Ibilbidea bonben hotsei jarraika

Ibilbidea bonben hotsei jarraika

M. Garcia Martikorena

Intxortatik (Elgeta, Gipuzkoa) zetozela bonbardatu zuten Italiako hegazkinek Elorrio, 1937ko martxoaren 31n. Hainbat bonba bota zituzten herrian; gehienak, gaur egungo Balendin Berriotxoa kalean zehar. Datu zehatzak jakitea zaila den arren, Laumunarrieta 1937 elkarte memorialistaren aburuz, hamahiru bizilagun hil ziren Elorrioko bonbardaketen ondorioz. Hegazkinek bonbak jaurtitzerakoan ateratzen zituzten argazkiak lortu, garaiko dokumentuak ikertu eta testigantzak bildu ondoren, elkarte memorialistak jakin du non erori ziren zehazki bonba horiek.

Informazio hori erabilita aurkeztuko dute gaur memoria ibilbidea. Totem batean hasten da ibilbidea. Azaltzen da herrian zehar non eta zein ordenatan bota zituzten bonbak, bertaratutakoek bonben hotsak egin zuten ibilbidea haien kabuz egiteko adina informazio eskainita. Mila Villa Laumunarrieta 1937ko kideak dio memoria historikoa jorratzen duen talde bezala “derrigorrezkoa” izan dutela ibilbidea egitea. Villak esan du Elorrion “gutxi” hitz egin dela bonbardaketaren inguruan bizitakoaz, errepresioaren “beldur” zirelako: “Gazteek jakin behar dute zer gertatu zen haien sorterrian, etorkizunean nola jokatu jakiteko”.

Duela 86 urte gertatutakoa ikusarazteko Laumunarrieta 1937 elkarteak Gogora institutuarekin eta Elorrioko Udalarekin batera bultzatu duten egitasmoak gune fisikoa dauka. Bi aurpegi dituen totem bat jarri dute Balendin Berriotxoa kalean. Bertan, bonbardaketaren inguruko informazioa dago. Bonben erorketaren ordena adierazten duen ibilbidea azaltzen da. Horretaz gain, denbora lerro batek, gertatutakoaren azalpen batek eta garaiko argazkiek osatzen dute informazio panela.

Gertaera historikoa teknologia berriekin uztartu dute, sakelako telefonoarekin QR bat irakurtzeko aukera ahalbidetuta. QRan sartuz gero, sakelakoan informazio asko agertzen da: Durango 1936k zein Laumunarrieta 1937k bildutako testigantzak, eta ibilbidearen mapa interaktiboa, bonba bakoitza non erori zen azaltzen duena, besteak beste. Jose Garaizabal elkarte memorialistako kideak azpimarratu du “nahi duenak aukera” izango duela “Elorrion zer gertatu zen jakiteko”. Izan ere, momentu oro egongo da eskuragarri informazioa.

Elorrioko memoria ibilbidea

Ibilbideaz gainera

Nahiz eta Gogora institutuarekin batera egindako totem eta ibilbide historikoa gaur aurkeztuko dituzten, Laumunarrieta 1937 elkartea sortu zenetik urtero hainbat ekintza bultzatu dituzte. Hitzaldiak eta txangoak Intxortara eta Hego Euskal Herriko gerra fronteetan garrantzitsuak izan ziren beste eremuetara, Elorrioko eskolekin tailerrak, erakusketak, eta abar.

Egitasmo horietatik bat azpimarratu du Laumunarrieta 1937ko presidente Jesus Aristegik: plazatik gertu dagoen murala. Horma irudia gaur aurkeztuko den ibilbidearen parte da, 2018an egin bazuten ere. Aristegik azaldu duenez, muralean Italiako hegazkinek bonba jaurtitzeko momentuan atera zuten argazkia ikus daiteke: “Argazkia Jon Irazabalek lortu zuen Italiako artxiboetatik”.

Dena den, Laumunarrietako kideak ez du uste nahikoa denik orain arte egindakoa: “Elorrion ikerketa sakona egitea falta da”.