Olatz Silva Rodrigo
Juan Ormaetxea Taket bertsolari meñakarra 1983an hil zen. Berrogei urte geroago, hala ere, haren izenak eskualdean dirau, Mungiako bertso eskolak haren izena baitarama: Taket. “Norbaitek bertsotan hasi nahi badu, edo bertsozalea bada eta ez baldin badauka bertsotarako espazio eroso edo seguru bat, Taketen beti izango du lekua”. Horrela definitu du bertso eskola Jone Larrinagak. Bertsolaria da Larrinaga, eta eskolaren parte ere bai. Aurten 25 urte bete ditu eskolak, eta urte osoan hainbat ekintza egiten ari dira.
Xabier Amurizak eta gazte bertsozale batzuek sortu zuten Taket, 1998an. Larrinagak azaldu duenez, eskolak funtzio bikoitza betetzen du Uribe Butroe eskualdean. Alde batetik, bertso saioak eta txapelketak antolatzen dituzte. Horretarako, eskolak zuzendaritza talde bat du. Bost kide dira talde horren parte, eta Larrinaga da haietako bat. Horrez gain, bertsotan ikasteko espazio bat eskaintzen diete herritarrei. Egun, gaztetxoen bi talde dituzte: bederatzi laguneko taldea Bakion, eta seikoa Mungian. Larrinanaga da haien irakaslea. “Lehen Hezkuntzako seigarren mailako eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailako ikasleak dira”. Esan duenez, Mungiako ikastetxe guztietan bertsolaritza ikasgaia irakasten dute. “Horregatik, minimoak landuta ailegatzen dira eskolara”. Taketen, inprobisatzen ikasten dute, jolasak eginez. “Ofizioetan egiten dugu baina hitz eginez; edo zortziko txiki oso bat sortu beharrean, koplatan egiten dugu”.
Helduen taldeak ere badaude: talde bat Arrietan eta beste bat Mungian. Haiek ez dute irakaslerik. “Bertso eskolak normalean modu autonomoan egiten du lan; ez du inork irakasten, denon artean egiten dute bertsotan”. Partaide gazteenak 18 urte ditu, eta nagusienak, 60 inguru.
“Osasunaren seinale”
25. urteurrena ospatzeko, hilabetero ekintza bat antolatzen ari dira. “Gure helburua ez da jende asko etorriko den ekintzak egitea, baizik eta ekintza diferenteak eskaintzea, bertso saio arruntetatik urruntzen direnak”. Urtarrilean, urtero egin ohi duten ekinbidea antolatu zuten: sanantontxuetako idatzizko txapelketa eta bertso saioa. Otsailean, barrura begirako bertso saioak egin zituzten, euskara ikasten dabiltzan taldeetako lagunentzat.
Hurrengo hilabeteetarako beste ekintza batzuk pentsatu dituzte. “Bendejen omenezko saio bat egin nahi dugu orain”. Urteurren festa abenduan egingo dute, Euskararen Eguna baliatuz. “Bertso saio berezi bat egingo dugu, eta hitzaldi batzuk ere bai”.
Jone Larrinagak hamabost urte inguru daramatza bertso eskolan. “Ikastolan bertsolaritza lantzen hasi nintzen, gustatu zitzaidan, eta hortik tiraka jarraitu nuen, gaur egun arte”. Nahiz eta sorreratik Taketen egon ez, harentzat “osasunaren seinale” da ikustea eskola oraindik bizirik dagoela, eta Uribe Butroe eskualdean badagoela bertsotarako zaletasuna.
Etorkizuna bermatuta
Larrinagaren iritziz, eskualdeko jendea bertsozalea da: “Jendea gustura dator antolatzen ditugun saioak entzutera”. Dena den, sortzeko ez dago hainbesteko gogorik, eta gazteen artean gauza bera gertatzen da: helduen taldean 18 urteko gazte bakarra dago. “Hurrengo gazteena neu naiz, eta 30 urte ditut”. Gazteak bertso saioen publiko “oso leiala” dira, baina ez dira eskolara animatzen. Larrinagaren ustez, “moda kontua” da. Izan ere, orain dituzten gazte taldeak “oso osasuntsu” daudela azpimarratu du. “Badirudi bertso eskolak etorkizuna izango duela; ea gaztetxoek, nagusi egiten direnean, bertsolaritzari eusten dioten”.