Ibai Maruri Bilbao
Joan den mende hasieran Bizkaiko burgesiak bizi izan zuen oparotasunaren ikurretako bat da Leioako Artatza jauregia. Asko izan ziren bizilekua Bilbotik Abrako badiako eskuma aldera eroan zuten familia aberatsak. Giro horretan aukeratu zuten Victor Txabarri Anduiza —Victor Txabarri Salazar industria arloko enpresari eta politikariaren semea— Trianoko markesak eta Maria Josefa Poveda Etxaguek osatutako senar-emazte bikoteak Leioako eremu hori jauregi bat eraikitzeko. Udan eta udazkenean egoten zen han familia, eta urteko gainontzeko hilabeteetan Madrilen bizi ziren, negozioak handik gidatzen baitzituzten.
Manuel Maria Smith Ibarra arkitektoak diseinatu zuen. Halako beste jauregi batzuen egile ere izan zen arren, hau izan zuen bizileku ikusgarrienetako bat. Ana erregina izeneko XIX. mendeko estilo ingelesa tokira egokitzen asmatu zuen. 1914an hasi ziren eraikitzen, eta 1918an egin zuten inaugurazio ofiziala. Alfontso XIII.a Espainiako erregea gonbidatu zuten horretarako Txabarritarrek; 1931n Espainiako II. Errepublika aldarrikatu eta familiarekin erbesteratu zen arte, erregeak Artatzan hartzen zuen ostatu Bizkaira bisitan etortzen zen aldiro. 1936ko gerran, gudarien kuartela izan zen. Gerraren ondoren, 1979ra arte, Txabarri Poveda familiak han igarotzen zituen udaldiak.
Iban Rodriguez Leioako alkatearen esanetan, handia da jauregia, barruan Txabarri Poveda familia ez ezik haien zerbitzura lan egiten zutenak ere bizi baitziren. “Ondo bereizita dago zein den familia bizi zen zona eta zein zen zerbitzuarena”. Bihar hasita, otsaileko eta martxoko zapatu eta domeka guztietan han biziko dira berriz ere Txabarri Poveda familia eta haien zerbitzura lan egiten duten gizon-emakumeak. Izan ere, Leioako Udalak bisita gidatu antzeztuak eskainiko ditu asteburuetan, nahi dutenek jauregia ezagutu eta duela mende bateko burgesia zelan bizi zen bertatik bertara ikusi ahal izateko.
Eraikina ia 300.000 metro koadro dituen orube zabal, irregular eta gorabeheratsu batean dago, Artatzako hareatzan, etxeari izena ematen dion lekuan. Espainiako Estatuak enkantean ipini zituen 1894an, eta orduan eskuratu zituen Txabarri Poveda familiak.
Eraikinak U formako oinplanoa du, eta hegoaldera eta mendebaldera begira dago. Kanpoko aldean, Ingalaterrako estiloaren ezaugarriak argi eta garbi igartzen dira, baina estilo neoeuskaldunaren ezaugarriak ere sartu zizkion arkitekoak; berbarako, zurezko bilbadurak eta estalkien malda handiagoak.
Ekitaldi publikoetarako
1989tik, jauregia Eusko Jaurlaritzarena da: Lehendakariarentzat erosi zuten, eta ekitaldi instituzional garrantzitsuak egin dira han. 2018an, Jaurlaritzak udalari utzi zion erabilera, hamar urterako. Leioaren eguna ospatzen dute han, herriko ekitaldi garrantzitsuak ere egiten dituzte, eta ezkontzetarako erabiltzen dute.
Bi solairuko eraikina da, eta bietan lau gune daude, ondo bereizita: familiarena, zerbitzuarena, bisitariena eta umeena. Beheko soilaruan, atarte zabalean, kapera dago; eraikinaren erdigunea da. Ondoan du bulegoa. Bi egongela tximiniadun handi eta jangela bat ere solairu horretan daude, kristalezko lorategi gela batek lotuta. Umeentzako jangela bat eta egongelak ere badaude. Baita egongela, jantzitegia eta bainugela duten gonbidatuentzako logelak ere; horietako bakoitzak bere sarrera du kanpotik.
Erdialdean, zerbitzarien gunea dago; sarrera bereizia eta gune zabalak ditu: sukaldea, harrikoa egiteko tokia, jakitegia, zerbitzarientzako jangela eta ikuztegia. Handik jaisten ziren sotora: behean daude upategia, janaritegia, berogailu gela eta ur beroarena, ikaztegia eta egurtegia, eta trastelekua. Bizilekuaren bestaldean, garajea, ukuiluak, zalditegiak eta lantegia zeuden. Lehen solairuan, logelak daude. Solairu honetan erizaindegia ere bazegoen.
Eraikina bezain ikusgarria da ingurua ere: han ziren crocketean jokatzeko zelaia, tenis pistak, zuhaizti batek babestutako ortua, larreak, berotegia, ur tanga bat eta oilategiak. Eraikina lorategiz inguratuta zegoen, Ingalaterrako etxe victoriarren antzera. Bi urmael ere baziren: batean, nenufarrak zeuden; besteak ontziralekua zeukan. Bederatzi zuloko golf zelaia ere bazegoen inguruan. Gaur egun, lorategiak Bizkaiko Foru Aldundiaren jabetzakoak dira, eta hark egiten ditu mantentze lanak. Alkateak esan du Leioako eta inguruko herritarren gozamenerako parke “estimatua” dela, alboan duen Pinondoko udal parkearekin batera.