Amaia Igartua Aristondo
Amorrua eta inpotentzia. Eta, horiek hauspotuta, elkartasuna, eta babesa adierazteko prestasuna. Euskaldunon Egunkaria-ren itxierak —datorren astelehenean, hogei urte— ekintza mordo bat eragin zituen Bizkaian. Inauteriak baliatu zituzten ebazpena gaitzesteko, baita Korrika ere, eta, era berean, Bilboko Aste Nagusia, hilabete batzuk ondoren; are, unibertsitatea ere astindu zuen gertakariak. Kezka uneak egon ziren, baina baita momentu ederrak ere; hala gogoratzen ditu aste horiek Arantxa Uribe Bilboko Hordago Abante konpartsako kideak.
“Garai hartan, Iñaki [Uriarte, Egunkaria-ko behargina eta Uriberen bikotea zena] ospitalean zegoen ebakuntza baten ondorioz. Irratitxo bat zuen, eta gau hartan entzun zuen Guardia Zibila Egunkaria-ren Bilboko bulegoan sartu zela”. Ospitalean bertan, bulego antzeko bat zuen antolatua Uriarte kazetariak, han zituen agenda eta telefonoa, eta lankide bati deitu zion, abokatuarekin harremanetan jar zedin, zer gertatu zen jakiteko.
Konpartsakideek Uriarteren bitartez izan zuten jazoeraren berri: Guardia Zibilak gauza ugari eraman zuen bulegotik; tartean, konpartsaren materiala. “Ez geneukan leku bat konpartsaren gauzak gordetzeko; Aste Nagusian erabiltzen genituen gauza gehienak Andoainen zeuden, Egunkaria-ren egoitza nagusian”. Baina Uriarteren bulegoan bestelako material txikiagoak gordetzen zituzten; hala nola, Hordagoren estatutuak, konpartsen lehiaketetan lortutako garaikurrak, kamisetak, argazki pilo bat eta prentsa dosierrak. Hori guztia ere konfiskatu egin zuten.
Lotura agerikoa zuten konpartsak eta egunkariak, eta, hori hala, lege aldetik ondoriorik ez izateko, aldaketa batzuk egin zituzten. “Zalantzak agertu ziren”, Uriberen esanetan. Estatutu berriak egin zituzten, eta konpartsari izena aldatu zioten: Hordago deitu zen ordura arte, eta Abante hitza gehitu zioten hortik aurrera. Logo berria ere egin zuten.
Itxieratik egun gutxira, aratusteetan, konpartsak Egunkaria izan zuen hizpide Bilboko desfilean —nahiz eta, azkenean, manifestazio batek ordezkatu zuen—. Korrikaren urtea ere izan zen, eta gai berari eman zioten oihartzuna, kide bakoitzak Egunkaria aurrera leloaren hizki bat eraman baitzuen soinean. Bilboko Aste Nagusia heldu zenerako, giroa ez zen baretu. “Elkartasun mezuak jaso genituen, oso ondo tratatu gintuzten. Arriaga plazan elkarretaratze bat egin genuen, Egunkaria-ko langile ohiekin batera, preso zeudenen argazkiekin… Momentu polita izan zen”, esan du Uribek.
Protestak unibertsitatean
EHUko Kazetaritza fakultatean, Leioan, berehalakoa izan zen erreakzioa, Mikel Carramiñana Egunkaria-ren aldeko sostengu batzordeko kide eta BERRIAko behargin ohiak oroitu duenez. “Itxi zutenean, burura etorri zitzaidan hurrengo egunean egunkari batean ez zela egongo informazio orokorra euskaraz”. Ikasgai batean, informazio alternatiboko webgune bat sortua zuten, eta hori erabiltzea bururatu zitzaien, euskarazko edukiak eskuragarri egon zitezen sarean. 40-50 albiste argitaratu zituzten, askotariko gaietakoak: nazioartea, kirola, kultura…
Sostengu batzordea sortu zuten gero. Azkar mugitu zirela gogoratzen du Carramiñanak: garai hartako Egunero hedabidearen ale baten laguntzarekin —Egunkaria-ren ordez argitaratutako egunkaria izan zen Egunero—, zehaztu du itxieratik astebetera egin zutela Leioako campuseko manifestazioa: 1.500 lagun bildu ziren.
Bestelako formatura ere jo zuten unibertsitariek: kartelez, iritzi artikuluez eta hitzaldiez baliatu ziren, esate baterako. “Ikasleen, irakasleen eta unibertsitateko langileen sindikatuetatik ere laguntza izan genuen. Euskararekiko konpromiso minimo bat zuen orok urratsa egin zuen zeozer egiteko”.