Ibai Maruri Bilbao
Garbikerrek eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak biometanizazio planta bat eraikiko dute Bilboko Artigasen, hondakin organikoetatik gas berriztagarria ekoizteko, eta 6.000 etxe hornituko ditu. Edukiontzi marroiaren bidez bilduko den hondakin organikoaren kopurua “nabarmen” haziko dela uste dute: 2030ean 50.000 tona izango dira. Diputazioak dituen konposta egiteko plantak ez dira hondakin horri guztiari irtenbidea emateko gai izango. Horregatik beste aukera batzuk aztertzen hasita, biogasa ekoiztea bururatu zaie.
Proiektua abian jartzeko erakunde pribatu bat lizitatu dute proiektuan sartzeko. Azpiegitura eraikitzeko eta ustiatzeko behar den ezagutza teknikoaz eta operatiboaz arduratuko da enpresa pribatu hori. Hura kudeatzeko behar den finantzaketaren zati bat ere jarriko du. 25 urterako kontratua egingo zaio: lehen biak, azpiegitura egiteko, eta gainerakoak, hura kudeatzeko. 17-18 milioi euroko inbertsioa egin beharko da. Aurten hasiko dira lanean.
“Planta honek, hondakin horien balorizazio materialaren bidez, organikoaren kudeaketan eraginkorragoak izaten laguntzen digu, konposta sortuz, eta, aldi berean, energia berriztagarria sortzeko sistema bat jartzen dugu martxan, ekoizten ditugun hondakinak aprobetxatuz”, azaldu ditu Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak. Urtean, 6.000 etxebizitzaren kontsumoa edo 3.000 ibilgailuren energia beharra asetzeko beste energia sortuko duela kalkulatu dute, berotegi efektuko gasen isurketak %95 murriztuta.
“Hidrogeno berdeagaz batera, biometanoak funtsezko rola izango du deskarbonizazio prozesuan”, nabarmendu du Iñigo Ansola EEEko zuzendariak. Horregatik, “oso garrantzitsua” iritzi dio Garbikerrekin bultzatuko duten planta honi. Nabarmendu du hondakinak lehengai bihurtzea oinarrizkoa dela ekonomia zirkularrean, eta Euskadiko Itun Berdearen zutabeetako bat dela.
Ekarpen energetikoa prozesu baten bidez egingo da. Zati organikoa oxigeno barik deskonposatuko da, biogasa sortzeko. Araztu ostean, biometano bihurtuko da, gas naturalaren ezaugarri bero emaile eta portaera berekoa, eta gas naturalaren sarean sartuko da. Etorkizunean biogas hori aprobetxatzeko aukerak aztertzen ari dira; biohidrogenoa edo beste erabilera berriztagarri batzuk sortzeko ere erabil daitekeela esan dute.
Konposta ere bai
Organikoaren deskonposizio prozesuan hondakin solido egonkortu bat sortzen da: digeritu solidoa. Edukiontzi marroitik datorren organikoaren antzeko baldintzetan konposta egiteko erabiltzen da, eta hori egingo dute. “Bigarren eta hirugarren bizitza bat emango diogu hondakin organikoari: azpiegitura honetan sortuko den energia berriztagarriagaz batera, prozesuaren ondoriozko hondakina konposta sortzeko erabiliko da, ekonomia zirkularraren printzipioak beteta”, azaldu du foru diputatuak.
Planta martxan jartzen dutenean —2024rako aurreikusi dute—, organikoaren tratamendua honela egingo litzateke: 6.000 tona konpostatuko dira eskualdeetako plantetan, 50.000 biometanizazio plantan, eta hortik irtendako digeritua Bizkaiko Konpostategian konpostatuko da. Biometanizazio plantak 8.300 metro koadro izango ditu, eta Bizkaiko Konpostegiaren ondoan egongo da.