Askotariko eskaintza edozeinen eskura

Askotariko eskaintza edozeinen eskura

Zihara Jainaga Larrinaga

Lurraldeko ondarea ezagutarazi eta zabaltzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiaren museo eta aretoetako jardueraz mukuru dator 2023. urtea. Hala, Asko… eta gehiago katalogoa aurkeztu dute aldundiko arduradunek, Bilbon, museo eta aretoetako zuzendariekin batera. 30 bat erakusketak, ehundik gora jarduerak eta dozena bat argitalpenek osatzen dute programa. “Askotarikoa da museoen aberastasuna lurraldean, askotarikoa da museo bakoitzak daukan jarduera programa eta askotarikoa da bertara bil daitekeen jendearen zaletasuna zein interesa”, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuaren arabera.

Bizkaiko museo bakoitzak bere erakusketa edo izaera du, argazki iraunkorra, museoa definitzen duena. Alta, urtero, aldi baterako erakusketa, jarduerak zein argitalpenak antolatzen ditu Bizkaikoak —Bizkaiko foru aretoak, museoak eta interes tokiak kudeatzen dituen foru entitateak—. Asier Madarieta da arduraduna.

Halaber, lurraldearen historia, ohiturak eta izaera ezagutzera gonbidatu dituzte ikastetxe guztiak. Bizkaiko museo eta foru aretoek eskaintzen duten hezkuntza eskaintza aberatsa, didaktikoa eta zaletasuna sortzeko modukoa dela azpimarratu du Bilbaok, eta ikasgeletan egiten den lana osatzeko aukera ona dela iruditzen zaio. Horretarako, eskola programak ere jarri dituzte abian.

Madarietak azaldu duenez, aukeratzeko gune eta ekintzak hamaika diren arren, bereziki hiru kultura espaziok hartuko dute protagonismoa 2023an zehar Bizkaian. Batetik, Bermeoko Arrantzale Museoak 75 urte beteko ditu aurten. Urteurrena ospatzeko, Benito Barrueta Asteinza margolari bermeotarraren obra grafikoa erakutsiko dute han apiriletik abuztura. Bilboko Rekalde aretoa, bestalde, hausnarketa prozesu baten ostean, berritu egingo dute. Aldaketa fisikoa izateaz gain, aurreratu dute aurten egingo diren obrak bukatuta, etorkizunean sarrera berria izango duela Iparragirre kaletik. Euskararen Etxea ere azpimarratu nahi izan dute. Lanen ondoren, ateak berriro irekiko ditu, erakusketa eta programazio berrituarekin. Hiru espazio horiez gain, beste zortzitan izango diren egitasmoak azpimarratu dituzte agerraldian.

Rekalde_aretoa

ARKEOLOGIA MUSEOA

Bilboko Arkeologia museoak, aurten, zazpi erakusketa eskainiko ditu: batzuk formatu handikoak eta beste batzuk txikiagoak. Formatu handikoen artean, adibidez, ekainetik 2024ko urtarrilera, Megalitoak: eremu sakratuak eta lurralde-erreferenteak erakusketa izango dute, jasota dagoen lehen arkitekturari buruzkoa.

Bestalde, Amorotoko Abittaga haitzuloko fusil karlista uztaila bitarte ikusi ahalko da, eta Barrikako Lastarriko aurpegi bikoa , apirilera bitarte. Halaber, museoak arkeologia topaketekin eta ondare ibilbideekin jarraituko du. Irailaren 15erako eta 16rako, Galdamesko Arenazako kobazulorako ibilbidea antolatu dute, Museo eta Aztarnategi Arkeologikoen Sarearen Eguna dela eta.

SANTIMAMIÑE

Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zituen Urdaibaiko biosfera erreserban dauden kobazuloak. Bizkaiko Foru Aldundiak erakusketa berezi bat antolatu du Santimamiñen, haren ibilbide guztia jasoz eta 1918. urtean hango indusketak hasi zirenetik indusketa horien ondorioz bildutako elementu guztien berri emanaz. Ekaina eta abendua bitartean ikusi ahalko da. Horrez gain, urte osoko egun guztietan eskaintzen dira bisita gidatuak kobazulora, neguko astelehenetan izan ezik.

