Edukiontzi arinen bilketa Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen du, Garbiker sozietate publikoaren bitartez, eta azken boladan birziklapenak gora egin duela antzeman dute. Hain justu, azken bost urteetan %35,4koa izan da hazkundea, aldundiaren datuen arabera. “Edukiontzi horia asko erabiltzen da, eta, gainera, prozesua ondo egiten da”, nabarmendu zuen Amaia Antxustegi Jasangarritasuneko eta Ingurune Naturaleko foru diputatuak Reciclos sistemaren aurkezpenean. Halaber, lurraldeko sailkapen plantaren “eraginkortasuna” azpimarratu zuen.