I. Maruri Bilbao
Iaz jakinarazi zuen Leioako Udalak indarrean dagoen HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra moldatuko duela, Lamiako ingurua “lehengoratzeko”. Batik bat, industriak kaltetutako inguru hori hezegune bat da. Hasiera batean, auzoan bizi direnek ez zuten txarto ikusten leheneratzea. Baina Lamiako Txopoeta Auzo Elkartekoak kezkatuta egon dira iazko azaroan udalak zehatz zer egingo duen ezagutu zutenetik. Metroa lurperatzeaz eta hezegunea birgaitzeaz gain, besteak beste, 1.200 etxebizitza eraiki nahi dituztela jakin zuten orduan. Elkartean hogei laguneko talde bat osatu zuten gai hori aztertu eta proiektuaren aurka egiteko. Asteon udalak iragarri du “bizilagunei entzun” eta kopuru hori txikitzea erabaki duela: 895 izango dira.
Horri esker, proiektuan jasota egon diren dorreak txikiagoak izango dira eta espazio publikoa haziko da. Eraikin berri horiek Bizkaibusek auzoan duen autobusen kotxetegiaren eta metro geltokiaren artean eraikiko dira. Inguru hori gaur egun bertan behera utzitako industria eraikin zaharrek betetzen dute. Lamiako Txopoeta Auzo Elkarteak uste du, alde estetikotik dorreen garaiera txikitzea albiste ona dela, baina oraindik ere gehiegizkoa iruditzen zaie eraiki gura den etxebizitza kopurua. “Auzoak proiektuari ezetz esaten dio, gehiegizko tamaina duelako”, esan du Auzo elkartean proiektua aztertu eta aurre egiteko sortu duten batzordeko kideetako Marina Andak.
Hark ohartarazi du ez auzoak, ez Leioak ez dituztela hainbeste etxebizitza behar. Eta ez hori bakarrik: kezkatzen ditu etxebizitza berriek ekarriko dituzten bizilagun berriei zer zerbitzu emango zaien: “Ez dute esan nola erantzungo dieten biztanle berrien premiei”.
Andak kontatu duenez, udalak akordio bat sinatu zuen 2018an promotore batzuekin, hezegunea lehengoratzeko eta Bilboko metroaren lehen linea inguru horretan lurperatzeko. Promotore horiek arduratuko dira etxebizitzak eraikitzeaz ere. Andak salatu duenez, udalak aitortu zien 1.200 etxebizitza egingo zirela “enpresa horiei hezegunea lehengoratzea eta metroa lurperatzea errentagarri izateko”. Orain gutxiago izango dira, baina, Andaren ustez, ez dago premiarik: “Ez dira behar, Leioa biztanleria galtzen ari delako, eta etxe hutsak badaudelako, baina eraikiko dira, negozioa egiteko”.
Autoak non aparkatuko dituzten ere zalantzan ipini du auzo elkarteko kideak. Izan ere, bizilagun berriak etorri aurretik dagoeneko larri dabiltza auzoan. Oro har, “hirigintza ereduaren ondorioz”, Leioak mugikortasunarekin “arazo larria” duela esan du: “Eraiki dira etxeak eta etxeak, eta, gero, merkataritza gunean, denak leku berean daude. Autoa behar dugu, ezinbestean”. Orain udalak esan du arazoa konpontzeko hainbat aukera aztertzen ari direla. Haietako bat da eremu bat gordetzea inguruan aparkaleku publiko bat, udal eraikin bat eta zuzkidura apartamentuen bloke bat eraikitzeko han.
Promotore horiek egin beharreko lanetako bat metroa lurperatzea da. Auzoan horren alde daude. Are gehiago, Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadarraren bi ertzak lotuko dituen tunelaren proiektuak kezkatzen ditu. Zehatzago esateko, iazko udazkenean Areetako (Getxo) eta Sestaoko geltokiak lotuko dituen tren loturak. “Hori egingo badute inguru honetan metroaren lehen linearen azpitik, gero ezingo dute lehen linea lurperatu sekula santan”, ohartarazi du Andak. Udalak azaldu du negoziatzen ari direla metroa lurperatzeko.
Auzo elkarteak beste proiektu bat proposatu du, diputazioak ezinbestean tren lotura hori egingo badu: Areetatik Sestaora artekoa izan beharrean, izan dadila Lamiakotik Sestaora artekoa, eta Lamiakon dena lurperatu. Horrez gainera, joan den astean, Bizkaiko Garraio Partzuergoak iragarri zuen itsasadar azpitik joango den garraio hori zein izango den aztertuko duela; beraz, oraindik ez da behin betiko proiektua udazkenean diputazioak iragarritako hura.
180.000 metro koadro
Promotoreek Lamiako hezegunea ere lehengoratu beharko dute. Proiektuaren arabera, kaian 180.000 metro koadro berreskuratuko dituzte. Muturretako batean, hezegunea lehengoratuko da, eta, bestean, basoa eta parkea sortuko dira, herritarrek erabiltzeko. Andak uste du beste era batera plantea zitekeela, hezegune “bere osotasunean eta egiaz” birgaitzeko: “Lamiako benetan babestu nahi badute, ezin dezakete etxebizitzarik eraiki hemen, agian”.
Orain, herriko hirigintza arloko beste mugimendu batzuekin hartu-emanetan dabiltza, baita auzokoen artean udalaren proiektuaren berri hedatzen ere.