Amaia Igartua Aristondo
Esplizitua da erakusketaren izenburua: Itsasoari so, kadmio gorria ez da etorri. Eta hala da: aretoa betetzen duten koadro abstraktu erraldoietan, pintura txikietan eta, are, ikus-entzunezkoetan, erabat gailentzen dira urdin prusiarra, beltza, eta, diskretuago, haiek nahastean sortutako berdea. Zuria ageri da mihise marduletako hainbatetan: kolore trantsizio baten gailurrean kokatu du artistak. Hodeiak dirudite batzuetan, eta olatuen aparrak besteetan. Gama horiek baino ez daude: ez da gorririk ageri, ezta horirik ere. Itsasoaren inguruko begirada pertsonal bat agertzen dute pieza denek: Lorea Oar-Arteta artistarena.
Bilboko Itsasmuseumen bisitatu ahal izango da erakusketa, maiatzaren 1era bitartean, eta artistak pintura ikastaro bat egingo du bihar, 11:00etatik aurrera, museoan bertan, 14 urtetik gorako parte hartzaileentzat. Esperimentaziorako abagunea izango da, eta ez da aurretiazko ezagutza artistikorik behar.
Gertuko harremana izan du Oar-Artetak itsasoarekin, itsasgizonen familia batetik baitator. “Itsasoa sentitzea, entzutea, usaintzea eta hari begiratzea gustatzen zait. Saiatzen naiz sentiarazten didana kontatzen eta eragiten dizkidan sentsazioak eta emozioak partekatzen”, artistaren esanetan. Oraingo honetan, batik bat formatu handira jo du sentipenok mamitzeko, eta kolore nahasteekin jokatu du, pintura mota eta testura ezberdinekin, lilura eta kezka adierazteko. “Proiektua ariketa baten moduan planteatu dut; lan eta bilaketa prozesu moduan; bidaia bat da”.
Aretoaren zati handi bat instalazio batek hartzen du: dozena bat paper zati handi jarri ditu sabaitik eskegita, lerroetan. “Ozeano txiki bat irudikatzen saiatu naiz”, azaldu du, eta bisitariak itsaso horrekin hartu-emana izateko paratu du, hain justu. Artistak berak erakutsi du nola: orri handiek osatutako lerroen artean mugitu da, hara eta hona, errenkadaz errenkada, eta haren mugimenduaren inertziarekin mugitu egin dira, orobat, dingilizka dauden elementuak. Sabaian dagoen aire girotuak ere mugitu egiten ditu ingurukoak, eta mugimenduak, era berean, soinua eragin du. “Itsasoa mugitu egiten da, eta soinua ateratzen du. Interakzioarekin, obra aldatzen da, eta horrek bizitasuna ematen dio”, nabarmendu du artistak. Piezen artetik igarotzean, bisitariak hainbat ikuspegitatik antzeman dezake lana, ohartarazi duenez.
Euskarriekin eta pinturekin jolastu da emaitza hori lortzeko. Bi paper mota erabili ditu: arroz papera eta sulfurizatua; eta pinturetan ere bi formatu hautatu ditu: olioa eta akuarela. Sulfurizatua aurpegi bakarretik margotu behar izan du, orri fina izanik ifrentzua ere koloreztatuta geratzen baita; lan bikoitza eskatu dio, ordea, arroz paperak. Halaber, paperek akabera ezberdina dute aplikatu zaien pintura motaren arabera. Olioarekin margotzean, testura zurrunagoa hartzen du euskarriak, baina, akuarelaz apaindu dituen laminetan, materiala zimurtu egin da. Hala, askotariko testurak bildu ditu artistak areto barruko itsasoan. Sulfurizatuak latzagoa dirudi, eta hauskorragoa da, nabarmendu duenez.
