde txarra”. Tailerrean egin du hitzordua.

Zeinen leku bitxia. Ez da horrelako askorik izango Bilbon.

Batere ez. Oso berezia da. Ez dago inor horrela ehungintzan diharduenik. Badira ehungintzan aritzen direnak, baina Bilbon, ez. Urte hauetan gauza asko bildu ditut lantegi handi honetan.

Zer esanahi du leku honek?

Nire habia da. Bizitza profesionalaren amaieran nagoen honetan esan dezaket ez dela bizitza profesionala soilik izan; ehungintzaren inguruan egindako bizitza emozionala izan da.

Bilboko ehule ezagun bat zara, eta, denborarekin, zaharberritzaile aditu bihurtu zara.

Kasualitatez iritsi nintzen duela berrogei urte mundu honetara. Bizitzako momentu batean Arkitektura ikasketak uztea erabaki nuen, eta ez zen artisautza izan probatu nuen lehen gauza. Hortik aurrera, beti eutsi izan diot ehungintzari, oso modu artisauan lan eginez. Betiere, eskuekin. Bizitzak sigi-saga ibilarazi nau, artisautzatik bizitzeko moduak bilatuz. Soldata bat behar nuen, eta bizitza osoan bizi izan naiz honetatik. Era guztietako krisiak saihestu ditut. Bizitzako beste une batean ustekabeko enkargu bat iritsi zitzaidan, zaharberritzearen alorrean mugarri bat markatuko zidana. Gizon bat alfonbra bat sorbalda gainean zuela sartu zen lantegiko atetik, eta zera esan zidan: zuk alfonbrak egiten dakizu, konpontzen ere jakin behar duzu. Une horretan ehungintzaren alorreko beste ikasketa batean murgildu nintzen. Hala, alfonbrak konpondu egiten ditudala uste dudan arren, horrek zaharberritzearen esparrura eraman ninduen. Ia hogei urtez zaharberritzea izan da hiru hanka dituen lantegi honen hanka nagusia.

Zaharberritzean, sorkuntzan eta irakaskuntzan aritu zara. Hiruretatik zeinetan sentitzen zara identifikatuen?

Irakaskuntza asko gustatzen zait. Baina sorkuntzari dagokionez, orain primeran sentitzen naiz. Ongi dago hiru gauza hain ezberdin izatea. Bakoitzak berea dauka. Ikastaro asko eman izan ditut, unean modan zegoenari egokitzen nintzaion. Ehotzen hasi nintzen garaian hippy samarra nintzen, artile naturalezko mantak gustatzen zitzaizkidan; alta, jendea lihoarekin interesatzen hasi zen, eta egokitu behar izan nintzen.

Tradiziozko ehungintzaren ezagutza izan da zure lilura, eta zuntz naturalak, zure bokazioa. Nola gogoratzen duzu ehungintzarekin izan zenuen lehen harremana?

Nire garaiko emakumea naiz. Nire garaian neska guztiok egiten genuen gure traputxoa. Baina etxean ez ninduten behartu, zegoena zegoen, josi egiten zen. Ez zen inposatutako zerbait; gehiago zen eguneroko bizitza. Hala ere, amaren ahalegina izan zen etxetik kanpo bizitza bilatzea, ikasteko, lan bat izateko. Ez nintzen tradizioa haustera iritsi. Are gehiago: unibertsitatean, azterketa bat gainditzen ez nuen bakoitzean, artilea erosi eta jertse bat egiten nuen.

Granadarako bidaia batean hasi zen dena. 1980ko hamarkadaren hasieran ustekabeko norabide aldaketa batek bertan kokatu zintuen.

Ordurako utziak nituen Arkitektura ikasketak, eta lehenago beste zerbait probatua nuen. Extremaduran [Espainia] indusketa arkeologikoak egiten aritu nintzen, baina ez zitzaidan hainbeste gustatu ideia, eta, geroago, Granadara joan nintzen ehungailu bat saltzen zuen gizon bat ikustera. Bertako egonaldia ikaragarria izan zen.

