Historia kontatzeko manera

Historia kontatzeko manera

Zihara Jainaga Larrinaga

Euskal komikiaren historia, batez ere, bere autoreen historia da. Historian zehar argitaletxeak eta aldizkariak egon izan dira, baina beti nabarmendu da autoreek adierazteko zuten borondatea. Hala, Euskal Komikia erakusketan zein liburuan horri erreparatu nahi izan diote Kike Infame eta Mikel Begoña egileek: “Garai bakoitzean, autoreak beren istorioak kontatzeko zituzten aukeretara egokitu dira. Euskal komikiaren historia kontatzean, nolabait ere, gure historia kontatzen ari gara”.

Erakusketari dagokionez, testuz eta irudiz beteriko 30 paneletan, egile, aldizkari zein argitaletxe garrantzitsuenak bildu dituzte. Garaika sailkatuta, erakusketari komiki itxura eman nahi izan diote, eta, panel bakoitza bineta bat balitz bezala antolatuz, istorio bat sortu dute Begoñak eta Infamek komisario ardurapean. “Ikuspegi asko eman dakizkioke komikiaren historiari, baina guk, batez ere, formatuari eman diogu garrantzia”, adierazi dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, Ibiltari programaren barnean dagoen euskal komikigintzaren historiari buruzko erakusketa da Komikia: euskal komikia 1975etik. Duela zenbait urte abiatu zuten egitasmoa, eta Ugaoko Jane jauregian egin du geldialdia oraingoan. Hantxe ikusi ahalko da datorren ostirala bitarte. Halaber, azken egunerako bisita gidatu bat antolatu dute komisarioekin. Otsailaren 3an, 17:30ean, bisita gidatuan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, hain zuzen. Horrez gain, erakusketaren aitzakian, bestelako ekintza batzuk ere antolatu dituzte. Ludotekan, esaterako: Zer da komiki bat erakusketa osagarria dago ikusgai, eta bihar, hilak 28, Nola egiten da komiki bat? tailerra antolatu du Miratxo Klubak, Jane jauregian, 17:00etan.

Erakusketa 1975. urtean hasten da. Sinbolikoa da data. Komisarioek aipatu dutenez, “zehatz-mehatz, ez da urte horretan Franco hil zelako”, baina euskaraz egiten den komikigintza urte horren inguruan hasi zen indarra hartzen. Badaude aurretik eginiko lan batzuk, baina, batik bat, 1977tik aurrera sortu ziren ume eta helduen aldizkariak. Ordutik bi joera nabarmendu izan dira euskal komikigintzan: euskarazkoa eta gazteleraz egin dena. Begoñaren esanetan, Ipar Euskal Herrian ez da asko argitaratu; gehiena Hego Euskal Herrian izan da. “Zabaldu nahi den faltsukeria bat dago. Esaten da Euskal Herrian ez dagoela kalitatezko komikirik, eta uste dut ez dagoela nahikoa azterketa gure lana ezagutzeko”, salatu du Infamek.

Urrezko aroak

Lehen komikiak argitaratzen hasi aurretik, Zeruko Argia aldizkarian argitaraturiko binetetan eta Panpin izeneko ume aldizkarian zeukan soilik komikiak presentzia. Ordutik aurrera sortu ziren Ipurbeltz eta Kili-Kili. Halaber, fanzineak ere sortu ziren. Lehen aro horretan, Antton Olariaga nabarmendu zen. Ipurbeltz sortzeko beharra ikusi zutenetako bat izan zen hura, hain zuzen. Euskara ikasteko baliabide gisa erabiltzen ziren Ipurbeltz-en argitaraturiko komikiak. Euskara batua eta kaleko euskara uztartzen zituen, hain zuzen. Kili-kili-k, berriz, euskalkien bidea hautatu zuen. “Gaur egun ez dakit bizkaierazko komiki batek halako oihartzuna izango lukeen”, azaldu du Begoñak.

Helduentzako komikigintzaren gorakada betean, Habeko Mik ere euskara ikasteko komiki gisa jaio zen. Argitalpen hartan, ondoren funtsezkoak izan diren autoreak hasi ziren euren lanak argitaratzen; Gregorio Moro Harriet, adibidez, han hasi zen. Gerora, hainbat marrazkilarirekin eginiko lanean, Europara jauzi egitea lortu zuen, eta ospe handia izan zuten zenbait lan argitaratu zituen. Urte askoan baztertuta egon zen, eta, XXI. mendean, 1980ko hamarkadatik ezagutzen ez zen mugimendu bat antzeman zuenean, komikiaren mundura itzuli zen. Editore gisa berreskuratzen hasi zen bere lanak, eta, ondoren, beste autore batzuen lanak editatu zituen.

