Olatz Silva Rodrigo
“Edozer gauza egingo dugu”. Argi dauka Erroseli Ojinaga Zain Dezagun Urdaibai elkarte ekologistako kideak. Azpimarratu du Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuak ez duela onurarik ekarriko. Hori dela eta, haren ustez, proiektuak ezin du aurrera jarraitu. Duela hamabost urte inguru jarri zuen proiektua mahai gainean Guggenheim fundazioak. Fundazioaren patronatuaren barruan, 22 kide daude; besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta komunikabide batzuk. “Proiektua aztertzeko eskatzen dugun bakoitzean, proiekturik ez dagoela esaten digute. Orduan, nola dakite zenbat kostatuko den eta zenbat jende joango den?”. Ojinagak argi du aurrerapausoak eman dituztela, eta “alkate batzuek” proiektuaren zirriborroak dituztela. Hala ere, parte hartze publikoa saihesten dute, eta ez diete herritarrei proiektua aurkezten.
Fundazioak bi egoitza egin nahi ditu. Bata, Gernika-Lumon; eta, bestea, Muruetan. Horrez gain, bi eraikinak lotuko dituen bide berde bat eraiki nahi du, bost kilometro baino gehiago izango dituena. “Nik jendea animatu nahi dut bidea egitera, ikus dezatela nolakoa den”.
Proiektuak Urdaibaiko biosfera erreserban kalteak eragingo dituela esan du Ojinagak. “Euskal Autonomia Erkidegoko biosfera erreserba bakarra Urdaibaikoa da; hala izendatu zuen Unescok 1984an”, gogoratu du. Bertan museoa eraikitzeak “sei lege” zapalduko lituzke haren hitzetan: “Adibidez, [Espainiako] Kosta Legea edo desagertzeko arriskuan dauden espezieak babesten dituen [EAEko] legea. Gutxienez sei animalia espezie daude egoera horretan; Europako bisoia da bat”.
Horrez gain, Ojinagak esan du Muruetako museoa egun ontziola dagoen tokian eraiki nahi dutela, eta hori ezin dutela egin. “1943koa da ontziola eraikitzeko kontzesioa, erabilera bakarrekoa. Ontziola bakarrik egon daiteke bertan”. Proiektuak aurrera egin ahal izateko, ingurumenaren ikerketak kanpoko aholkularitzei eskatzen dizkietela salatu du elkarteko kideak. “Ikerketa horiek beti ordaindu egiten dira. Beraz, ura koloregabea dela frogatzeko eskatzen badute, aholkulariek hori esango dute”.
Urdaibain sortu nahi duten proiektua Gaztelugatxeren egoerarekin alderatu du Ojinagak. “Tokiko udalek pentsatzen dute horrelako proiektuek dirua utziko dutela euren herrietan, baina ez da horrela. Adibidez, Gaztelugatxen desastrea eragin dute; eraso ekologiko itzela sortu dute”. Eraso kulturala ere aipatu du: “Bermeotarrentzat, Gaztelugatxe euren ondarearen parte da”.
Proiektuak publiko egin dituzten bakoitzean, alegazioak aurkeztu ditu Zain Dezagun Urdaibaik. Eta beti argudio bera erabiltzen du: “Gune babestu bat da, eta badaude alternatibak”. Izan ere, elkarteak aurkeztu izan ditu. “Foruan Urdaibai dorretxea dago, eta horren inguruan 60.000 metro koadro daude”.
Proiektua gelditzeko lana
Joan den astean, Elkarrekin Bizkaiak, Busturialdea-Urdaibai eskualdeko udalekin batera, eskaera egin zien Bizkaiko Batzar Nagusiei, proiektuaren inguruan herri kontsulta bat diseinatu eta egiteko. Baina Batzar Nagusiek ez zuten onartu, soilik Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk bozkatu zuten alde.
Zain Dezagun Urdaibaik, berriz, proiektua salatzeko lehenengo ekintza hilaren erdialdean antolatu zuen. Ibilaldia egin zuten Gernikatik Muruetara. Eta sinadura bilketa digitala jarriko dute martxan. “Sinadura fisikoak ere jasoko ditugu, eta beste elkarte ekologistei, eta ekologistak ez direnei, atxikimendua eskatuko diegu”. Herriz herri aurkezpen informatiboak ere egingo dituzte. “Turismo ez-agresiboa eta ez-masiboa bultzatu behar dugu”, azpimarratu du Ojinagak. Eta gehitu du, gaur egun, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatua “turismo zentro bat” bihurtu dela, eta proiektu turistikoak bakarrik bultzatzen dituztela: “Bermeon egiten ari diren bidexka, edo Mundakan geltokitik herrira egiten ari direna”.
Gutuna New Yorkera
Bildutako sinadurekin “edozer” egiteko prest dago elkartea. “Unescotik has gaitezke, beharbada Espainiako Parlamentura eraman; leku guztietara joango gara”. Are gehiago, mehatxu egin du biosfera erreserbaren titulua kentzeko eskatuko diotela Unescori: “Ondarea ez badu babesten, ez dezatela antzerkirik egin; Guggenheimen erreserba deitu dezatela”.
Antolatu dituzten ekintzez gain, elkarte ekologistak gutuna bidali dio New Yorkeko Guggenheim fundazioari. Idatzi horretan, Muruetan eraiki nahi duten museoari uko egiteko eskatu diote, eraikitzeko hautatu duten tokia Europako Natura 2000 Sarearen barruan dagoelako eta Kontserbazio Bereziko Eremua delako. Bide berdeari ere uko egiteko eskatu diote.
Ojinagaren arabera, garapen ekonomikoa baino lehenago, ingurugiroa babestu behar da. “Europako jurisprudentziaren barruan, baita Espainiako legediaren barruan ere, ingurumena lehenengo kategorian dago, eta garapen ekonomikoa horren azpitik. Hori dela eta, garapen ekonomikoak ingurumena zaintzea eta kontserbatzea errespetatu behar du”.