Zer geratu zitzaizun ordukotik?

Granadaz hitz egiten badidazu, irribarre handi bat aterako zait. Dena izan zen hain positiboa, eta hainbeste gozatu nuen, hain ondo atera zitzaidan dena. Granadak hurrengo berrogei urteetako oinarriak ezarri zituen.

Granadan bi urte eman ondoren, 1983an Jataben finkatu zinen, eta ondoren, Bilbon.

Hippy garaia izan zen. Baserri bat hartu genuen lagun talde batek, eta ukuiluan lehen tailerra jarri nuen bi ehungailurekin. Ekoizten eta klaseren bat ematen aritzen nintzen, baina oso zaila zen Jatabera iristea. Zailtasun horrekin eta irakaskuntza eskaria zegoela ikusita, Getxoko eta Bilboko udal tailerretan eskolak ematen hasi nintzen. Orduan, Bilbon tailerra muntatzea erabaki nuen. Itsas Armadako Komandantziaren aurrean eduki nuen lehen lantegia.

Extremadurako indusketei dagokienez, Geografia eta Historia lizentziaduna ere bazara.

Betidanik izan naiz ikasle fina. Geografia eta Historia ikastea erabaki nuenean, baserriko tailerra muntatua nuen. Arkitektura bukatu gabe utzi nuen; agian, hor neukan arantza bat. Karrera bat egitea erabaki nuen, eta oso pozik nago, lizentzia horrek, zerikusirik izan ez badu ere, ate asko irekitzeko balio izan didalako. Argi dago tituluak laguntzen duela gauzak egin ahal izateko. Zaharberritzearen munduan, ez zegoen irakaskuntza arautu eta antolaturik; hala, titulazio horrek aukera ematen zidan ikastaro espezifikoetan sartzeko. Agian, karrera bat izatea nahi zuten gurasoei eginiko ordaintza bat ere izan zen.

Ehungintzaren munduak, bere alderdi eta adierazpen guztietan, zure bizitzako etapa guztietan zehar lagundu zaitu. Zer bilakaera izan duzu urte hauetan guztietan?

Asko ikasi dut. Gustuko gauzen bila joan naiz, bertatik bizi ahal izateko. Bilakaerarik handiena eskuz ehuntzeko ehule zena zaharberritzaile bilakatzea izan zen. Egun, ehungintzak garrantzia hartu du berriz. Irakaskuntza ere beti egon da presente.

Batzuetan proposamen egituratuagoekin aritu zara, alderdi zorrotzagoekin eta arauekin. Besteetan, aldiz, proposamenak askeagoak eta sortzaileagoak izan dira. Zeinetan sentitzen zara erosoen?

Bi mundu guztiz ezberdin dira. Kontserbazioak arauak ditu, eta sormena gauzak nola egin erabakitzeko erabiltzen da, ez baitago arau finkorik. Iristen zaizun lan bakoitzak bere arazoak ditu, eta, hor, lana antolatzeko eta nola konpondu erabakitzeko balio du sormenak. Baina behin konpontzen hasiz gero, brodatze fineko lana da. Eskuzko lana da, baina zehaztasun handiz egin behar da. Dena oso kontrolatua. Gaur egun, feltroa tratatzen ari naiz bereziki, eta antitesia da. Teknika kontrolatzen dut, baina materia da lantzen dudana, eta ahalik eta mardulena izatea gustatzen zait. Ehungintzako zaharberritze lanaren kontrapuntua da.

Esan izan duzu ehungintzaren zaharberritzea ez dela beste material batzuena bezalakoa. Zergatik?

Ehungintzako zaharberritzeak edozein zaharberritzek dituen oinarri teoriko berberak ditu, baina egiteko orduan ez da gauza bera. Euskarriak ez du zerikusirik. Ehungintzako materiala zuntz bizia da, berezko narriadura du, eta, horregatik, lan egiteko eta funtzionatzeko modua erabat desberdina da. Koadro bat garbitzen denean koloreak ateratzen dira, lehenagoko beste bizitza bat berreskuratzen da, baina ehun bat hautsita dagoenean ez dago atzera egiterik. Belusari ilea betiko joaten zaio. Bestalde, teknikek ez dute zerikusirik.

