Arrantzan ez beste guztia egiten dutenak

Arrantzan ez beste guztia egiten dutenak

Ibai Maruri Bilbao

Arrantzalea gizonezko irudikatzen dugu, baina zer izango litzateke arrantza emakume barik?”. Labayru fundaziak ondu duen Geu be bagara itsasoa argitalpenak egindako galdera da, eta erantzuna ere argia da: beharrezkoak direla emakumeak. “Arrantzan egitea tarteko pausoa da. Itsasoratu aurretik emakumeek prestatzen dituzte gizonezkoek behar dituztenak. Arrantzan egiteko sareak ere andrezkoek egin eta konpondu izan dituzte. Eta zer esanik ez behin itsasontzia portura etorritakoan”, azaldu du Akaitze Kamiruaga Labayru fundazioko zuzendariorde eta Herri Ondare arloko arduradunak. Hark gidatu du proiektua ere: liburu batek eta hamabi ikus-entzunezkok osatzen dute. Joan den barikuan egin zuten aurkezpena, Bilboko Itsasmuseumen, elkarrizketatu dituzten hainbat andrek lagunduta.

Kamiruaga Bermeoko, Lekeitioko, Ondarroako eta Santurtziko portuetan ibili da lekukotzak jasotzen. Itsasoari lotutako zenbait lanbidetan ibili izan diren eta oraindik ere badabiltzan hiru belaunalditako hogei emakume elkarrizketatu ditu. “Haien testigantzak eta bizipenak dira lan honen oinarria eta iturria. Haien ahotik ikusiko dugu arrantzaren sektoreak izan duen bilakaera, puri-purian egon zenetik gaur eguneko egoerara heldu arte”. Lanbide batzuk galdu dira: dei egitekoak eta txirlerak aipatu ditu Kamiruagak. Beste batzuk desagertzeko arriskuan daude. Esaterako, Ondarroan dagoeneko ez dago sare konpontzailerik. Guruzne Badiola izan da azkenetakoa; duela hiru urte hartu zuen erretiroa. Barikuko aurkezpenean hitza hartu zuen, eta kontatu zuen bere familian laugarren belaunaldia izan dela, baina ez duela jarraipenik izan. Lekeition sare konpontzaile bakarra dabil egun, eta Bermeon bost geratzen dira.

Bizitza osoa

“Gazte-gazte hasi ginen. Ertainera ailegatu ginen. Helduak izan ginen. Eta ja nagusiak gara. 51 urte handi egin ditugu beharrean, gau eta egun, hotzetan, bustita, berotasunean, kalean, moila kontran, txalupetan… Itsasora joatea bakarrik falta izan zaigu”, adierazi zuen Badiolak ekitaldian. Hainbatetan eman zion negarrari, bizitza osoan egindako lanaren aitortzak sortutako emozioari eutsi ezinik.

Haren esanetan, “beti” egon dira “gizonen atzean”, baina “gizonek beste edo gehiago” egin dute lan, eta uste du “beti ondo tratatu” izan dituztela: “Ez digute sekula errespeturik galdu”. 24 orduz egiten dute lan: “Itsasontziak etortzen ziren momentutik, irten arte; beti dena prestatzen. Arraina saldu, eroan, traina konpondu, bodegan lan egin dutenak…”.

Atzera begiratu, eta Badiolari harrigarria egiten zaio zelan egin ahal izan duten lan hori guztia. “Gure baxur ako beharra kanpainetakoa izan da. Lehenengo, berdela etortzen da, hiru hilabete, jo eta errementatu. Gero, antxoa etortzen da; gero, atuna; eta gero, sardina. Gau eta egun beharrean, moila gainean, traina konpontzen, arraina pisatzen, kalean, hotza edo euria egon. Zelan egin ditugu guk egunean 14-16 ordu lan, eta egunean hamar gauza egitera ailegatu?”.

Kamiruagaren esanetan, emakume horiek gordetzen dute belaunaldiz belaunaldi beste andre batzuengandik jaso duten jakituria, lanak egiteko modua, arlo ezberdinei buruzko lexiko zehatza eta aberatsa. “Haietako bakoitzak bere herriko euskararen musika eta azento bereziagaz hain polito kontatzen du”.

Liburua erosi gura izanez gero, jo webgune honetara: Labayru.eus/denda/