25 lagunentzako zentro soziosanitarioa, Gernikako ospitalean

25 lagunentzako zentro soziosanitarioa, Gernikako ospitalean

Ibai Maruri Bilbao

Gernika-Lumoko Ospitalean ospitaleratzeetarako oheak eskatu izan dituzte Busturialdeko eta Lea-Artibaiko hainbat herritar eta agintarik duela hamarkada bat zabaldu zutenetik. Larrialdi zerbitzuak ditu, ebakuntza batzuk ere egiten dituzte, baina pazienteak ospitaleratu behar duenean, Usansolora bidaltzen dute, Gernikan ez dagoelako oherik. Orain ipiniko dituzte, baina ez dira paziente arruntentzat izango: mendekotasuna duten adinekoak eta pertsona kalteberak artatzeko zentro soziosanitario bat atonduko dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ospitaleko hirugarren solairuan. 25 lagunentzako lekua izango du, eta Gernika Erreferentziako Eskualde Zentroa izango du izena.

Astelehenean iragarri zuten Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak eta Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Bilbon. Erakunde biek egindako akordio baten emaitza da, erakunde batek besteari eraikin bat uzteko, eta alderantziz. Izan ere, diputazioak EITBren Iurretako egoitza izandakoa lagako dio Osasun Sailari material sanitarioa eta ez-sanitarioa kudeatzeko zentro logistiko bat atontzeko han.

Nahiz eta modu ofizialean astelehenean iragarri zuten Gernikako zentroaren proiektua, aurretik ere ezaguna zen, Jose Mari Gorroño alkateak joan den astean proiektuaren aurkako mozioa aurkeztu zuelako, “ospitalearen eskaintza hipotekatuko duelako”. Asteleheneko agerraldian, Sagarduik erantzun zuen Gernika-Lumok eta haren eskualdeak duten premiei erantzunez hartu dutela erabakia. “Esan izan dugu ospitalizazio oheen beharrizana Galdakaoko oheen bitartez eta sarean dauden beste ospitaleen bitartez betetzen dela. Ikusten dugu gaur egungo errealitatean eskualdeak zentro soziosanitario honen beharrizan handiagoa duela”.

“Ospitaletik sendagiria jasota irten baina oraindik etxean egoteko moduan ez dauden pertsonak, eta istripua izan eta ospitaletik irtendakoan errehabilitazioa behar duten pertsonak artatuko dira zentroan”, jakinarazi du Etxanobek. Hainbat diziplinako laguntza talde espezializatu bat izango du, GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko beharginek eta Osakidetzakoek osatuta.

Beste zentro bi

Foru diputatuak azpimarratu du zentroak bere sarbidea izango duela, ospitalekotik bereizia. Aldundiak lau milioi euroko inbertsioa egingo du lekua egokitzeko. Proiektua urte bukaerarako izatea espero dute, eta datorren urtean lizitatuko dituzte lanak. Etxanobek ez du zehaztu noizko egon daitekeen martxan.

Badago halako beste zentro bat Bizkaian: Bilboko Txurdinaga auzoko Birjinetxe. Leioan beste bat atontzen hasita daude daborduko, GUFEk herrian duen adinekoen egoitzan. 100 lagunentzako lekua eta 25entzakoa daukate, hurrenez hurren, eta Bilborako eta Uriberako erreferentzia zentroak izango dira. Gernikako honekin, foru aldundiak eskaintzen duen arreta soziosanitarioa hobetuko da, Etxanoberen arabera. Izan ere, Barrualde deritzon zerbitzua emango dion erreferentzia zentroa izango da Gernika-Lumokoa.

Horrelako gehiago beharko dira, gainera, zaintza ereduan diputazioa egiten ari den trantsizioaren ardatzetako bat izango dira-eta zentro hauek. Diputatuak gogoratu duenez, beste bi ardatzak dira Etxetic zentroak eta adinekoen egoitzetan sortzen ari diren bizikidetza unitateak.

Berrehun lanpostu

Berrogei urterako utziko dio diputazioak Jaurlaritzari Iurretako egoitza, Osakidetzaren zentro logistikorako; epea luzatu ahal da. Orube bi dira: 29.000 eta 22.000 metro koadrokoak. Orain eskualdeka egiten duten kudeaketa, eta modu bateratuan egiteko aukera emango die zentro berriak. Handik erosi eta banatuko dute materiala. Sagarduiren esanetan, erosketa bateratuak prezio merkeagoetan lortzen lagunduko die. Esan du eskualdean berrehun lanpostu sortzen lagunduko duela.