SOLEDAD SANTISTEBAN

Ehungailua. Lagunekin baserri bat alokatu zuen Soledad Santistebanek Granadatik (Espainia) itzultzean, eta bertan jarri zuen lehen lantegia. Irudian, 1983. urtean, Jatabeko Abaro Txiki baserrian.

Zer da tailerreko atetik sartu den gauzarik bitxiena?

Bada bat, jaso nuenean oso pieza harrigarria egin zitzaidana. Ondarroako Arrantzaleen Kofradiatik deitu ninduten, 1902. urtean estropada batzuetan irabazitako bandera bat zuten, eta konpondu nahi zuten. Nire harridurarako, garai hartan saria Espainiako errege bandera handi bat zen. Lana ez zen batere berezia, hezetasun apur bat zuen, baina objektuak zirrara eragin zidan, ez nuen imajinatzen horrelako bandera bat, halako tamainakoa. Begoñako Ama Birjinaren mantu ikusgarri bat ere izan dut. Piezarik zaharrenen artean, XVI. mendeko euri kapa bat: Elorrioko belus zoragarri bat.

Ikastaroak eman izan dituzu urte askoan, teknika gal ez dadin. Interesa dago oraindik?

1990eko hamarkadaren erdialdera arte, ehuna modan egon zen, klase asko eman nituen. Gero, interesa galdu zen, edo niri behintzat ez zitzaidan eskaririk iristen. Baina, egun, pandemiaren aurretik, krisiaren susperraldiarekin, buelta eman zaio. Gaur egun, astero etortzen diren ikasleak ditut.

Nola ikusten duzu ehungintzaren etorkizuna?

Ditudan ikasle gehienak erretiroa hartu eta ikasteko gogoa duten emakumeak dira. Bestalde, 25 eta 35 urte bitartekoak, ehungintzan baino gehiago artearen eta sorkuntzaren esparruan aritzen dira. Ehungintza, azkenean, adierazpen elementu bat da. Etorkizunean, nik erretiroa hartuko dut, eta ez zait iruditzen hemen inork ordezkatuko nauenik.

Multinazional handiak sartu dira sektorean. Zure tailerraren azpian “likidazioa” dioen kartel bat ageri da.

Adibidez, oso gortina politak egiten nituen, baina hamar aldiz merkeago eskaintzen zuten enpresak agertu ziren. Eragiten du, baina uste dut hortik atera behar dela, eta egiten dudana berezia delako ustea daukat. Horretarako, norbere lekua bilatzeko gai izan behar gara, eta denontzako lekua dago. Ez dira hainbeste sartu nire lanean, nik egiten dudan horretan, gizartean sartu diren bezainbeste. Erabili eta botatzea nagusi den gizarte batean bizi gara, eta dena oso azkar doa, baina horrek ez du zerikusirik nirekin.

Egindako lana balioetsia sentitu duzu?

Bai. Ez naiz kopiatuta sentitu. Antza denez, txinatarrei ez zaie interesatzen nik egiten dudana kopiatzea.

Ia berrogei urte ofizioan. Artileak, lihoak, kotoiak, zetak… Ehun horik kide banaezinak izan dituzu denbora honetan. Zerbait egiteko gelditu zaizu?

Atzera begiratuz gero, gauzak beste era batera egin nitzakeen, baina, orduan, nik uste bezala egin nituen. Ez nuen sekula planteatu Granadatik ez itzultzea. Erabaki hori konturatu gabe hartu nuenean, Bilbo erdian lantegi bat ireki nahiak lotzen ninduen. Ehungailu bila joan nintzen, baina ez nindoan betirako. Garai hartan ikasten ari nintzen, eta horretara joan nintzen, ez nintzen han bizitzen geratzeko ideiarekin joan. Hala ere, pozik nago nire bizitzarekin.