Zihara Jainaga Larrinaga
Azken bederatzi urteotan euskal kulturaren erreferentzia bilakatzen da Bilbo bost egunez, Aste Santuan. Bilbo Basque Fest jaialdiaren barnean, hiriko 30 bat espaziotan, besteak beste, gastronomia, musika, zinema, dantza, eta kirolari loturiko ekintzak antolatu ohi dituzte. Datorren eguaztenean abiatuko da aurtengoa, eta domekara arte egongo da non gozatua Bizkaiko hiriburuan.
Aurten prestatu duten programa oso interesgarria dela adierazi du Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak. “Bederatzigarren aldia izatea ez da gauza makala. Proiektuak zentzua izatearen erakusle da hori”. Etorkizunean ere indartzeko asmoa agertu du. Hain zuzen, aurtengo edizioan berrehun jarduera baino gehiago antolatu dituzte, bost egunetarako. Datuei erreparatuz, 360 jatetxek, tabernak, denda espezializatuk eta bestelakoek hartuko dute parte aurtengo edizioan. Jardueretan, halaber, 230 artista ariko dira, eta 150 lagun lanean.
Otxandianoren esanetan, Bilbo Basque Festek doako eskaintza zabal interesgarria emateaz gain, nortasuna ematen dio hiriari. Turismo estrategiari dagokionez, Bilboko zinegotziak dioenez, garrantzitsua da hiriaren balioak indartzen dituelako. “Gure nortasuna eta kultura zabaltzeko aukera aproposa da”. Hain zuzen, helburu bikoitzarekin jaio zen Bilbo Basque Fest. Batetik, Aste Santuan kanpotik etortzen direnek eskaintza interesgarri bat izan zezaten nahi zuten agintariek, “hiria bizirik ikusteko”; alta, aldi berean, opor egun horietan Bilbon gelditzen diren herritarrentzako eskaintza ere bada.
Kultura nahi beste
Gas plaza izango da aurtengo kultur programazioaren erdigunea. Bertan, Kukai Dantza konpainiak Gelajauziak (fragments) dantza lana eskainiko du eguenean, apirilaren 6an, 20:30ean. Oholtza berean, egun bat geroago, Lekittoko Deabruak taldea Akelarre ikuskizunarekin ariko da. Euskal zigiluko eta umorez jositako antzerkiak, bestalde, Bilborock eta Ripako kaia bizituko ditu. Hala, Humor and Basque taldea Bilborockera itzuliko da ostegunean, apirilaren 6an, Kiero ser vasco, palabra de catalán lanarekin. Ostiralean, apirilaren 7an, Kolektibo Monstrenkoren txanda helduko da, eta Espejismo taularatuko du. Azkenik, larunbatean, apirilaren 8an, ikus-entzuleen barre algarak piztuko dituzte, Los cuatro elementos interpretazioarekin. Hiru emanaldiak 20:00etan hasiko dira.
Horrez gain, Bilboko eta Euskal Herriko kulturako pertsonaia mitikoenetako bat, Gargantua, jaialdiaren aldi honen berritasunetako bat izango da. Haurrak jaten dituen erraldoia Guggenheim museoaren zelaigunean egongo da, Bilboko Txistulari Bandaren eta Gaztediren zuzeneko musikak lagunduta.
Berritasunekin jarraituz, azken bi urteetan zinema sartu dute Basque Fest egitarauan. “Ekarpen interesgarria egiten du”, esan du Otxandianok. Euskal zinemaren gorakada eta arrakasta etengabea azpimarratu nahi izan dute. Hala, Cinco Lobitos filma —aurten hiru Goya sari irabazi ditu— eskainiko du BBK aretoak eguenean, barikuan eta zapatuan, 18:00etan.
Tipikoak ezin falta
Areatza izango da berriz ere Aste Santuko euskal jaiaren epizentroa, Gourmet, Market eta Sport atalekin. Jendeak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako dozena bat turismo eskualdetako zero kilometroko produkturik onenak dastatu eta erosi ahal izango ditu. Horrez gain, 45 minutuko sukaldaritza tailerrak egingo dira. Tailerretan, hegaluze broxetak, Arabako patata pintxoak, Gernikako arrautza eta piper pintxoak edo gilda ezagunak egiten irakatsiko dute.
Karparen ondoan, herri kirolak egingo dira. Ingude altxatzea, harri jasotzea, sokatira, txinga eramatea eta trontza dira, besteak beste, Areatzan ikusgai egongo diren probetako batzuk. Aurten, haurrentzako jarduerak Casilda Iturrizar parkean egingo dituzte. Eta iaz izan zuen arrakastaren ondoren, Etxebarria parkean artzain txakurren txapelketa izango da domekan, apirilaren 9an (12:00).
Jaialdiaren oinarriak ez direla asko aldatu uste du Otxandianok. Hasieratik izan dira euskal kultura, hizkuntza, musika edota gastronomia ardatz. Testuingurua aldatu da: “Duela hamar urte Bilbon Aste Santua ez zen momentu erraza, oraindik jende gutxi zetorrelako”. Horregatik sortu zen Bilbo Basque Fest, hiriaren erakargarritasuna indartzeko eta eskaintza interesgarri bat egiteko atzerritarrentzat zein bilbotarrentzat. Gaur egun, hiria jardueraz gainezka egoten da, eta gero eta jende gehiago etortzen da.
Hasierako bizpahiru urteak zailak izan zirela onartu arren, balorazio ezin hobea egin du zinegotziak. “Eskaintza indartzearekin, eraldaketa nabarmena izan du. Proiektua osasuntsu dago egun. Etorkizun oparoa aurreikusten da”. Are gehiago: Aste Santuan Euskal Herrian egiten den eskaintza zabal, handi eta indartsuena dela esatera ausartu da.