Ibai Maruri Bilbao
Munduari begiratzeko modu bat / laguntzarrekin kantatzeko modu bat / horman eguzkia hartzeko modu bat / itxaroten jakiteko modu bat”. Berba horiekin hasten da Kirmen Uriberen Munduari begiratzeko modu bat poema. Horman idatzita dago, eta hura irakurriz hasten da Bilboko Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroaren bisita; poema hori abestuz bukatzen dute, gura izanez gero. Euskara zer den eta euskaldunentzat zer garrantzi duen ezagutzeko aukera eskaintzen dio zentro berrituak bisitariari. Astelehenean inauguratu zuen Unai Rementeria ahaldun nagusiak.
“Euskararen bizi indarra erakusten duen eta hizkuntzaren izaera inklusiboa nabarmentzen duen zentroa da”, ahaldun nagusiaren arabera. Sarreran dagoen pantaila ukigarrian, hainbat galderaren erantzuna topatuko du bisitariak: “Zenbat pertsonak hitz egin edo ulertzen dute euskara? Non erabiltzen da? Nola eta noiz erabiltzen da?”. Baina zentroaren muina Euskararen Etxeko lehen solairua da.
Lehenengo, ispiluz osatutako areto batera sartzen da bisitaria. Euskarak gehitu egiten du ipini diote izena. Erdian, hitzez osatutako arbola baten enborra irudikatu dute. Zutabearen ondoko horman, Joxean Artzeren olerki bat dago idatzita, beti ur berria botatzen duen iturri zaharrari eskainia. Horma horretan, zuhaitzeko berbak eta haien esanahi eta bitxikeriak islatzen dira. Hiru kapsula dira arbolaren fruituak: barruan, gai banari lotutako informazioa, irudiak eta soinuak daude: euskalkien ondorioz euskarak duen aniztasuna, euskararen transmisioa historian zehar zelan egin den, eta euskararen komunitatea nortzuk osatzen duten eta zer mugarri izan dituen.
Euskara gehituz dago eginda ipini diote izena hurrengo aretoari. Eremu horretan, euskara ikuspegi linguistikotik landu dute. Besteak beste, berbekin olgetan ibiltzeko aukera eskainiko dute pantaila ukigarri bik. Agiritegi lexiko bat ere atondu dute horma zabal batean. Han ikus daitezke euskarak hizkuntza mesolitikoetatik, neolitikoetatik, latinetik, arabieratik, gaztelaniatik… hartu dituen berbak. Kaxoiak ireki behar ditu bisitariak horma horretan, zein diren jakiteko. Euskarak mailegu asko jaso ditu, baina berak ere eman dizkie berbak inguruko hizkuntzei.
Hirugarren aretoa korridore luze bat da: Gizartea gehituz du izena. Horma batean euskararen historia ezagutu daiteke. Babelgo dorrearen pasartearekin hasi dute kontakizuna: elezaharraren arabera, Babelgo Tubalek euskaraz egiten zuen berba. “Euskararen antzinatasuna erakusteko aukeratu dugu; euskara hizkuntza aurre-indoeuroparra da”, azaldu die agintariei gidariak. Erakundeek eta gizarteak azken hamarkadetan emandako pausoekin amaitu dute kontakizuna. Bien bitartean, hamaika mugarri daude: Irulegiko Eskua, Donemiliaga Kukulako glosak, Linguae Vasconum Primitiae, Lazarragaren eskuizkribua, Bibliaren euskarazko itzulpena, Axularren Gero, Juana Ines de la Cruzen olerkiak, Larramendiren gramatika, Euskaltzaindia, ikastolak, Korrika, EITB, Euskaldunon Egunkaria…
Konpromisoak
Parean euskara zelan bizi duen azaldu dezake bisitariak, harien bitartez. Etorkizunean zer nahiko luketen galdetuta, “Euskal Herriko populazioaren %96k ulertzea eta hitz egitea” erantzuna aukeratu zuen Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako foru diputatuak asteleheneko inaugurazioko bisitan; Rementeriak eta Lorea Bilbao Kultura eta Euskara diputatuak, “euskara beste hizkuntzak bezainbeste erabiltzea”. Rementeriaren esanetan, “ezinbestekoa da herritarrek eta erakundeek euskararen erabilera indartzeko konpromisoak hartzea”.
Hizkuntzak hiztunak behar ditu. Horregatik, Gehitu gugana ipini diote izena hurrengo eremuari. Fotomatoi bat dago, eta bisitariari bertso bat oparitzen dio, hark pantailako irudiei begira egindako irribarreen arabera asmatutakoa. Euskarak maitemintzen du izenburupean, ikus-entzunezkoak ikus daitezke pantailan: hizkuntzak erakarri dituen mundu osoko pertsonen testigantzak jaso dituzte hor.
Bisita bukatzeko, Uriberen poema kantu bihurtuta ikusi-entzun daiteke pantaila erraldoi batean, Mikel Urdangarinen eta Bilboko Koral Elkarteko kideen ahotsetan; eta baita abestu ere, mikrofono baten laguntzaz: “Ez onena agian /ez ederrena agian / zaharregia, txikiegia agian / Agian / Baina gurea, zurea / guztiona”.