Olatz Silva Rodrigo
Aniztasun funtzionala duten pertsonekin egiten du lan Gorabidek. Madres Mercedarisek eta Gaudek ere bai. Nahiz eta bakoitzak bere lana egin, sektore bakar bat bezala identifikatzen dute euren burua. Zaintza zerbitzu publikoa eskaintzen duten hirugarren sektorea dira. “Bizkaian ez dago lan hitzarmen sektorialik; enpresa batzuek euren hitzarmena dute, baina beste batzuen erreferentzia [Espainiako] Estatuko hitzarmena da”, azaldu du Juankar Vizan LABeko kideak. Hilaren 8an, hiru enpresek greba bateratua egin zuten, eta lan hitzarmen duinak aldarrikatu zituzten. Izan ere, Gorabideren eta Gauderen lan hitzarmenak 2019an iraungi ziren; 2018an Madres Mercedariasekoa. “Aldarrikapenak ia-ia berdinak dira, eta eskakizun nagusia soldata da”, zehaztu du Vizanek. “Hiru urte baino gehiago daramate igoerarik gabe”.
Bilboko Foru jauregiaren aurrean bildu ziren langileak. Vizanek egun horren balorazio positiboa egin du: “Bilbo batean laurehun langile batzea ez da batere erraza”. Haren ustez, garrantzitsua da sektorean langileak antolatzea. Eta berri ona izan da sindikatuarentzat langileen horretarako nahia ezagutzea. Lan hitzarmen propioak aldarrikatzeaz gain, hitzarmen sektorialaren aldeko apustua ere egiten ari dira. “Sektore moduan beste pisu bat izango lukete; ahots propioa”, adierazi du. Gainera, guztientzat minimo batzuk ezarriko lirateke. Eskakizun horren aurrean, patronalaren jarrera salatu du Vizanek: “Hiru hilabete ibili gara biltzen, baina ez dute negoziazio mahaia zabaldu nahi izan”. Foru aldundiak ere nahiago du oraingo sistema mantendu, Vizanen hitzetan: “Diru kopuru bat ematen die zerbitzu publiko bat egiteko. Egungo egoera erosoa da harentzat, enpresa bakoitzarekin harreman indibiduala duelako”.
Desberdintasun txikiak
“Aldarrikapen nagusiaz gain, enpresa bakoitzak pare bat puntu gehiago ditu”, esan du Vizanek. Gorabideko langileek hiru zutabetan banatzen dituzte haien eskakizunak. “Erosteko ahalmena berreskuratu nahi dugu. Galduta dugu, eta berreskuratzea bakarrik eskatzen dugu. Ez dugu besterik nahi”, nabarmendu du Begoñe Markina Gorabideko langile batzordeko kideak. Kontziliazio neurriak ere nahi dituzte. Ordutegi berriak ezarri dizkiete eta kontziliazio neurri batzuk murriztu dizkiete. “Hirugarren eskakizuna kontratu berriak benetan kalitatezkoak izatea da”. Izan ere, Markinak salatu duenez, pasa den urteko kontratuek ez dute lan egutegirik: “Urtean 1.592 ordu egin behar dituzte, baina bi ordu lehenago deitu ahal dituzte lanera joateko”. Haren iritziz, horiek ez dira baldintza duinak. “Sentitzen dugu ez gaituztela batere baloratzen”.
Vizanek bezala, Markinak grebaren balorazio ona egin du: “Enpresak emandako datuen arabera, arreta zuzenean %93ko lanuztea egon zen, eta orokorrean, %64. Zerbait gertatzen ari dela pentsatu behar dute”.
Gaudeko langileek ere ordutegi zehatzaren falta dute. “Langileak telefonoari lotuta egon behar dira uneoro, inolako egonkortasuna lortu gabe”, salatu du Sarai Ronbon Gaudeko langileak. Eta gehitu du langile askok lanaldi erdiekin daramatzatela hogei urte baino gehiago. 2019tik ari dira hitzarmen berriaren alde borrokatzen, baina pandemian gelditu behar izan zuten. 2021ean berriro hasi ziren negoziatzeko nahiarekin, baina enpresak ez zuen asmorik erakutsi. “Pandemiak gastu asko eragin dituela esaten dute eta ezin dutela negoziatu”. Gaudeko langileak kalera ateratzen hasi ziren duela bi urte. “Kasurik egiten ez zigutenez, iazko irailean, bi orduko lanuzteekin hasi ginen”, gogoratu du Ronbonek. Ez du baztertu greba mugagabearen ideia: “Ikus dezatela ez garela txantxetan ari”.
Madres Mercedariasek 2010ean sinatu zuen enpresa ituna, baina 2018an, zentroak Fundacion Aliados enpresa kontratatu zuen, eta hark langileak subrogatu eta ituna kendu zien, soldatak izoztuz eta urteko lanaldia handituz. “Borrokan gaude galdutakoa berreskuratzeko”, nabarmendu du Olaia Armendariz LABeko ordezkari sindikalak. 900 eta 1.100 euro arteko soldatak dituzte. “KPIaren igoera eta 1.648 orduko lanaldia nahi dugu”.
Urtearen amaieran, Madre Mercedarias Kongregazioak zerbitzua utziko du. Inork ez badu negozioa erosten, lantokia itxiko dute. Armendarizen ustez, ardura guztia aldundiarena da: “Zentroaren kudeaketa aldundiko diruarekin egiten da”. Zuzendaritzaren jarrera ere salatu du: “Ez dizkigute ezta emailak ere erantzuten”. 21 greba egun egin zituzten iaz. Eta aurten greban jarraitu dute: otsailaren 6tik 12ra egin dute, eta martxoaren 6tik 12ra grebara deitzeko asmoa dute, mojek ez badiete “ezer esaten”.
Apnabik akordioa lortu du
Apnabiko langileak ere greba egitera deituta zeuden otsailaren 8an. Autismoa duten bizkaitarren familien elkartea da. Grebara deituta bazeuden ere, ez zuten grebarik egin, aurreko egunean akordio batera heldu zirelako. “Hobekuntzarik garrantzitsuena soldata izan da, KPIaren igoera”, azpimarratu du Alberto Corral Apnabiko langile batzordeko kideak. Beste hobekuntza “txiki” batzuk ere lortu dituzte: langileek zazpi ordu izango dituzte, 70 urte baino gehiago dituzten gurasoak medikuarenera laguntzeko. Eta zentroetako zaintzaileek egun bateko baimena izango dute, “behar dutena egiteko”.
Euren eskakizunetako bat aldundiarekin duten azpikontratazio modua aldatzea zen, baina ez dute moldatu. “Sistema aldatzea zaila izango da”. Zazpi hilabete eman dituzte protestan, eta jendea prest zegoen “edozer” egiteko. Oro har, langileak “pozik” daude lortutakoarekin.