Prestakuntza eta ikusgarritasuna andreen futbolari

Prestakuntza eta ikusgarritasuna andreen futbolari

Ibai Maruri Bilbao

Athleticek Sevillaren aurka jokatuko du gaur San Mamesen (20:00), Espainiako Ligan. Denboraldi honetan etxeko partida bat Lezaman barik Bilboko estadioan jokatuko duten bigarren aldia izango da. Emakumeen futbolari ikusgarritasuna emateko, aspaldi erabaki zuen klubak denboraldi bakoitzean norgehiagoka batzuk katedralean egingo zirela. Pausoak dira, baina txikiegiak oraindik. Gehiago eta sendoagoak behar ditu andreen kirolak gizonezkoenaren pare egoteko. Norabide horretan beste bultzada bat emateko, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Futbol Federazioak eta Athleticek proiektu bat ondu dute Kimet aholkularitza enpresarekin: Pasa baloia, neska. Bizkaiko andreen futbol sarea ikusgarri egin eta prestatzea du helburu. Aldundiak 240.000 euro inbertituko ditu, eta lau urte iraungo du.

Lorea Bilbao Kultura, Euskara eta Kirol foru diputatuak nabarmendu duenez, andreen futboleko masa sozial osoari bideratuta dago: eskola kirolekoei eta federatuei. Bizkaian emakumeen taldea duten 50 futbol erakunde daude; horietako 37, eskola kirolean. Futbolaren egitura ahalik eta ondoen garatzeko modua emango du proiektuak, eta, horretarako, klubei eta erakundeei honako hauek emango dizkie: andreen futbolean oinarritutako metodologia espezifiko bat, kirol kudeaketarako aplikazio teknologikoak, teknikarien eta kudeatzaileen egitura osoarentzako prestakuntza espezifikoa, eta aholkularitza integral pertsonalizatuko proiektu bat. Hain zuzen ere, lau horiek dira ardatzak.

Kimet aholkularitza enpresako Gari Fullaondo da proiektuaren zuzendaria. Harreman luzea du futbolarekin, eta barrutik ezagutzen du: hamazazpi urte egin zituen federazioan, eta sei urte Athleticen —tartean, hilabete andreen taldea entrenatzen—. Joan den astean San Mamesen prentsaren aurrean egindako agerraldian, Fullaondok bere burua aurkeztu zuen, senideekin duen loturan oinarrituta. “Futbolaz dena irakatsi” zion 77 urteko gizon bat da aita: “Garai hartan, emakumeen futbolak ez zuen ez ikusgarritasunik, ez aitortzarik”. Futbolean jokatzen zuen andre baten senarra da; Athleticek eta Realak oraindik emakume talderik ez zuten garaian, elitean jokatzen zuen emazteak, baina ez zen profesionala, eta fitxa eta botak berak ordaintzen zituen. Futbolean jokatzen duen 11 urteko neska baten aita da, eta bere klubak kanpoan utzi ditu jokatu nahi duten herriko nesketako asko. “Hau da proiektu honen esentzia: etxetik jaso nuen futbolarekiko maitasuna eta emazteagandik jaso dudan emakumeen futbolaren inguruko ezagutza nire alabari eta gu guztion alabei helaraztea”.

Fullaondoren arabera, Pasa baloia, neska proiektuari esker, aldea igarriko da emakumeen futbol taldeetan: “Teknikariek edukiko dute zelan entrenatu”. Haren esanetan, Bizkaian futbolaren oinarria oso handia da. “Teknikari asko behar dira. Oro har prestakuntza handia duten arren, denak ez daude maila berean prestatuta. Neska gazteen futbola asko hazi da: jokalari kopurua asko handitu da, baina teknikari onak, maila handikoak, ez dira horrenbeste hurbiltzen oraindik nesken taldeetara”. Prestakuntza hori futbolaz harago ere joango da: berdintasun balioetan eta hezkidetzan heziko dituzte.

Taldekako lana

Orain, klubekin harremanetan ari dira. Bizkaia zortzi eremu geografikotan banatu dute, eta horietako bakoitzean bilerak egingo dituzte klubekin eta erakundeekin proiektua martxan jartzen hasteko. “Denek esan digute baietz, eta eskertu digute horrelako zerbait martxan jartzea”. Klub bakoitzarekin elkartuko dira, uste baitute bakoitza ezberdina dela eta bere beharrak dituela.

Athletic izango da proiektuaren zutabeetako bat. Klubeko andreen arloko zuzendari Xabier Arrietaren esanetan, egitasmoak bat egiten du klubak Bizkaiko andreen itunpeko futbol taldeekin duen estrategiarekin. “Athleticek erantzukizun berezia du Bizkaian futbolean dabiltzan neska eta gazte guztiekin”. Horregatik, futbol klubak kapital teknikoa eta antolakuntza arlokoa ipiniko du taldeen eskura.

Bizkaiko Futbol Federazioko kide Lourdes Zorrozuak uste du “ezinbestekoa” dela “neskek txikitatik futbola ezagutzea”. Gogoratu du federazioan aurrez egiten direla neska gazteen futbolaren aldeko egitasmoak, baina proiektu hau “beste pauso sendo bat” dela iruditzen zaio. Fullaondoren esanetan, proiektuan parte hartuko duten neska gehienek ez dute lortuko Athleticen jokatzea. “Baina lortu nahi dugu adinean gora joan ahala ez diezaiotela utzi futbolean jokatzeari, edo, behintzat, kirolari izaten jarrai dezatela: futbolari profesional izango ez badira ere, kirolari izan daitezela”.