I. Maruri Bilbao
Raquel Gonzalez Setienek eta haren iloba Mikel Gonzalezek ikusi zuten gabezia handia zegoela Bizkaian txokolatearen eta kafearen arloan: “Merkatuan ez genuen topatzen txokolate interesgarririk. Espezializatutako kafetegiak aurkitzea ere zaila zen. Biok genuen esperientzia kakaoaren eta kafearen munduan, eta geuk ekoiztea erabaki genuen”, azaldu du Gonzalez Setienek. Hala sortu zuten Kaitxo enpresa 2017an, Balmasedan. Egunotan herrian egingo duten Basquetxok jaialdian hartuko dute parte, eta antolakuntzan ere ibili dira, aholkulari lanetan: “Guk badakigu zer den une honetan interesgarriena txokolatearen arloan”.
Kaitxokoek prozesu osoa egiten dute bi produktuekin. “Ekoizten duten herrialdean erosten dugu kakao alea, eta baita kafea ere. Balmasedan, aukeraketa egiten dugu, txigortu, eta ekoizpen prozesu osoa geuk egiten dugu”. Haren arabera, horrela jarduten duten enpresak gero eta gehiago diren arren, munduan oraindik ez dira ekoizleen %10 ere. Bizkaian bakarrak dira, eta haien atzetik beste enpresa bi hasi dira txokolatea molde horretan ekoizten Gipuzkoan: Gorrotxategi eta Lurka dira, eta biak ere azokan egongo dira egunotan. Nabarmendu du lan egiteko modu horrek “produktuaren kalitatea” bermatzen duela.
Kaitxokoen eskaintza oso zabala da, baina gehien saltzen duten txokolatea Tanzaniako kakaoa %75ean duena izan ohi da. “Txokolate bizia da, betea. Ez da batere mingotsa. Fruta gustua du”, azaldu du, haren ezaugarrien inguruan. Ekuardorko eta Madagaskarko kakaoarekin egindakoa ere asko saltzen dute. Beraz, ondorioztatu dute Euskal Herrian txokolate bizia gustatzen zaiela kontsumitzaileei. Tokian-tokian gustuak aldatu egiten direla esan du. Esaterako, Parisko txokolate azokara joan zirenean, Filipinetako kakaoarekin egindakoa saldu zuten gehien. “Ez da hain azidoa: gozoagoa da”.
Industriak hezita
Txokolatea ia mundu guztiari gustatzen zaio, baina, Gonzalez Setienen esanetan, kontsumitzaileek, oro har, ezer gutxi dakite. Are gehiago: ez dakite txokolate ona eta txarra bereizten. “Artisau eran egindako garagardoa kontsumitzen hasi garenean ohartu garenez, txokolateari dagokionez ere, gure gustua industriak bideratuta dago. Supermerkatuetako txokolatea gustatzeko hezi gaituzte”. Esnearekin nahasten da, azukre asko botatzen zaio… Ez da apreziatzen txokolate purua. Haren ustez, ezinbestekoa da ikasitakoa ahaztu eta berriz heztea.
Txokolatea ezezaguna dela esan du. “Euskal Herrian asko dakigu ardoaz, oliba olioaz, gaztaz… Baina ez gara ohartzen kakaoak mahatsak edo olibak besteko konplexutasuna duela”. Ehunka kakao mota daudela ohartarazi du, eta, mota aldatuz gero, txokolate oso ezberdina aterako da. “Asko kontsumitzen da, asko gustatzen zaigu, baina, benetan txokolateaz gozatzeko, ezinbestekoa da hura ondo ezagutzea”.