Zaborrak erein duen elkartasuna

Autobidetik joaten direnak ez daitezela ahaztu zelai berde horren azpian pozoi pila bat dagoela”. Esaldi horrekin borobildu zuen Janire Lazkanok, Zaldibar Argitu plataformako bozeramaileak, zabortegia amildu zenetik hiru urte pasatu direla gogoratzeko Eitzagan hilaren bostean antolaturiko ekitaldia.

Begien aurrean geneukan malda hura estaltzen duen soropilak gogoratu zigun zoro pila baten erruz desagertu zirela Alberto eta Joaquin. Begietan nabaritu zaigu askotan agertu zaigun ezinegona; malkoei eusten saiatu garen arren, pasarte gogorrak bizi izan baititugu negu luze hirukoitz honetan. Senideen sentipenak entzun ditugunean, negar-anpuluei eusten egoeraren gordintasuna ez areagotzeko. Baita horiekin elkartasunean giza talde bezala jokatu dugunean ere. Askotarikoak dira hiru urte hauetako bizipen eta sentipenak.

Kolitzapetik Eitzagara, beste behin, Zaldibarren beste aldean, errealitatearen beste aldean dagoen zerbait… Lotuta, baina elkarri bizkarra emanda. Errepideen arteko kokapen itolarria, hutsaren hurrengoa agintarientzat. Kontatu digute bertako auzokideek ez dakitela zein den airearen kalitatea, ezta arnastutako hautsen eragina zein izan daitekeen ere. Batek daki zer daukaten, zer haizatu duten lurraren mugimenduetan erabilitako tresna erraldoiek, gorpuak aurkitzeko erlojupeko lanean. Ibilbide horretan desjabetu dituzten arren, ez dute burua galdu. Hala ere, sufrimendua ez da eten.

Elkartasunaren plazak tranpaldora egin du salto, Axutek eta Artedramak gorpuztu duten Hondamendia antzezlanean. Eibarren ikusteak sinbolismo uholdea izan zuen niretzat. Izuak ateratzeko eta haien digestio egokia egiteko baliabidea da artea. Honetan gozatu daiteke baliabide eszenografikoekin, ondo asmatu baitute tragedia nola bilakatu tresna emozional. Enkarterrin, ziur aski, ez dugu ikusiko antzezlana. Ez dugu ikusiko udal aldizkarietan promozionatuta, beste ikuskizun gatz bako batzuk agertzen diren bezala. Eskertzekoa da, eta poztekoa, batzuek daukaten sormena eta ausardia.

Zaborraren zaborrari darion higuina ari da berriro hedatzen egun hauetan. Langileen salaketak, diru gosea, arrakalak zabor mendian, aurreikusi zitekeen hondamendia, luizi prefabrikatua, txosten teknikoekin itzalitako gabeziak, enpresarien eta politikarien arteko loturak, amaraun ongi josiak ematzen duen babesa… Ertz asko ditu. Indartsuak ez jausteko ongi korapilatuta, hari meheak baitira apurtzen direnak, egiturari eragiten diotenak eta bilbe horretan argi izpiren bat pasatzen uzten dutenak.

Ostegunero Zallako plazara jaisteko gure egunerokotasunetik ateratzen ginenean bezala dator artikulu hau. Eguraldiak alderik gordinena erakusten zuenean ere, huts egin gabe etxeko gozotasunetik irteten ginen, salaketa, elkartasuna, giza beroa eta senideekiko hurbiltasuna adierazteko. Finean, haiek dira gehien galdu dutenak afera honetan, egunero pairatzen dutenak bi langile haien hutsunea.