‘Pasa baloia, neska’ proiektuaren ardatzak

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Futbol Federazioak, Athleticek eta Kemet aholkularitza enpresak garatu duten Pasa baloia, neska proiektuak lau ardatz ditu.

Metodologia. Maila eta adin bakoitzerako egokitutako metodologia zehatz bat eskainiko diete entrenatzaileei.

Teknologia. Metodologia pertsonalizatu ahal izateko, aplikazioak erabiliko dituzte. Planning izenekoa izango da haietako bat: neska bakoitzari entrenamendua egokituko dio. Team Manager aplikazioarekin, berriz, ariketak landuko dituzte, baita baloia geldi dagoenean egitekoak ere. Teacher delakoa ikus-entzunezko tresna bat da, ariketak zelan egiten diren ikusteko.

Prestakuntza. Prestakuntza orokorra Bizkaiko Futbol Federazioak eskaintzen die teknikariei; proiektu honetan irakatsi zaien metodologia zelan aplikatu eta teknologia zelan erabili azalduko diete.

Aholkularitza. Entrenatzaileak, kudeatzaileak eta klubetako gainontzekoak bakarrik senti ez daitezen, telefonoz eta posta elektronikoz arreta zuzena izango dute.