Askotariko formatuak
“Obra handiak indarra dauka; interesgarria da”, esan du Oar-Artetak mihiserik handietako baten aurrean. Era berean, lan handia era badauka. Orduak eta orduak behar dituela dio. Haren lan prozesua ez da noizbehinkakoa; kontrara, ideia hausnartu egiten du aurretik, eta, gero, denbora asko eskaintzen dio hura gauzatzeari. Euskarrien ezaugarriek ere zailtzen dute prozesua, kasu baterako. Batez ere, tamaina eta pisua direla medio, bastidorea bazter utzi behar duelako. “Laguntzaile pare bat beharko nuke”, adierazi du artistak.
Ez du halakorik, ordea. Mihisea lurrean jartzen du, eta okertuta ematen ditu trazuak —argi ikus daiteke sorkuntza prozesua erakusketan bertan, ikus-entzunezko batean jaso baitu—. Piezak arrastaka lekualdatzen ditu estudioan. Erakusketan, horietako bakan batzuk baino ez daude markoan sartuta. Biluzik paratu ditu gehienak, listoi batera lotuta.
Formatu txikiari ere erreparatzen dio erakusketak, nolanahi ere. Aretoko larrialdietako ateak ikusi zituenean, iruditu zitzaion leku aproposa izan zitekeela irudi sekuentzia batzuk paratzeko, eta, tokiaren esanahia aprobetxatuta, larrialdi egoera batzuei begiratu die irudiotan. Hondo zurian, marrak ageri dira, arkatzez marratutakoak batzuk, kurkuma kolorez pintatutakoak bestetzuk. Zenbaketa bat iradokitzen dute: Mediterraneo itsasoan hildako migratzaileez ari da. “Mapan zentimetro pare bat gorago edo beherago hiltzea ez da gauza bera. Edozeinek irakurtzeko moduko ideia bat da”.
Era berean, klima krisiari ere egin dio aipamena Oar-Artetak. Sekuentzia horretan, berriz, hondoa iluna da, eta pieza mardulen antzeko kolore sortak erabili ditu. Gainean, muxumartinak pintatu ditu grafitoa erabilita, baita tinta hori distiratsu bat ere. Aldarri bat egiteko baliatu du arraina. “Aberastasun handia daukagu itsasoan, baina ez dugu ondo tratatzen”, adierazi du.
Soa, ikus-entzunezkoetan
Itsasoari begiratu dio paper delikatuaren bidez, mihise sendoagoa erabilita, eta mamitu ditu inpresioak hala modu erraldoian nola diskretuan. Urak ardazten du Oar-Artetaren erakusketa; izan ere, itsasoa bakarrik ez, oro har ura ere presente dago haren bizitzan. Bilbon du arte estudioa, itsasadarraren aurrean. Hari ere begiratu dio artistak. Hain justu, bideo instalazio batean. Bilboko itsasadarra ageri da, bare, enkoadraketa itxi batean. Planoan sartu dira, emeki-emeki, urak garraiatutakoak, plastikozko poltsak eta botilak, bestelako zaborren bat; irudia aldatu da, eta, oraingoan, polenak ondulazioak marrazten ditu uretan. Enkoadraketatik kanpo, jendearen hotsa entzuten da, tranbiaren zarata, euriaren soinu lasaia, eta kanpai hotsak. Irudia aldatu da ostera.
“Inoiz ikusi duzue lertsunik itsasadarrean?”, galdetu du Oar-Artetak, eta ezetz esan dute ingurukoek. “Bada, badaude”. Pantailan agertu berri da bat, itsasadarrari begira. Zisneak ere agertzen omen dira harian-harian, baina horiek ez ditu bideoan txertatu, “xaloegia” gera ez zedin, badaezpada. Martin arrantzaleen bizitokia ere bada itsasadarra, artistaren arabera. Eta zabor andana batena, agerikoa denez. “Itsasgora dagoenean, soro guztietako zikinak ateratzen dira, eta hori ere badago, baita elementu begetalak ere. Denetarik egoten da itsasadarrean”.
Bere osotasunean atera gura izan du. Oar-Arteta bera arduratu da etxetik estudiorako bideko bazterrak dokumentatzeaz, eta Luisa Montesek harrapatu ditu Zorrotzaurreko ertzak eta Itsasmuseum inguruko txokoak.