Mikel Garcia Martikorena
Horma erraldoi bat izango balitz bezala, lurrak Galean (Getxo) ebakidura bertikala egiten du, kontinentearen eta Bizkaiko itsasoaren arteko muga adierazi nahiko balu bezala. Bertatik Bilboko portura sartzen den edozein itsasontzi ikus daiteke. Historian zehar, kokapen estrategikoa izateko aukera eman dio horrek lur zati horri, kontrolgune bihurtuz.
XVI. mendean, herriko bizilagunek talaia bat eraiki zuten Galeako lurmutur inguruan, itsasotik zetorren merkataritza kontrolatzeko. Bi mende geroago —1743an, hain zuzen—, britainiarren erasoen beldur zela-eta, Bizkaiko jaurerriak Bilbo inguruko defentsak indartu zituen; urak zekarrena ikusteko leku aproposa delakoan aukeratu zuen Galea, besteak beste.
Kareharria eta hareharria baliatuz eraiki zuen Jaime Sycre ingeniariak Galeako gotorlekua. Maria Peraita Punta Begoña fundazioko zuzendariak dioenez, “inguruko” bizilagunak ibili ziren eraikuntza lanetan; datuen arabera, seiehun lagun inguru. Langile horiek “garrantzi handiko” eraikina sortu zuten, eta, Peraitak esan duenez, garrantzia egun mantendu egiten da: “Galeako gotorlekua Getxon balio historiko, teknologiko eta artistikorik handiena duen gordailua da”.
Zaharberritzea
Forteak duen balioa ikusita, Getxoko Udalak eraikina zaharberritu egin nahi du. Punta Begoña fundazioaren esku utzi du lan hori. Lanak ez dituzte hasi oraindik, eta ez daude aurreikusiak epe motzerako. Hala ere, jadanik proiektuari itxura ematen hasi dira. Aurreneko pausoa eraikinaren balio historiko, artistiko eta soziala ezagutzea da, eraikinean fisikoki lanean hasi aurretik. Dena den, fundazioko zuzendariak aurreratu du berreskuratze lanak ez direla “ohiko” zaharberritze bat izango: “Punta Begoñako galeriatan erabili dugun eredua baliatuko dugu gotorlekuan”. Galerietan bezala, gotorlekuan ere, zaharberritze prozesua “aprobetzatu” egion nahi dute bisitariei eraikinaren eta, aldi berean, Getxoren eta Bizkaiaren historia azaltzeko.
Peraitak gordailu materialen garrantzia babestu du: “Ondareak herri baten izaera definitzen du; besteetatik ezberdintzen gaitu”. Ondarea “betebeharra eta aukera” dela dio zuzendariak: “Eraikin asko, alde batera utzita zeudenak, kultura garatzen den gune bihurtzen dira”. Hori da fundazioaren helburua.
Itzali den argia
Galeako gotorlekuaren kanoiek ez zuten hotsik egin behin ere, baina Getxoko bizilagunek tiroak entzun dituzte mendeetan Galean. Izan ere, gotorlekua bi aldiz suntsitu zuten. Aurrenekoa, Gerra napoleonikoan (1808-1813). Bigarrena, 1836. urtean, Lehen Karlistaldian; indar liberalek suntsitu zuten. Suntsitua, baina berreraikia. Are gehiago, Peraitak baieztatu du Bizkaian “ondoen” mantentzen den XVIII. mendeko gotorlekua dela Galeakoa.
Liberalen garaipenaren ostean, gerrarako helburua alde batera utzi eta futzio bakarra esleitu zioten: itsasargia izatea. Eta ez edozein itsasargi. Izan ere, 1782tik gotorlekuak itsasontziei lurra non zegoen adierazteko xedea zuen. Bizkaian, halako bakarra zen. Teknologiak aurrera egin ahala, itsasargiaren dorrea zaharkituta gelditu zen. Hortaz, 1852an, Galeako fortean zegoena alde batera utzi eta berri bat eraiki zuten.
Ia mende osoz egon zen gotorlekua inolako argirik piztu gabe. Baina 1950eko hamarkadan ostalaritza gune gisa erabiltzen hasi ziren. 1973an ireki zituen azkenekoz bere ateak, eta ordutik aurrera ez diote beste erabilerarik eman.