M. Garcia Martikorena
ELAk salatu du Osakidetzak gero eta langile gutxiago dituela Uribeko ESI erakunde sanitario integratuko EAG etengabeko arreta guneetan. Hiru osasun zentrotan murrizketak egon direla dio: Areetan (Getxo), Mungian eta Gorlizen. Haren arabera, txandak “behar baino langile gutxiagorekin” betetzen dira, eta “saturazioa” eragiten du lehen mailako arretan. Medikuek “aparteko” lanaldiak eta lanaldi luzapenak egin behar dituztela esan du ELAk, eta, horrek, lan baldintzak okertzeaz gain, kalte egiten diola zerbitzuari.
Uribeko ESIko zerbitzuak 220.000 biztanleri ematen die arreta, 30 osasun zentrotan eta ospitale batean. Harkaitz Herreros ELAren Bizkaiko Osakidetzako arduradunak dioenez, gaur egungo taldearekin ez dira heltzen zerbitzu hori ematera. Herrerosen aburuz, Uriben eta, bereziki, Areetako EAGan, langileren batek huts egiten badu —gaixoaldian dagoelako, esaterako—, arazoak hasten dira.
Herrerosek salatu du Areetako EAGko hiru medikutik batek huts eginez gero, “beste zentroetatik langile bat” bideratzen dela hori konpontzeko, bigarren zentro horrek eskain dezakeen arretaren kaltean.
Zerbitzua eraisten
Profesionalek pribatura edo atzerrira jotzeko joerak ere eragiten du mediku eskasia EAGetan. ELAren datuen arabera, 2012tik %10 mediku gehiago daude Osakidetzan, eta %69 gehiago osasun sare pribatuan. Lan baldintzei egozten die erabakia Herrerosek: “Lan baldintzak ez dira askoz hobeak pribatuan, baina gutxieneko segurtasun bat bermatua dute. Badakite noiz eta zenbat ordu egingo duten; lana eta bizitza kontziliatzeko aukerak dituzte”.