Mikel Garcia Martikorena
Zertan bat egiten dute zortziko txikiek eta kalabazek Durangaldean? Bien uzta martxoan hasten da. Bihar hasiko da Durangaldea Uztabarritzen bertsolaritza zikloa. Guztira, sei bertso saio egingo dituzte eskualdean martxotik apirilera bitartean. Aurreneko bilketa Berrizen izango da, gaur, 19:00etan, Topa tabernan. Erika Lagoma, Ander Elorriaga, Bittor Altube eta Eli Pagola izango dira udaberriko aurrenekoak aitzurra atera eta bertsoak kantuan biltzen.
Duela bi urte antolatu zuten aurrenekoz Durangaldea Uztabarritzen zikloa. Pandemiak ekintza kulturalak eta, bereziki, bertsolaritza “lekurik gabe” utzi zituela gogoratu du Igor Galartza Durangaldeko Bertso Eskolako kide eta Durangaldea Uztabarritzen proiektuaren arduradunetako batek. Horregatik, ondorioztatu zuten bertsoak zegokion lekua “berreskuratu” behar zuela.
Eskualdeko zenbait herritan bertso saioak antolatzea erabaki zuen Durangaldeko Bertso Eskolak. Hori, baina, ez zen izan Durangaldea Uztabarritzen abiatzeko arrazoi bakarra. Galartzak dioenez, eskualdeko bertso eskolako kide gazteek ez dute “plaza asko egiteko aukerarik”, eta haiei esperientzia hori errazteko era ematen du zikloak.
Pandemiak eragindako errealitate horri aurre egin eta gazteek oholtzaren gainean trebatzeko aukerak izan ditzaten sortu zuten egitasmoa. Hala ere, bertsoa Euskal Herriko plazetara itzuli da egun; hortaz, bigarren helburuari begira lan egitea erabaki dute Durangaldeko bertsolariek azken bi urteotan. Galartzaren aburuz, eskualdeko “aurpegi berriek” plazei ematen dieten “haize freskoa” ekartzeko balio du zikloak, “helduagoak direnak alde batera utzi gabe, noski”: “Esperientzia gose berriarekin eta gogo horrekin uztartzen saiatzen gara bertso saioetan”.
Oholtzan elkarrekin
Esperientzia hori ez du edonork ekarriko. Puntako bertsolariak erakartzen ditu urtero zikloak, Berriz, Garai, Durango eta Zornotzara, esate baterako. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Miren Amuriza dira, besteak beste, Durangaldea Uztabarritzen egitasmoaren barruan ahots berriekin batera arituko direnak. Eskarmentudun bertsolari horietako asko kanpotik datoz Durangaldera.
Kanpoko bertsolari esperientziadunak bertso saioetara gonbidatzeak hainbat ondorio eragiten ditu. Batetik, aukera “paregabea” da bertsolari gazteentzat, Galartzaren ustez, asteburuero ETB1eko Hitzetik Hortzera saioan edo beste herrietako plazetan entzuten dituzten bertsolariekin batera kantatzeko. Bestetik, saioetara jendea erakartzeko modu bat ere bada: “Jendea ez da joaten izen handirik gabeko saioetara”.
Galartzak esan du jendeak eskertzen duela puntako bertsolariak gazteekin uztartzea. Gogora ekarri du iaz Garain egindako saioa: “Sekulako giroa sortzen da saioetan. Garain, Maialen Lujanbio egon zen. 250 pertsona bizi dira herrian, eta 70 joan ziren saiora”.
Bertso eskolako kideak dio zikloarekin bertsoa “herritarrengana” eramatea dela xedeetako bat. Gaineratu duenez, herrietako elkarte eta mugimenduen zirkuituen barruan egotea da benetan nahi dutena: “Saiatu behar dugu herrien agenda eta bertso eskolarena uztartzen. Uste dut nolabait lortzen gabiltzala”. Izan ere, aurreko urteetan herrira joan, haien “txosna jarri eta alde egiten” zuten irudipena zuela aitortu du Galartzak. Horren aurka egin nahi dute.
Lehen pausoak, kostata
Esperientziarik gabe horrelako ekitaldi bat antolatzea “atrebentzia” izan zela onartu du. Aurreneko aldian 11 saio antolatu zituzten; “astakeria” bat, antolatzailearen ustez. Hala ere, eta lehenengo aldi horretako egoera zela medio —2021ean— jendea agertzea “kostatu” zitzaien arren, beste bi aldi antolatzea erabaki dute. Haien arabera, emaitzak onak izan dira orain arte: “Giro oso polita pizteko gai izan gara azken bi aldietan. Durangaldeko jendeak kontuan hartzen gaitu”.
Eskualdea bertsozalea dela adierazi du bertso eskolako kideak; hori dela eta, “gozatu” egingo dute aurtengo saioez. Durangaldeko Bertso Eskolak aurten eskainiko duen uztak askotariko bertsolariak ditu, esan duenez: “Gure ezaugarrietako bat da denetariko bertsolariak izatea: zortziko txikian oso trebeak direnak, diskurtsoa oso garatua dutenak eta txinparta berezia dutenak, besteak beste”.
Urteroko kalitatean nolabaiteko aldaketa egongo dela baieztatu du Galartzak; “batez ere, xehetasunetan”. Aurten sei saioak egiteko egunei erreparatu dute bereziki, Galartzak dioenez: “Egunek garrantzi handia izango dute; horregatik, aurreko aldietan baino lehenago hasiko da”. Biharko saioa “aste honek duen esanahi guztiagatik da berezia”, Martxoaren 8a tartean baitago. Martxoaren 31n, berriz, “kutsu historikoko” saio bat egingo dute Elorrion, antolatzaileen arabera, hiribilduaren bonbardaketaren urteurrena izango da eta.
Berrikuntzen artean, Zornotzan martxoaren 24rako antolatu duten saioa azpimarratu du, Jon Ander Urkiaga idazle zornotzarra erdigunean izango duen saio tematikoa izango baita, hain zuzen. “Haren liburuei tiraka egingo da saioa, idazleak sor ditzakeen gaiak ahaztu gabe”.