Urduñako presondegi nagusia 1939ko urrian ireki zuten ofizialki. Baina, horren aurretik eta leku berean —gerra hasi aurretik Urduñako jesuiten ikastetxea zen eraikinean— kontzentrazio esparru bat jarri zuten frankistek. Joseba Egiguren kazetariak horren inguruko ikerketa kaleratu zuen 2011n. Egigurenek dioenez, gerraren ostean “preso asko eta espetxe gutxi” zeudenez, hainbat leku “egokitu” zituzten.
Presoen “laurdenak baino gehiago” gosez hil zituztela azpimarratu du Egigurenek. Horiek ez zetozen gudu frontetik, kontzentrazio esparrua zenean gertatzen zen bezala, “beste espetxe batzuetatik” baizik. Gatibuak ez ziren “gaizkile arriskutsuak edo arruntak”, baizik eta estatu kolpearen aurretik “politikoki edo sozialki nabarmendu ziren pertsonak”: maisuak eta langile erakundeetako buruzagi, militante edo jarraitzaileak, esaterako.
Gehiegikeriak, indarkeriak, tiraniak, atsekabeak, gaixotasunak, pilaketak eta goseak hil zituzten batez besteko gatibuen soslaia halakoa da: Badajozko (Extremadura, Espainia) nekazaria, ezkondua, seme-alabak zituena eta 49 urtekoa. Kontzentrazio esparruan, berriz, 30 urte inguruko kataluniarra zen batez besteko gatibua, nekazaria, eta, espetxean ez bezala, biriketako gaixotasunen baten ondorioz hildakoa. Kontzentrazio esparru hori 1937ko uztailetik 1939ko irailera bitartean egon zen zabalik.
Egigurenen ikerketen arabera, 50.000 lagun inguru igaro ziren esparrutik. “Francoren tropek hartutako gudari eta Errepublikaren aldeko borrokalarien giltzapetze prebentiboa, sailkapena eta berriro heztea zen Urduñako kontzentrazio esparruaren helburua”. Espetxeko zein kontzentrazio esparruko presoak bortxazko lana egitera behartu zituzten. Obra publikoak zein pribatuak egin zituzten Urduñan eta inguruetan.