Alferrak gara?

Hasteko, gustatuko litzaidake artikulu hau irakurtzen duzuen guztiok zuen buruari honakoa galdetzea: zenbat aldiz huts egin duzue lanera egun libre bat hartzeko, enpresari iruzur eginez? Eta, orain, beste hau: zenbat aldiz joan zarete lanera minez, gaixorik edo lesionatuta? Erantzunak dena esaten du.

Alferrak garela leporatzen digute. Adecco giza baliabideen agentziaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa laneko absentismoaren zerrendaren buruan dago. Adeccoren txosteneko datuak dira hauek: “Autonomia erkidegoko kaltetuenak EAE (%9,8ko absentismo tasa) eta Nafarroa (%8,1) dira. Gainera, arreta aldi baterako ezintasunagatiko absentismoari dagokionez, gehien kaltetutako autonomia erkidegoak EAE (%7,4) eta Nafarroa (%6,2) dira”.

Baina zer da, haien ustez, absentismoa? Txostena zehatzago irakurriz gero, ikusiko duzue Adecco enpresarentzat laneko absentismoa direla gaixoaldiagatiko baimen medikoak, amatasun baimenak eta aparteko orduak itzultzea. Hau da, Adeccoren ustez, laneko absentismoa hitzez hitz da “noizbehinkako arrazoiengatik lan egin gabeko orduen multzoa”, nahiz eta erabat justifikatuta egon eta oso-osoan legezkoak izan.

Zifra engainagarri horiek patronalaren diskurtsoa legitimatzen dute, juridikoki babestutako eta gizarteak onartutako eskubideen aurka, hala nola gaixotasunagatiko edo amatasunagatiko bajen aurka. Horren jakitun izanik ere, Virginia Mugika Confebask patronalaren arlo juridiko laboraleko zuzendariak ziurtatu du enpresen lehiakortasunean “benetako traba” dela absentismoa. “Benetako buruhaustea da absentismo horrek dakarrena, zuzeneko eta zeharkako kostuagatik, baina baita produkzio-dinamikak aldatzen dituzten egoera horien kudeaketagatik ere”, gaineratu du. Horrelako adierazpenen aurrean, geure buruari galdetu besterik ezin dugu egin ea uste duten langileak bere osasunaren gainetik jarri behar duela lanpostua. Nire ustez, erantzuna argi dago, batzuen ustez gutxi batzuen onurak horiek ekoizten dituen langilearen bizitzaren gainetik daudela.

Mundu lehiakor batean, ez gaitezen bere jokoan erori eta solidarioak izan gaitezen. Lankide bat gaixotzen bada eta lanera bada, ez dezagun haren jokabidea goraipatu eta bidal dezagun etxera. Harengatik ez bada, pertsona guztien atseden eta osasunerako eskubidea defendatzeagatik.

Gainera, Adeccoren orri nagusian (Adecco.es) sartuz gero, agerian geratzen dira enpresaren asmoak laneko absentismoa terminoa erabiltzen duenean. Hiru arrazoi bereizten baitira: justifikatuak, justifikatu gabeak eta aurrez aurrekoak. Azken termino horren barruan sartzen da “langilea bere lanpostura joaten denean, baina dagozkion zereginak betetzen ez dituenean edo erregulartasunez berandu iristen denean”. Beraz, haien arabera, zure lanpostuan egonda ere egin dezakezu absentismoa.

Ez gaitzatela engainatu, eta babes dezagun laneko absentismoa eskubide batzuen erreibindikazio gisa, sindikatuek babestuta, borrokaren bidez irabazi ditugulako. Izan gaitezen alferrak.