1980ko hamarkada izan zen euskal komikigintzaren urrezko aroa. Alta, Infamek eta Begoñak azpimarratu dute gaur egun ere oso garai onean dagoela: “Azken urteetan asko argitaratzen da: nobela grafikoa, eta europarra, klasikoa. Irakurleentzat pagotxa da hainbeste argitalpen izatea”. Joan den urtean, esaterako, 50 liburu baino gehiago argitaratu zituzten. Halaber, nabarmendu dute egungo komikigintza askotarikoa dela. “1980ko hamarkadan, mugimendu handia zegoen kalean, eta, orain, eleberri grafikoarekin, era guztietako gaiak argitaratzen dira”. Ipurbeltz eta Habeko Mik-en oinordeko gisa jaio zen Dani Fanok sorturiko Xabiroi, 2005ean. Ikastolen Elkartearen enkarguz egin zuen, eta egun nahiko finkatua dagoen ekosistema bat sortu zuen, komisarioen esanetan. Infamek eta Begoñak diotenez, egungo garaia interesgarriagoa da aurrekoekin alderatuz. “Ezberdina bai, behintzat”. Prozesu honetan, adibidez, Komikipedia eta halako ekinaldiak ere sortu dira.

EUSKAL KOMIKIA

Hala ere, autoreek jarraitu izan dute urte hauetan guztietan lanak osatzen; fanzineak, adibidez, garai guztietan izan dira. Kontatzeko gogoz egindako aldizkariak dira fanzineak, eta interesa badagoela erakusteko termometrotzat hartu izan dira. Napartheid adibide garrantzitsua izan zen. Hasieran fanzine bat izan arren, indarra hartu eta Euskal Herri osora zabaldu zen. Hamabost urtez argitaratu zuten.

1990eko hamarkadan, berriz, komikigileek ez zuten ia lanerako aukerarik. Zenbaitek beren lekua bilatu behar izan zuten nazioarteko merkatuan; hala nola, Ipar Amerikan, Anjel Unzueta zarauztarrak eta Juan Luis Landak bezala. Landak Irati komikia argitaratu zuen garai hartan, duela gutxi Paul Urkijok pantaila handira eramandako lana. Eta Toti Martinez de Lezearen Nur ipuin bilduma ezaguneko ilustrazioak ere egin zituen, besteak beste.

Galtzeko arriskurik gabe

Formatuari dagokionez, 1980ko hamarkadan aldizkariak ziren nagusi; gerora, albumak iritsi ziren, eta, 1990eko hamarkadan, irakurleek nahiago zuten fanzineak irakurri. XX. mendearen hasieran, berriz, liburuki bildumak nagusitu ziren. Nobela grafikoak liburuki bakarrean hasi eta bukatzen ziren istorioak ekarri zituen.

EUSKAL KOMIKIA

Mundu mailan egon zen aldaketa baten ardatza izan zen nobela grafikoa. Komiki tradizionalak behera egin zuen XX. mendearen bukaeran, baina garai horretan Frantzian, adibidez, egile eta ikuspegi berriak agertu ziren. Nobela grafikoa, azken finean, egile berrien eraginez sortu zen. Gaiak tratatzeko modua ere aldatu zen. Fikzioaz gain, gai autobiografikoak ugaritu ziren. Ordura arte umeentzat zena beste publiko batera iritsi zen. Ondorioz, komikiak umeen arreta galdu zuen XXI. mendearen hasieran.

Urteekin, baina, argi gelditu da publiko gaztea beharrezkoa dela. Joan den urtean, esaterako, Harrietek lehen euskal manga argitaratu zuen, eta gazteen artean arrakasta handia izan du. Hortaz, egun euskal komikiak publiko guztiarentzako aukerak eskaintzen ditu. Iñaki Martiarena Mattin, Olariaga eta halako autore klasikoek jarraitzen dute lanean, eta egile berri asko agertu dira. Olariagak 40 urtetik gora daramatza Zakilixut argitaratzen —Egunkaria-n, BERRIA-n…—.

Euskal komikigintzaren historia ikertzen 2011n hasi zen Begoña; blog bat sortu zuen. Aitortu du ez dela iritsi ordutik gaurdaino argitaratu den guztia biltzera. “Eguneko 24 orduak beharko nituzke horretarako; gauza asko dago komentatzeko”. Hain zuzen, harrobi handi bat dago Euskal Herrian, egile eta marrazkilari ugari, eta harrobi hori erakutsi eta sustatzea da Euskal komikia erakusketaren helburu nagusietakoa. Erakusketak hainbat herri igaro ditu, eta, komisarioen ustetan, badago euskal komikia ezagutzeko interesa. “Hasi ginenetik, etengabe aritu gara lanean, etengabe hazi baita kontatzen duguna”. Kalitatea duela esateko modu bat da Euskal Komikia erakusketa.

EUSKAL KOMIKIA