Enkarterrin suak erretakoa basoberritzen

Garrek Enkarterriko bostehun hektarea inguru kiskali zituzten iazko urriaren 23an hasitako sutean. Gehiena basoa zen; batez ere, Zalla eta Balmasedako udalen eta foru aldundiaren jabetzako basoak erre ziren. Orain, udaberria iritsi aurretik, ingurua basoberritzen dabiltza.

Martxoaren 4an hasi ziren lanean Enkarterriko bizilagunak, aitzurra eskuetan zutela. Asteburu hau izango da lanean ibiliko diren hirugarrena eta azkena. Guztira 150 pertsona inguru ibili dira auzolanean astigarrak, gaztainondoak, haritzak edota pagoak landatzen. Saio bakoitzean bizpahiru orduko lana izan dute. Balmasedako Udalak jarri ditu baliabide materialak boluntarioen esku.