Apnabik, akordioa; Gaudek eta Gorabidek, greba

Iazko ekainetik hainbat protesta, lanuzte eta mobilizazio egin ditu Apnabi autismoa dutenen familien Bizkaiko elkarteak, eta greba egunak aurreikusita zeuzkaten aste honetarako, baina bertan behera utzi dituzte. Izan ere, asteartean akordio bat egin zuten zuzendaritzarekin. Oinarrizko soldata %16,5 igotzea adostu dute, baita 2020tik aurrerako KPIa berrikustea ere. Horrez gain, hainbat hobekuntza erdietsi dituzte, hala nola lan osasunean eta kontziliazioan. “Erosteko ahalmena berreskuratzea eta lan baldintzak hobetzea” bermatuko du akordioak, LAB sindikatuak esan duenez.

Kontrara, borrokan jarraituko dute oraindik Gaude eta Gorabide elkarteko beharginek —aniztasun funtzionala dutenei eta haien familiei laguntzen diete—. Asteartean lanuztea egin zuten, 2019tik lan hitzarmena berritu gabe dutelako; ordutik, Gaudeko langileek erosteko ahalmenaren ia %30 galdu dute, eta Gorabidekoek, hilean 300 euro.

Lanuztea Bizkaibuseko zerbitzuetan

Astelehenean, Bizkaibuseko langileek egun osoko lanuztea egin zuten, lan ituna berritzeko eskatzeko. Bizkaibuseko zerbitzuak eskaintzen dituzten bost azpikontratetatik lauk deitu dute lanuztera; Durangaldeko Avanzadak ez beste denek. Izan ere, Durangaldeko Avanzada akordio batera heldu da dagoeneko. Diputazioaren egoitzaren aurrean egin zuten protesta, astelehenean —argazkian—, gatazkan esku har dezala eskatzeko. Ez da aurreneko greba eguna izan: hilabeteak dira protestak hasi zituztela.