M. Garcia Martikorena
Durangaldea Uztabarritzen bertsolaritza zikloaren helburu nagusia eskualdeko bertsolari gazteei plaza bat ematea da, esperientzia har dezaten. Gazte horietako bat da Ander Elorriaga Aresti (Durango, 1999). Gaur hartuko du hitza, Berrizko Topa tabernan, 19:00etatik aurrera. Erika Lagomarekin, Bittor Altuberekin eta Eli Pagolarekin batera arituko da.
Gaur Berrizen abestuko duzu. Zer moduz zaude?
Ez da aurten plaza batean nagoen lehen aldia; horrek asko laguntzen du. Gainera, kantuan ibiliko diren beste bertsolariak lagunak ditut. Testuinguruak ere asko laguntzen du: Berrizen izango da, eta taberna ezagutzen dut. Ez nago bereziki urduri; gogotsu nago, oso gogotsu.
Zer espero duzu saioaren harira?
Ostiral arratsaldean eta Berrizko tabernarik garrantzitsuenetako batean denez, saio polita egingo dugu. Giro oso ona egongo da taberna betetzen bada. Argi dago ez direla berrehun pertsona batuko, baina, 50 lagun inguru batzen badira, oso saio polita irtengo da. Gainera, Uztabarritzen zikloan helburua ez da berrehun lagun batzea: eskualdeko bertsoa inguruko herri txikietara eraman nahi dugu.
Ez duzu lehen aldia Durangaldea Uztaberritzen zikloan. Nolakoak izan ziren aurreko esperientziak?
Oso politak. Eskertzekoa da plaza askorik ez daukagun bertsolariok horrelako saioak izatea. Kontuan izanda aurreneko aldia pandemiaren hasiera osteko garai ilun haietan izan zela, asko eskertu nuen kantatzeko aukera izatea berriro.
Zergatik da garrantzitsua horrelako ekinbide bat Durangaldeko bertsolari gazteentzat?
Argi dugu Euskal Herriko plazak ez daudela eginda bertsolari gazte eta izenik gabekoentzat. Maila apalagoa dugunontzat, luxua da oholtzan punta-puntako bertsolariekin batera aritzea. Pizgarri bat da guretzat, ostiralero bertso eskolara joan eta ikasten jarraitzeko.
Zer esan nahi du zuretzat Andoni Egañarekin, Miren Amurizarekin eta Sustrai Colinarekin batera abestu ahal izateak?
Plazer handia da. Batzuok ez daukagu horrelako jendearekin batera abesteko aukerarik, ez mailarik ere, eta urtean behin gure erreferenteekin oholtzan egotea plazer bat da. Tentsioa eragiten dizu Egañaren alboan kantuan ibiltzeak, adibidez, baina tentsio polita da; geure buruari jartzen diogun erronka bat da.
Zer sentitzen duzu oholtzaren gainean zaudenean?
Denetik sentitu dut. Batetik, gauzak ondo doazenean, abesteko gura ikaragarria sortzen zait. Bestetik, gauzak gaizki doazenean, oholtzatik jaisteko gogoa izaten dut soilik; ederra egiten zauden irudipena duzu, eta zeure buruari esaten diozu hobeto egongo zinatekeela jende artean eserita. Baina halakoetan ere eutsi behar zaio, eta ahal duzun saiorik hoberena egiten ahalegindu.
Zer ematen dizu bertsolaritzak?
Maite dudan hizkuntzarekin jolastea eta nire hizkuntzak dituen tresnak arakatzea, esamoldeak edo esateko erak. Gainera, sentimendu bera duten lagunak dauzkat.
Nola ikusten duzu bertsolaritza Durangaldeko gazteen artean?
Harrobia badago: 15 eta 18 urte artean badaude bertsotan ibili nahi duten gazteak. Txikien artean ikusten dut arrakala. Egun, pizgarriak beste eremu batzuetan daude, tamalez; jendeak gazteleraz kontsumitzen ditu ikus-entzunezkoak. Gainera, kultura alde batera utzi dugu, hizkuntzan eta gizarte gisa.
Uztaberritzen zikloak zer ekarpen egiten dio Durangaldeari?
Hilabetean osoan puntako saioak egongo dira Durangaldean; eta nahi edo nahi ez, jendeak hori entzuten du. Agian, bertsolaritza ez dute gustuko, baina helduko zaie bertsolaritza zirkuitu bat dagoela. Horrek bakarrik hauspotu egiten du bertsolaritza. Gure helburuetako bat da bertsoa hain bertsozaleak ez diren herritarrei helaraztea.