Amaia Igartua Aristondo
Eztanda bat izan zen, eta munduko hainbat ertz astindu zituen, gainera: XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran, euskal herritar askok bisitatu zituzten Egipto eta Ekialde Hurbila, bi hilabete inguru irauten zuten bidaietan; berrehun eta are hirurehun laguneko osterak izaten ziren, eta horietako batzuek dokumentatu egin zituzten han ikusi eta bizi izandakoak, hala idatziz, nola filmatuta. 1922an, interesa gehiago handitu zen, Howard Carter Erresuma Batuko arkeologoak Tutankamon faraoiaren momia eta hilobia topatu baitzituen Erregeen Haranean (Egipto). Halakoa zen giroa garai hartan: arkeologiarekiko interesa zegoen, eta ez bakarrik ikerlarien partetik. Orain, behialako lilura hori hizpidera ekarri du Bilboko Arkeologia Museoak, maiatzaren 7ra arte, Egiptorako espedizioen eta Euskal Herriko indusketen artean erakusketaren bitartez.
Dena dela, ez zen urruneko kontua izan bakarrik, Bizkaian ere arrastoa utzi baitzuen giro hark. Zehazki, garai hartan induskatu zuten Jose Migel Barandiaran, Telesforo Aranzadi eta Enrique Eguren antropologoek Santimamiñe (Kortezubi) —1917 eta 1918 urteetan, hain justu—, eta urte gutxiren ondoren —1924tik 1929ra—, Lekeitioko Lumentxa leizea miatu zuten aurrenekoz Barandiaranek eta Aranzadik. Bazeuden momiak eta antzinako zibilizazioen arrastoak, eta bazegoen, orobat, norberaren jatorria usnatzeko grina bat ere; alegia, arkeologia egiteko bi bide.
Eta, hain zuzen, hori du jomugetako bat erakusketak, bi ikuspegi horiek aurrez aurre jartzea, Iñaki Garcia Camino museoko zuzendariaren arabera. Gasteizko Bibat arkeologia museoak bidaien eta Tutankamonen aurkikuntzaren nondik norakoak xehatu zituen iaz erakusketa batean; erakusketa hori dago ikusgai Bilboko Arkeologia Museoan, eta Santimamiñe eta Lumentxako koben inguruko datu eta zantzuekin biribildu dute.
Arkeologiaren helburuak
“Egipton egiten zen arkeologiak beste helburu batzuk zituen: topatzea altxorrak, zibilizazio galduak eta haien garapena…”, azaldu du Joseba Rios antropologo eta historiaurrean adituak —hark komisariatu du Bizkaiko kobei dagokien erakusketa zatia; bidaiei eta Tutankamonen aurkikuntzari dagozkienak Maria Luz Mangado Historian doktoreak apailatu ditu—. Antropologia erromantikoagoa zen, eta, gainera, kanpokoak joaten ziren lorratz horiek aurkitu eta ikertzera, Riosek nabarmendu duenez. Aldiz, bestelakoa zen orduko Bizkaiko antropologia. “Euskal Herriaren sorrera topatzen ari ziren Paleolito garaiko aztarnetan. Arkeologia oso metodikoa zen: eskola frantsesarekin eta alemanarekin harremanak zituzten, eta sistema ezagun bati jarraitzen zioten. Helburu jakin batengatik induskatzen zuten, koba eta leku jakin batean, galdera jakin bati erantzuteko”.
Bi bitrinatan kokatu dituzte indusketa horietako hainbat objektu. Esaterako, Santimamiñen topatutako burezur bat, Neolito garaikoa, aizkora leundu bat, eta suharri batzuk; eta Lumentxako beste kaskezur batzuk, Neolito garaiko zeramika pusketa bat, apaingarri batzuk, eta adarrezko arpoi bat. Horrez gain, Barandiaran Fundazioko material batzuekin osatu dute bilduma; besteak beste, Barandiaranek garai hartako adituekin trukatutako gutunekin, hala nola Aranzadirekin, Hugo Obermaier arkeologo eta geologoarekin, eta Henri Breuil apaizarekin. Riosen hitzetan, “garai hartan, Breuil munduko aditurik nabarmenena zen labar artean. Hark baieztatu zuen Altamirako [Espainia] pinturak benetakoak eta historiaurrekoak zirela, baita Ventalaperrakoak [Karrantza] eta Santimamiñekoak ere”.
Oro har, askotariko iturrietatik edan du erakusketak; besteak beste, Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoa eta Espainiako Filmoteka.
Momiarenean ostatu hartu
Erakusketako panel mardulen eta bitrina beteen artetik gailentzen da haren figura: Maria Sagarminaga bilbotarraren marrazki handi bat, oinetan maleta bat duela, eta besoan zenbaki bat, bidaiari guztiek zenbaki bat baitzeramaten euren buruak identifikatzeko. “Jerusalemen hil zen, 1905ean, 33 urterekin, bihotzekoak jota; han ehortzi zuten, eta monumentu bat egin zuten haren omenez”, Mangadoren esanetan. Beste euskal herritar askorekin batera, aitzindaria izan zen Sagarminaga Egiptorako bidaietan. “XIX. mendean abiatu zituzten. Beraiek espedizioak deitzen zieten, nahiz eta erromesaldi gisa izan ziren kamuflatuak”.
Hasierako bidaiek kutsu erlijiosoa izan zuten: Gasteizko Gotzaindegiak eta Langileen Patronatuak antolatu eta babestu zituzten proiektuetako hainbat, kaputxinoen eta frantziskotarren laguntzarekin. Igarotzen zuten Egipto, baita Jerusalem ere, besteak beste; saihetsezina zitzaien Ponpeia (Italia), komisarioaren arabera, eta, bidaiaren amaieran, aita santuak harrera egiten zien Vatikanoan. Lehen Mundu Gerrara bitartean, zortzi ostera egin zituzten, eta gatazkaren ondoren ere bidaiatu egin zuten sarritan.
Tutankamonen aurkikuntza mugarria izan zen bidaiari horientzat ere. Hasierako erromesaldiek, turismo usaina ere nabarmen zuten horiek, interes kulturala bereganatu zuten ordutik aurrera. 1926an, momia aurkitu eta lau urtera, hura bisitatzera joan ziren dozenaka euskal herritar, Erregeen Haranetik igaro baitziren espedizioetako batean; Carterrek berak egin zituen gida lanak hilobirako bisitan.
Hala, Tutankamonek eta Carterrek ere toki esanguratsua dute erakusketan. Esaterako, Erregeen Haranaren maketa mardul bat ipini dute, non hiru sarbide ikus daitezkeen; horietako batek —erdikoak— Tutankamonen hilobira darama. Eta, inguruan, indusketa garaiko objektuak paratu dituzte: hilobiaren atarian kokatuta egon ziren karteletako bat; Luxoreko (Egipto) ohiko pegar bat, induskatzen ibili ziren langileei ura eramateko erabili zituztenetako bat; baita hilobiaren inguruko aurreneko argitalpen batzuk ere. Carter hamar urtez egon zen han beharrean, hilobian aurkitutako objektuak katalogatu, zenbatu eta deskribatzeko —ia 5.400 pieza ziren, orotara—. Indusketa lan horien nondik norakoak ere bildu dituzte, baita bitxikeriaren bat edo beste ere; kasurako, lehen aldiz eraman zuten argia haranera, argiztapen handiagoarekin lan egiteko.