EUSKAL HERRIA MUSEOA

Makina bat erakusketa ipiniko dute Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan. Horien artean bitxiena da Palindromoak: Markos Gimeno, Autore Erotua. Joseba Sarrionandia idazlearen eta Esteban Montorio diseinatzaileek ondu dute. Arduradunen esanetan, apustu kurioso, original eta arriskatua da puntu batean, baina egoki eta erakargarria, era berean.

Ondarea Berbetan egitasmoan, uztailean eta abuztuan, museoko lorategian, literatura eta kultura ondarea uztartuz euskaraz mintzatzeko aukera egongo da. Horrez gain, Euskal Herria museoaren atzeko aldean dagoen Europako Herrien parkean ohikoak diren bisita gidatu botaniko edota ornitologikoekin jarraituko dute.

LA ENCARTADA MUSEOA

Balmasedako La Encartada fabrika museoa erreferentziagunea da Europa osoan, kontserbazio eta ondare industrial gisa. Urte osoan Berritu programarekin segituko dute, makinek funtzionatzen jarraitu eta ekoitzi ahal izateko. Halaber, azaroko larunbatetan erakustaldiak egingo dituzte martxan dauden elementuak gertutik ikusi ahal izateko.

Bi argitalpen ere atera dituzte aurten La Encartada museoari lotuta: Istorioak ehuntzen. Kadagua haraneko ehungintzako emakume langileen lekukotzak eta Etxetik (ez) ibiltzeko lanak. Genero-ikuspegiak industria-ondarerako.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

TXAKOLINGUNEA

Txakolinguneak lau erakusketa eskainiko ditu Bizkaiko kostaldean: Bakion, zehazki. Hasteko, martxoa bitarte, prentsako antzinako iragarkiei buruzkoa. Bigarrenik, martxotik ekainera, Eulalia Abaitua bilbotar argazkilariaren ingurukoa. Hirugarrena, uztailetik irailera, Bakioko margozaleei eskainia. Eta, azkena, urritik aurrera, euskal mendizaletasunaren historiako gertaera gogoangarrienak biltzen dituen Mendian Gora. Horrez gain, ohikoak dituen familia eta umeentzako tailerrek zein ekintzek betiko programa osatuko dute.

Txakolina eta komikia uztartzen dituen Txakomic programarekin ere jarraituko dute. Programari lotuta kaleratu dituzte, hain zuzen, Istorioak txakolinarekin eta Txakomic: Txakolinaren historia argitalpenak.

EL POBALEKO BURDINOLA

Bizkaian martxan dagoen burdinola bakarra Muskizen dago: El Pobalekoa. Leku magiko eta erakargarri gisa deskribatu izan da bertan erakusten dena. Larunbatetako erakustaldiak egiten jarraituko dute aurten, burdinolaren funtzionamendua osotasunean erakutsiz. Besteak beste, museoan lanean ikus daitezke gabia edota harrizko hauspo bereziak.

Horrekin batera, apirila bitarte, ikusgai egongo da haize orratzei buruzko Denboraren seinaleak erakusketa. Era berean, ondarea ezagutzeko ibilbideak ere antolatu dituzte. Gai eta formatu ezberdinetan eskainiko dira, denak ere burdinaren inguruan.

MUÑATONES GAZTELUA

Muskizko Muñatones gazteluan bisita gidatuen programek jarraituko dute. Aurten erakusketa taula berria egongo da ikusgai: 1917. urtean Pablo Uranga margolariak egin zuen mihise baten kopia, hain zuzen.

Bisita orokorrez gain, maiatzean, Erdi Aroko moda ezagutu ahalko da, bisita eta ekintza ezberdinen bitartez. Ekainean, bestalde, Erdi Aroko zaldunen borrokarako armak eta teknikak erakutsiko dituzte. Azaroan, Matxin Eguna ospatzeko San Martin. Dorre, portu eta baseliza bisita gidatu tematikoa izango da ekintza nagusia.

ONDARE ARETOA

Hiru erakusketa hartuko ditu Bilboko Ondare aretoak. Batetik, Jose Manuel Rozas margolari eta eskultorearen ibilbidea jasoko duen erakusketa. Bestetik, zinema aretoei buruzko erakusketa bat: Bilbon izan ziren zinema aretoen arkitektura jasoko duen erakusketa izango da, hain zuzen. Eta, hirugarrenik, Ricardo Toja margolariaren erakusketa geografiko-biografikoan berrogei obra adierazgarri erakutsiko dira.